Poltsiko Antzerkiaren alorrean euskarazko
sorkuntzak sustatzeko XIII. deialdia abiatu du Donostiako Udalak. Egitasmoak
aurkezteko epea 2022ko uztailaren 4an hasiko da eta irailaren 16an amaituko da.
Bi egitasmo aukeratuko dira: irabazleak 1.500 euro jasoko ditu;
finalistak, berriz, 1.200 euro. Saritutako lanak hurrengo Poltsiko Antzerki
Jaialdiaren barruan estreinatzeko eta antzezteko konpromisoa hartuko dute
irabazleek eta finalistek (4 emanaldi bakoitzak).
“Proiektu irabazleak 2.500 € jasoko ditu
(gordinak eta zergak barne) Poltsiko Antzerki Jaialdian egin beharreko lau
emanaldien truke. Finalistak 2.000 € (gordinak eta zergak barne) jasoko ditu.
Gainera, sormen-proiektuak gauzatzeko, kultur etxeek abenduan zehar espazioak
utziko dituzte aukeratutako antzezlanak muntatzeko”.
Poltsiko
Antzerkiaren Jaialdia formatu txiki eta ertaineko
antzerki-ikuskizunen erakustaldia da, eta urtero egiten da Donostiako
auzoetako taberna eta lokaletan.
Euskararen Etxeak ondu ohi
duen Hi(ZKI)bridoak kultur egitarauaren hirugarren edizioa irailaren 22an
hasiko da Petti musikariak eta Ana Galarraga zientzia-komunikatzaileak aurkeztuko duten
Frankenstein agurgarria
ikuskizunarekin. Emanaldia 19:00etan abiatuko da, eta Bilboko Berreginen
Museoan egingo da, Euskararen Etxean izango diren obrak tarteko.
Frankenstein agurgarria Victor
Frankensteini zuzendutako gutun baten irakurketa da. Ana Galarraga zientzia-komunikatziale eta
kulturzaleak sortu du testua, eta hainbat arlo biltzen ditu, besteak beste, zientifikoa, etikoa, feminista eta literarioa.
Petti musikariaren laguntzarekin errezitatzen du testua.
“Orain dela 200 urte baino gehiago idatzi zuen, garai oso nahasian, eta paralelismo handia dauka, gauza askotan, garai hark gaur egungo giroarekin eta kezkekin, esaterako: gizateriari buruzko kezkak, beldurrak, autoritarismoa, ingurumena, zientziaren aurrerapenek sortzen dituzten zalantza etikoak… Horiek guztiak Mary Shelleyren garaian bazeuden, liburuan ondo jasota daudenak, baina gaur egun kezka horiek gure gizartean ere badaude; hortaz, ikuskizunarekin dugun helburua, batetik, liburuaren izpiritua gaurkotzea da, Victor Frankenstein pertsonaiarekin eta gutun bidez kontatuz, eta, bide batez Mary Shelleyren figura eta lana aldarrikatzea eta lehen planora ekartzea ere bai”, dio Ana Galarragak iragan apirilean goiena.eus webgunean argitaratutako elkarrizketa batean.
Bere garaian euskaldunon artean sekulako arrakasta erdietsi zuen lehiaketa udazken honetan itzuliko da ETB1era, hain justu, irailean, eraberrituta baina orduko esentzia mantenduz.
“Euskaldunontzat erreferente bilakatu zen
lehiaketa udazken honetan itzuliko da ETB1era, eraberrituta baina orduko arima
galdu gabe”, iragarri du EITBk.
Orio Produkzioak ekoiztetxeak egingo du saioa, eta ETBko programazio berriarekin batera estreinatuko da Mihiluze lehiaketa udaren ondotik. Astelehenetik ostegunera ikusi ahal izango da, 21:30etik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.
“Ehundaka izan ziren Mihiluze saioan parte hartu zuten lehiakideak eta sekulakoa izan zen euskaldunongan utzi zuen arrastoa. Tribuaren berbak, Imintzioka, Esamesak… bezalako proba ezagunak ikusiko ditugu berriz, baina guztiz eraberrituak. Lehiaketa entretenitua, jostaria eta umoretsua izango da; ondo pasatzeaz gain, irribarre batekin ikusteko moduko saioa. Edonola ere, tentsioa ez da faltako, batez ere saioak aurrera egin eta zakua irabazteko aukerak handitu ahala”.
Lehiaketan parte hartzeko, mihiluze@orioprodukzioak.eus helbidean edo 660991766 telefono zenbakian edo WhatsAppean eman beharko da izena. Lehiakideak aukeratzeko castingak udan hasiko dira.
Bilboko Uriolaren
Udako I. Argazki Lehiaketa ondu dute uztailaren 5etik irailaren 4ra bitarte. Bi
kategoriatan parte hartu ahalko da: Bilbon egindako udako argazkiak eta Bilbotik
kanpo egindako argazkiak.
Uriolak jakinarazi duenez, “lehenengo edizioa izango den
honetan, parte hartzaileek bi hilabete izango dituzte argazkiak egin eta
bidaltzeko. Epea amaitzean, herritarrek bozkatzeko aukera izango dute, eta
haiek aukeratuko dituzte irabazleak”.
Argazki-ekimenean
parte hartu nahi izanez gero:
Gehienez
ere 2 argazki aurkeztu ahal izango dira.
Parte-hartzaileek
honako helbide elektroniko honetara helarazi beharko dituzte beren lanak:
uriolargazki@gmail.com. Mezuan, egilearen izen-abizenak, telefono zenbakia eta
argazkia noiz eta non egina den adierazi beharko da.
Irudiak
JPG formatua izan beharko dute.
Bestalde, sariak hauexek
izango dira:
Bilboko argazkien
kategorian: bertako produktuz osatutako
otzara jasoko du.
Bilbotik kanpoko
argazkien kategorian: bi pertsonarentzako jatetxe-otordua izango da.
Iban Illarramendi ilustratzaileak
eta Eider Perez idazleak irabazi dute haurrentzako album ilustratuak saritzen
dituen Etxepare
sariketaren XVI. edizioa, Kiratsa
lanarekin. 35 lanen artean hautatu du epaimahaiak, eta udazkenean plazaratuko
da Pamiela argitaletxeak.
Miren Asiain
ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak
osatu dute epamahaia. Epaimahaiak ilustrazioaren eta testuaren arteko uztarketa
nabarmendu dute, maila handikoa baita.
Ñimi arkakuso
baten abenturak biltzen ditu albumak, zeintzuk usaimenaren inguruan ardazten
dira: usaina, kirats, lurrina…
Iban Illarramendi eta Eider Perez egileek 5.000 euroko saria jaso dute.
Uztailaren 1etik aurrera, Euskararen Etxean
udako ordutegia ezarriko da: astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 19:00etara
bitarte egongo da zabalik, eta larunbatetan, aldiz, 10:00etatik 14:00etara.
Bestalde, Euskararen Interpretazio Zentroa ordutegi honetan bisitatu ahalko da: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Larunbatetan, ostera, 10:00etatik 14:00etara.
Iragan maiatzaren 30ean, Euskararen Etxeko co-working gunean aritzeko ez ohiko bigarren deialdi bat abiatu genuen, 2021eko Lantoki Kooperatiboaren jardunaren ebaluazioa egin ondoren. Deialdian parte hartzeko epemuga ekainaren 17an amaitu zen.
Hartara, bigarren deialdi horren ebazpenaren arabera, bi eragile hauek arituko dira gurean, 2022ko irailetik aurrera: Euskal Idazleen Elkartea (EIE) eta Garabide.
“Euskal Idazleen komunitatea biltzea eta
kideak harremanetan jartzea EIEren misioa. Horrekin batera, idazkuntza eta
idazlearen lana balioestea eta arlo guztietara zabaltzea”. Halaber, “Garabide
elkartea irabazi asmorik gabeko elkartea da, garaperenerako gobernuz kanpoko
erakundea, hizkuntza lankidetzara dedikatzen dena. Hizkuntza gutxituak dituzten
munduko komunitateekin elkarlana egiten du, euskararen esperientzia erakutsi
eta euren mugimenduetan lagunduta”.
Horiek horrela, bederatzi eragile arituko dira Lantoki Kooperatiboan: Tokikom, Euskaltzaleen Topagunea, Emun, 111 Akademia, Loraldia Kultur Elkartea eta Euskal Kulturgileen Kidegoa (EKKI), Euskal Idazleen Elkartea eta Garabide.
2022ko irailetik azarora bitarte egingo da Hi(ZKI)bridoak. Literatura Mutanteak kultur
zikloaren hirugarren edizioa, zeinak lau ekitaldi bilduko dituen. Aurten, leku
aldaketa bat gertatutako, Euskararen Etxean egingo diren obrak tarteko. Hala,
2022ko ikuskizunak Bilboko Berreginen Museoan egingo dira.
Horrekin batera, aurten, Euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak laguntzaren bigarren deialdia abiatuko dugu
irailean. Laguntzak 3.000 euroko saria bideratuko du 2023ko Hi(ZKI)bridoak
zikloan estreinatuko den ekitaldi bat garatzeko.
Hi(zki)bridoak literaturaren eta ahozkotasunaren arteko mutazioak dira. Letrak, soinuak, bertsoak eta irudiak eraldatzen dituzten ekitaldiak. Emaitza literatura mutanteak dira, zentzu zabalenean.
EGITARAUA:
IRAILAK 22, OSTEGUNA:Frankenstein agurgarria, Ana Galarraga, Petti
Hartu Frankenstein liburua
(Mary Shelley, 1818). Atera erraiak. Nahasi esperimentu zientifikoekin,
Despentesen pentsamenduarekin, lurpeko gorpuekin eta bihotz usteldu gabeekin.
Gehitu etika eta astindu feminismoarekin. Jantzi Pettiren musikarekin. Entzun
Ana Galarragaren eta bien ahots eta gorputzetatik.
URRIAK 6, OSTEGUNA:Gu gabe ere. Biharamunean Itziar Ugarte, Mikele Landa
Gu
gabe ere liburuaren eszena gaineko hedatze bat da emanaldia, Itziar Ugarte
Irizarren eta Mikele Landa Eigurenen eskutik. Poemei ikus-entzunezkoak josi
dizkiete, hegal modura batzuetan, aingura lez besteetan. Zalantza, argi izpi
eta, batik bat, inguruarekiko dialektikan sakontzen segitzeko modu bat.
URRIAK
26, ASTEAZKENA:Trinitatearen
misterioak,Ane Labaka, Miren Agur
Meabe eta Miren Amuriza
Bertso-saio
literarioa: Miren Agur Meabe Plazak akuilatuta, kantuan jardungo dute Miren
Amuriza Plazak eta Ane Labaka Mayozek. Hiruren lur partekatuak arakatuko
dituzte, narrazioak eta bertso jarriak zein bat-batekoak tartekatuz.
AZAROAK 10, OSTEGUNA:Hitz Esana, Mejillon Tigre
Poemak eta hitzak
mutakorrak dira ahoz gora irakurtzen dituen gorputzaren arabera. Gure
erreferenteek nolako soina edo ahotsa dute? Irakurketa dramatizatua, erritmoa,
esan nahi duguna eta esateko modua, poesia, musika, gorputz adierazpena eta
performancea uztartuz. Egitasmo honek 2021eko Hi(ZKI)bridoak laguntza jaso du.
Bilboko San Ignazio auzoan kokatutako
Euskararen Etxeak hiru zerbitzu berezi eskainiko ditu uda osoan:
Euskararen
Interpretazio Zentroa, bisita
Euskararen bidaia irudikatzen duen tren geltoki bat da Euskararen Interpretazio Zentroa. Bertan, modu atsegin eta erakargarrian euskarari buruzko zehaztasunak ezagutzeko aukera izango duzu. Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez edota frantsesez bisita daiteke eta doako bisita gidatuak eskaintzen ditugu. Bakarka edota taldean bisita daiteke.
“Euskal
Alien Nazioa”, ihes-gela
Halaber,
irailaren 1ean ezereztuko da Euskararen Etxean kokatutako Euskal Alien Nazioa ihes-gela.
Ordura arte, goizez eta arratsaldez egiteko aukera izango
duzue. Horretarako, hartu telefonoa eta deitu: 94 402 80 81.
Parte-hartzaileek euskarari lotutako zientzia fikziozko misterioa askatu beharko dute aretotik atera ahal izateko.
“Hostopostoak”, haurrentzako programa
Era berean, Hostopostoak haurrentzako programa ludikoan
parte hartzeko aukera izango da, astelehenetik larunbatera, goizez. Mahai-jolas
erraldoi baten itxura dauka jarduerak, eta basoan bizi diren izaki bizidun
maitagarri batzuk dira bere protagonistak.
Helburua euskaraz jolastea da, familiarekin, aisialdiko taldearekin edo udaleku kideekin, euskara indarberrituz, talde-loturak sendotuz eta jolas kooperatiboa sustatuz.