Gaur hasiko da Korrika Amurrion

Amurriotik abiatuko da gaur 22. Korrika eta  Donostian amaituko da apirilaren 10ean. 2.500 kilometroko korrikaldia Hitzekin lelopean egingo da, eta antolatzaileek ekintzara pasatzeko aldarria zabaldu dute.

“Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak.

Beraz, ohar zaitez badugunaz, bagarenaz eta izango garenaz. Hitza emana duzu; orain, egin jauzi ekintzara. Euskara ahoan izan behar dugu herritarrok, elkarteek, erakundeek… Bada ekiteko ordua”.

Apirilaren 6an pasatuko da Korrika Bilbotik, eta Euskararen Etxeak eta bertako Lantoki Koperatiboko gunean ari diren eragileek Deustuko zubiaren azpian dagoen Botikazar BHI zentroan hartuko dute lekukoa, 19:55ak aldera.

Aurten, halaber, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo hirukote ezaguna omenduko du Korrikak: “34 urteko ibilbidea egin dutelako euskal munduan, eta, are garrantzitsuago, euskaraz; eta eragileak direlako, orainaldiari eta etorkizunari begira daudenak. 1987an EKIN zioten, haiei esker askok EKIN diogu, eta datozen belaunaldiek ere EKINgo diote. Haiek transmisioa goitik behera (guraso-ume) eta behetik gora (ume-guraso) landu dute; haiek, beren HITZEKIN, euskarari EKIN zioten, eta eutsi egin diote”.

Horrekin batera, hainbat jardueraz osatutako Korrika Kulturala egitaraua ere ondu dute antolatzaileek.  Azkenik, Korrika zuzenean jarraitu ahal izango da hemendik.

Euskararen Etxea irekita egongo da Aste Santuan, eta jarduera bereziak eskainiko ditu ume, familia, heldu eta aisialdiko taldeentzat

Apirilaren 11tik 23ra Euskararen Etxea irekita egongo da. Hori dela eta, jardueren eskaintza berezia ondu da.

Hala, Euskararen Interpretazio Zentroko erakusketa bisitatzeko ohiko aukeraz gainera, haurrentzako, familientzako eta helduentzako jarduerak izango dira.

Heldu eta gazteentzat:

  • Euskararen Interpretazio Zentroa

Euskararen historiari eta egoerari buruzko informazio interesgarri bezain baliagarria jasotzen da zentroan. Euskararen bidaia irudikatzen duen tren geltoki bat da. Bertan, modu atsegin eta erakargarrian euskarari buruzko zehaztasunak ezagutzeko aukera dago.

Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez edota frantsesez bisita daiteke eta doako bisita gidatuak eskaintzen dira. Bakarka edota taldean bisita daiteke.

Astelehenetik larunbatera: 10:00 – 14:00 eta 16:00 – 19:00

  • Euskal Alien Nazioa ihes-gela

Heldu eta gazteentzako ekimena da: “Euskal Alien Nazioa” ihes-gelan euskarari lotutako zientzia fikziozko misterioa askatu beharko duzue aretotik atera ahal izateko. Erronkari heltzeko prest?

Arratsaldez eskainiko da; bi txanda izango dira: 16:15 – 17:15 eta 17:45 – 18:45

Ume, familia, kuadrilla eta aisialdi taldeentzat:

  • Hostopostoak

Familiak, kuadrillak edo aisialdiko taldeak lau eta hamar urte bitarteko umeekin etortzeko proposamen dibertigarri bezain hezigarria da Hostopostoak. Ekimenaren helburua euskaraz eta familian jolastea da. Horretarako, mahai-jolas erraldoi batez baliatuko gara. Gauza berriak ikasi, jende berria ezagutu eta euskarara gehiago gerturatzeko aukera bikaina da hau.

Goizez eskainiko da; hiru txanda: 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan.

OHARRA: Apirilaren 17an eta 18an, Euskararen Etxea itxita egongo da.

Informazio gehiago: www.euskararenetxea.eus

Juan Luis Zabalak poema liburu berria aurkeztu du

Juan Luis Zabala idazle azkoitiarrak Mina hartzeko ere izenburuko poema liburua aurkeztuko du astelehenean, apirilak 4, DonostiakoKonstituzio plazako liburutegiko 2. solairuko aretoan.

Susa argitaletxearen arabera, “umetako jolastokira itzultzea eta hizkuntzaren adarkatzeetan jostatzea. Onenak emanda egon zaitezkeela antzematearekin batera eraldatzen hasten den begirada eta eguneroko esan arruntenen atzealdean azterka egitea. Orain maitasunaren gozotik, orain oinazearen garratzetik, ironiaren argiz bildu ditu Juan Luis Zabalak poema liburu honetako aleak”.

Narrazioak, eleberriak eta haur eta gazte literaturako lanak idatzi ditu Zabalak gehienbat. Izan ere, Mina hartzeko ere bere bigarren poema liburua da; aurretik, Hautsia natza (2000, Euskaltzaindia BBK) poemategia plazaratu zuen.

Xabi Bordak “Urtu aurretik” poema liburua plazaratuko du

Xabier Borda Alberdi idazle azpeitiarrak Urtu aurretik poema liburua aurkeztuko du astelehenean, martxoak 21, Donostiako Konstituzio plazako Udal Liburutegiko 2. Solairuan, 12:00etatik aurrera.

Susa argitaletxearen arabera, hauxe da liburuaren sinopsia: “Hazita datoz urak Xabi Bordaren hirugarren poema liburuan. Hego haizea dabil Ipar Poloan eta mehetuz doa azken glaziarra. Minutuak kanilan behera tantaka, eta, harekin, tripaz gora arrainak, egarriz hildako dromedarioa, langabezian geratu den laguna, oporren hasiera eguna, ezusteko bisitak eta eklipse intimoak. Dena urpean geratu aurretik, gal daiteeken guztiaren esploratzaile dabil poeta”.

Bordak beste bi poesia liburu argitaratu ditu, biak ala biak Susa argitaratzailearen bidez: Birika zatiak (2004, Susa) eta Gulliverren lokarriak (2009, Elkar). Horrekin batera, Munduko poesia kaierak bildumako Seamus Heaney autorearen antologia itzuli du, 2017an.

Señora Sariketaren bigarren edizioa maiatzean eta ekainean egingo da

Emakume bertsolarien, antolatzaile feministen eta emakume bertsozaleen arteko sarea indartzeko asmoarekin eratuta Señora Sariketaren @senorasariketa bi kanporaketak maiatzaren 14an eta 21ean egingo dira, eta finala, berriz, ekainaren 4an.

Iaz burutu zen lehenengo edizioa, eta Amaia Agirrek jantzi zuen “pamela”; beraz, aurtengoa bigarren edizioa izango da.

Maider Arregi bertsolari oñatiarra da sariketaren antolatzaileetako bat, eta hauxe azaldu zuen iaz Bertsoa.eus webgunean lehenengo edizioaren harira: “txantxa moduan sortu zen (Señora izena). (…) espontaneoki bururatu zitzaigun, beste sariketa batzuen testuinguruan. Gero, ordea, ikusi genuen aldarrikatu daitekeen kontzeptua dela. Definitzeko zaila da: zer da señora bat? baina, aldi berean, denok ulertzen dugu zer den eta zerikusia dauka emakume indartsua eta ahaldundua izatearekin. Hori aldarrikatu nahi dugu”.

Haur Literaturako Mikel Zarate XII. Saria abian da

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak ondutako Haur Literaturako Mikel Zarate XII. Sarian lanak aurkezteko epea zabalik dago.

Lanak hartzeko azken eguna maiatzaren 31a izango da. Epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna, aldiz, 2022ko ekainaren 30a izango da.

Epaimahaia idazle hauek osatuko dute: Leire Bilbao Barruetabeña, Maribel Aiertza Rementeria eta Xabier Mendiguren Elizegi.

Saria, berriz, bakarra izango da: 3.000 eurokoa (zenbateko gordina).

Informazio gehiago:

Lezamako Udala: liburutegia@lezama.org edo 944556126

Elkar argitaletxea: liburuak@elkar.eus  edo 943310267

Goroldio punk-rock egitasmo berriak estreinako lana plazaratu du

Baztan eta Bidasoa aldeko musikariek, besteak beste, Kaskezur, More eta Tumatxak bandetan ibilitakoek, Goroldio eratu dute. Kaliforniako kostaldean loratutako punk-rocketik edaten du laukotearen proposamenak.

Bada, Pumar (bateria), Imanol (baxua eta koroak), Naxara (ahotsa eta gitarra) eta Iturriak (ahotsa eta gitarra) Briofito izenburuko lan autoekoitzia plazaratu dute. Taldearen arabera, “ziztu bizian doazen gitarra distortsionatu eta ahots koroak nahasten dituena”.

Diskoak dozena bat kantu biltzen ditu, Berako Atala estudioetan jasoak Iñigo Irazokiren gidaritzapean, 2021. urteko udazkenean. Laster, kantuok aurkezten hasiko dira zuzenean.

W. G. Sebald-en “Austerlitz” plazaratu du Igela argitaletxeak

Idoia Santamaría Urkaregiak ekarri du euskarara W. G. Sebald idazlearen Austerlitz liburura. Gibelsolasa ostera, Jose Sarrionaindiak idatzi du. W. G. Sebald alemaniar idazlearen eleberria da Austerlitz, 2001ean argitaratua. Bertan, iraganik, aberririk eta hizkuntzarik gabeko gizon baten istorioa kontatzen da, leku guztietan arrotz sentitzen dena.

 “Jacques Austerlitzek ez daki nor den. Haurra zela ostu zioten identitatea. Narratzaileak Anbereseko tren geltokian topatu, eta, liluratuta, hamarkada luzez lagunduko du bere jatorria ezagutzeko bidean”, azaldu du Igela argitaratzaileak sinopsian.

“Austerlitz gure mendeak eman duen liburu originalenetariko bat da. Ezin besarkatuzko topografia bat, memoria eta Historia elkarrekin lotu eta Europak XX. mendean jasandako itxaropen eta basakeriak ahots argiz jasotzen dituena”, gehitu du.

Thomas Mannen estiloa gogorarazten duten esaldi luze eta konplexuekin jositako eleberria da. Europaren historian barrena egindako bidaia da, kapitalismotik eta industrializaziotik abiatuta, XX. mendeko hondamendietan geldituz, juduen jazarpen eta exodoan, hain justu.

“Sastraka/Maleza” diziplina anitzeko artefaktua aurkeztuko du Erein argitaletxeak

Erein argitaletxeak Sastraka/Maleza egitasmoa aurkeztuko du martxoaren 10ean, Donostian. Bertan, lau sortzailek parte hartu dute: Pello Lizarralde idazlea, Imanol Ubeda (Don Inorrez) musikaria, Jose Ignacio Agorreta argazkilaria eta Imanol Rayo zinegile eta argazkilaria.

Argitaratzailearen arabera, “horren guztiaren sorreran Pello Lizarraldek Jose Ignacio Agorreta margolariari bidali zion testu bat dago; oinarri bera hartuta, handik gutxira, Imanol Ubeda musikariak hamabi kanta ondu zituen, eta Imanol Rayo zinemagileak argazki bilduma”.

Egitasmoak bi formatu izango ditu: batetik, martxoaren 10ean aurkeztuko duten liburua, zeinak “egindako lan guztia jasotzen du: testua, margolanak, diskoa, argazkiak eta argazki horiei laguntzeko sartutako soinuak”; bestetik, erakusketa bat ere izango da, “testu honetatik abiatuta sortu den guztia Iruñean, Gasteizen eta Donostian egongo da ikusgai 2022. urte honetan zehar. Eta Bilbon, 2023. urte hasieran. Inaugurazio egunetan Imanol Ubedak eta Don Inorrezek kontzertua eskainiko dute egitasmo honetarako egindako kantak aurkezteko”.

Informazio gehiago, hemen.