Hamar egitasmo saritu ditu Musika Bulegoak

Euskal Herriko Musika Bulegoa elkarteak bere sariak banatu zituen astelehenean Barakaldoko BEC gunean; sarion seigarren edizioa izan da.

Guztira hamar artista izan dira sarituak: Olatz Salvador, Trio Zukan, Maite Larburu, Verde Prato, Chill Mafia, Ama, Ether Ensemble, Ramon Lazkano, Gaur, eta Motxila 21; hain justu, erakundeko zuzendaritza-batzordeak sari berezia eman dio Motxila 21 taldeari, “bultzatzen duen elkartasuna eta musikarien arteko elkarlana eredugarria delako”. 

Musika Bulegoaren arabera, “Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak, bertoko artista, talde edo musika proiektuek iaz burututako lana saritu ditu aurten ere eta 100 proposamen baino gehiagoren artean -proposamen hauen erdietan baino gehiagotan emakumeak izan dira buru- egin da aukeraketa. Sarien helburuak dira, besteak beste, euskal musikaren sektorea balioan jartzea, artisten lanak sustatzea, haien lanak ezagutzera ematea eta bultzatzea eta erakusleiho izatea”

Halaber, gogorarazi du iazko urtea sektorearentzat “oso zaila” izan zela, baina era berean, “oparoa” euskal musikarentzat.

Informazio gehiago, hemen.

Lizar Begoñak “Gepardo japoniarrak” poema liburua plazaratu du

Susa argitaletxeak Lizar Begoña idazlearen Gepardo japoniarrak poema liburua aurkeztuko du maiatzaren 27an, Donostiako Tobacco Days liburu-dendan, 11:00etatik aurrera.

Honatx sinopsia: “Hitzen zoo libre bat dakar Lizar Begoñaren Gepardo japoniarrak poema liburuak. Logika egituratuak desafiatuz eta formaren aukerak zukutuz, mundu garaikidearen testurak bildu ditu, organikoenetatik ukiezinenetara. Palmondoak, abereak, belar txarrak, Bergman, Brontë, Oteiza, Le Guin eta beste hartu ditu solaskide, zentrorik gabeko eremu batean kiribiltzeko gonbita eginez irakurleari”.

Wikipediaren arabera, Sopelan jaio zen Lizar, 1996ko abenduaren 29an, eta bizkaitar poeta da. 2020an Donostia Kultura III. Poesia Lehiaketa irabazi zuen Aro beilegia izeneko poesia-liburuarekin, zeina Balea Zuria argitaletxeak plazaratu zuen urte berean. Hartara, Geopardo japoniarrak idazlearen bigarren poesia lana da.

Euskal literaturaren piztia esnatuko da Zarautzen maiatzaren 27an

Literaturia literatur jaialdia maiatzaren 27tik 29ra egingo da, eta pandemia aurreko egoerara bueltatuko da, Zarautz euskal letrez betetzeko asmoz. Aurtengo edizioa Piztia. Aurkitzeko. Baretzeko. Pizteko lelopean egingo da. Lege Zaharren Enparantzaz gain, Modelo Aretoan ere egingo dira Literaturia jaialdiko ekitaldi batzuk.

Egitaraua:

Maiatzaren 27a, ostirala
20:00. Manifestua – Ana Malagon
20:15. Istanbul ikuskizun literario musikala – Oier Guillan, Lutxo Egia, Pelax, Telmo Trenor eta Elena Ramirez (Modelo aretoa)

Maiatzaren 28a, larunbata
Lege Zaharren enparantza
11:30-14:00 | 17:00-20:00. Liburu azoka
Ahotsenea – liburu aurkezpenak
11:30-14:00. Azokan
18:20-20:00. Garoan

11:00. LITERATTIPIA. Kamishibaizalea sormen lantegia – Iñaki Martiarena (Etxezabala)
12:00. Azokaren irekiera emanaldia. Omenaldia ITXAROPENAri (Lege Zaharren enparantzan)
12:30. Berrabiaraziko dugu literatura eskolan? mahai ingurua ikasle, irakasle eta eragileen artean – Imanol Epelde, Intza Alkain, Uxue Ostolaza eta Nerea Lasa (Modelo aretoa)
18:00. Frankenstein agurgarria gutun musikatua – Petti eta Ana Galarraga (Modelo aretoa)
22:00. Ødei – Kontzertua (Lege Zaharren enparantza)

Maiatzaren 29a, igandea
Lege Zaharren enparantza
11:30-14:00. Liburu azoka
Ahotsenea – liburu aurkezpenak
11:30-14:00. Azokan

11:30. Literatura unibertsala. Ibilitakotik ibiltzekora mahai ingurua. Manu Lopez Gaseni, Angel Erro eta Irati Jimenez (Modelo aretoa)
12:30. rr #5 marrak – Maialen Lujanbio (Merkatu plazako goiko solairuan)
17:00. Elkarrizketa baten soinua eta notak – Arantxa Iturbe, Eider Rodriguez eta Miren Narbaiza (Modelo aretoa)

Informazio gehiago, hemen


Euskararen Etxeak Museoen Nazioarteko Egunean parte hartuko du Bizkaiko museoekin batera

Bizkaiko Foru Aldundiak Museoen boterea sentitu ekimena aurkeztu du gaur Euskararen Etxean, Museoen Nazioarteko Egunaren harira. Ekimenaran xedea da Bizkaiko 44 museo ikusaraztea da, herritarrek lurraldearen museo-aberastasuna ezagutu dezaten.

Museoak

Edizio honetan Bizkaiko hogeita zortzi udalerritako berrogeita lau museo izango dira ospakizunarekin bat egingo dutenak: Bilbon, Arkeologi Museoa, Athletic Club Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa, Bilboko Berreginen Museoa, Itsasmuseum Bilbao, Eliz Museoa, Euskal Museoa, Euskal Abertzaletasunaren Museoa, Guggenheim Bilbao Museoa, Pasio-Irudien Museoa, Bilboko Zezen Museoa eta Euskararen Etxea; Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa (Abanto-Zierbena); Txakolingunea (Bakio); La Encartada Fabrika-Museoa (Balmaseda); Balmasedako Pasio Biziduna C.I.; Burdinazko Hesiaren Museo Memoriala (Berango); Arrantzaleen Museoa (Bermeo);  Margarita María Museoa (Berriz); Ekoetxea Urdaibai (Busturia);  Antzasti Euskaldunon Etxea (Dima);  Durangoko Arte eta Historia Museoa (Durango); San Balentin Berriotxoakoaren Museoa (Elorrio); Loizaga Dorrea (Galdames); Urdaibai Bird Center (Gautegiz Arteaga); Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo); Bakearen Gernikako Museoa (Gernika);  Bizkaia Zubia (Getxo); Museo Antigua Fábrica de Dolomitas (Karrantza); Santimamiñe (Kortezubi); Medikuntzaren Historiaren Euskal Museoa (Leioa); “Andrés de Urdaneta” Natur Historiaren Museoa (Loiu);  Hontza Museoa (Mañaria); El Pobal burdinola (Muskiz);  Orozkoko Museoa (Orozko);  Butroeko Plasentia Museoa (Plentzia);  Rialia-Industriaren Museoa (Portugalete); Agurtza Arrantza-Teknikaren Interpretazio Zentroa (Santurtzi); Santurtzi Itsasoa Interpretazio Zentroa (Santurtzi); Enkarterriko Museoa (Sopuerta); Museo de Orduña Hiria Museoa (Orduña) eta Museo Simón-Bolívar Museoa (Ziortza-Bolibar).

Zer sentitzen duzu museo bat bisitatzen duzunean?

Horixe da Bizkaiko Foru Aldundiak eta lurraldeko museoek herritarrak ekimenean aktiboki inplikatzeko egiten duten galdera. Erronkarekin bat egiteko herritarrek bideo batekin erantzun beharko dute Facebook eta Instagram sare sozialen bidez. Parte-hartzaile guztiak zozketa batean sartuko dira. Irabazleak bi sarrera lortuko ditu ekimenean parte hartzen duten museoetako bat bisitatzeko eta, gainera, museoak antolatzen duen jardueretako batean parte hartu ahal izango du. Zozketa maiatzaren 17tik ekainaren 17ra egongo da indarrean.

Loraldia Kultur Elkarteak gazteen sormena sustatuko du

Bi egitasmo ondu ditu Loraldia Kultur Elkarteak gazte-sormenari laguntzeko asmoz:

Udako Loraldia Ola: Kultur formazioa udan eta Loraldia Terminala: Sormen berriaren plaza eta harrobia.

“Etorkizunari begira jarri nahi eta erreferente bilakatuko direnei plaza eta formazioa eskaintzea dugu xede. Transmisioa landuko dugu. Gazteei gaurko erreferenteak ezagutzeko parada eskaini, sormena sustatu eta bide propioa egiteko sormen guneak zabaltzea dugu asmo”, adierazi dute antolatzaileek.

Udako Loraldia Ola: sei eguneko sormen-egonaldiak dira, uda honetan egingo direnak, 18 eta 25 urte bitarteko gazteentzat. “Sei lantegi, Abbadia Jauregira bidaia bat eta zuzeneko solasaldi-emanaldiak ditugu egonaldi honen osagaiak”.

Loraldia Terminala: sortzaile gazteei eskaintzen zaien eremu berri bat da, Bilboko La Terminal gunean. Hala, maiatzaren 13an, Izaro Urrestarazu eta Maider Mulone dantzariek ikuskizun garaikidea aurkeztuko dute, Arima Zimeldua, eta, egun berean, Nerea Lizarralde antzezleak eta Ines Arestik Maitasuna baino handiagoa den sentimendu bakarra antzezlana taularatuko dute.

Informazio gehiago, hemen.

“Zutabeak eta artikuluak idazteko ikastaroa” ondu du EIEk maiatzean

Euskal Idazleen Elkarteak zutabeen eta artikuluen idazketari buruzko ikastaroa antolatu du EIE berak Donostian duen egoitza nagusian, maiatzaren 18an, 24an, 31n eta ekainaren 7an, 17:30etik 20:00etara. Pako Aristi idazlea arduratuko da ikastaroez.

Zutabeak eta artikuluak idazteko ikastaroa saioari dagokionez, “zutabe edo artikulu mota asko dago, zutabe klasikoak, iritzi artikuluak, intimistak, kostunbristak, literarioak, amaieran ezustekoa dutenak, ibai tematikoak… Guztien oinarrian bi baldintza daude: ideiak egoki formulatzea, eta euskara txukun erabiltzea. Alegia, testuaren egitura, batetik, eta esaldien eraikuntza bestetik, idazten dugun horretaz kontziente izatea ere funtsezkoa da. Gauza hauetaz guztietaz jardungo dugu ikastaroan, eta praktika asko egingo dugu”

Irudia

Ikastaroak Pako Aristik zuzenduko ditu, zeinak, besteak beste, prentsan kolaboratzen duen, iritzi artikuluak idatziz. Elkarrizketak eta erreportajeak ere landu izan ditu. La Voz, Egin, Liberación, Euskadi Irratia eta Herri Irratia hedabideetan aritu da; ETBko gidoilaria izan da.

Ikastaroan izena emateko, hemen.

Miren Agur Meabek idatzi eta Gastonek ilustratutako “Hostopostoak eta ilargi-jaia” ipuina argitaratu du Euskararen Etxeak

  • Aurkezpen-ekitaldian idazleak eta ilustratzaileak parte hartu dute, bai eta San Ignazio auzoan kokatutako Intxixu Ikastolako LH1 mailako ikasleek ere.
  • Hostopostoak izenburupean, Bilbon dagoen Euskararen Etxean egiten diren Familia-programa eta LH1, LH2 eta LH3 ikasleei zuzendutako Eskola Programa biltzen dira.
  • Hartara, Hostopostoak eta ilargi-jaia ipuin-liburua Euskararen Etxeko haurrei zuzendutako eskaintza osatzera dator.

Liburua:

Hau da liburuaren sinopsia: Hostopostoak basoan esnatu dira, baina bat falta da. non ote dabil? tximeleta urduri dago, gaur ilargi-jaia delako eta oraindik ez dutelako afaria prestatu…

Miren Agur Meabek azaldu duenez, hiru helburu ditu ipuinak: “irakurketa jostagarria sustatzea, fantasia elikatzea eta hiriko umeen harreman afektiboa sendotzea euskararen ahozkotasunarekiko”.

Egiturari dagokionez, “egoera harrigarri” batetik abiatzen da kontakizuna, gero, gatazka bat gertatzen da, eta amaiera irudimentsu batekin amaitzen da.

Horretarako, hizkuntzaren “esperientzia poetikoa” baliatu du, “hizketa xume eta baliabide poetikoen” bidez”. Sinonimia ere agertzen da. “Esaterako, `hosto pila´ pertsonaien ohea da, baina, nagusiok dakigunez, `hostopila´ hojaldrea re bada. Hala, pertsonaiek hostopila egin beharko dute hostoekin eta errezeta eta osagaiak bilatu”.

Zenbait curriculum-item ere biltzen dira ipuinean: “ingurumenarekiko errespetua, liderren gaitasuna eta sormenaren garrantzia egunerokotasunean”.

Gastón ilustratzaileak bestalde, Miren Agur Meabek aurretik sortutako izakientzat irudikatu duen unibertsoa azpimarratu du. “Oso erakargarria da unibertso hori, eta orain arte ilustratu dudan ipuinik politena izan da; irakurtzean hunkitu egiten nintzen”.

Egileak:

Miren Agur Meabe irakaslea lanbidez, ibilbide luzea egin du literatura-sorkuntzan, itzulpengintzan eta idazkuntzari lotutako hainbat jardueretan. Poesian, helduentzako narratiban eta haur eta gazte literaturan aritzen da batez ere.

2021ean, Espainiako Poesia Saria jaso zuen Nola gorde errautsak kolkoan lanagatik; euskarazko liburu batek sari hori jasotzen zuen lehen aldia izan zen.

Asier Iturralde Gastón diseinatzaile grafikoa ez ezik, ilustratzaile eta komikigilea ere bada. Bere lan esanguratsuenen artean hauexek daude: Aintzane Usandizaga Lopez idazlearekin 2019an egindako haurrentzako Etxe honetan ipuina, zeinak Album ilustratuen XIII. Etxepare Saria jaso zuen urte horretan. Umeentzako beste lan bat ere ilustratu du, iaz, Itsas haizea dabil Junkal Lertxundi idazlearekin batera.

Beti Berdin taberna. Koronabirusaren garaian helduentzako komikia sortu eta argitaratu du.

Nola lortu liburua?

Familia-programan eta LH1, LH2 eta LH3 ikasleentzako eskola-programan parte hartzen duten taldeek doan jasoko dute Hostopostoak eta ilargi-jaia .

Halaber, Euskararen Etxean bertan ere eskuratu ahalko da 5 euroren truke.

“Hostopostoak eta ilargi-jaia” ipuina aurkeztu du Euskararen Etxeak

Miren Agur Meabek idatzitako eta Gastón-ek ilustratutako Hostopostoak eta ilargi-jaia ipuina aurkeztuko dugu Euskararen Etxean.

Noiz: maiatzak 5, osteguna

Non: Euskararen Etxean

Ordua: 11:00etan

Aurkezpen-ekitaldian idazleak eta ilustratzaileak parte hartuko dute: Miren Agur ipuin-kontalari arituko da eta Gaston berriz, marrazketan.

Hostopostoak izenpean, Euskararen Etxean egiten diren familia-programa eta LH1, LH2 eta LH3 ikasleei zuzendutako Eskola Programa biltzen dira. Hostopostoak eta ilargi-jaia bi jarduera horietara gehituko da.

Leizaola Fundazioak “Elebitasuna eta bizikidetza” jardunaldia antolatu du Euskararen Etxean

Topaketa ostegunean, maiatzak 5, egingo da, 17:00etatik aurrera, elebitasunaz eta elkarbizitzaz gogoetatzeko asmoz.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, “gure hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa” hainbat eragilerengandik jasaten ari gara, nola pribatuak hala  publikoak. Hartara, eta egoera hori jorratzeko asmoz, galdera honetatik abiatuko da “euskaltzaleen topaketa”: “Nola lortu bizikidetza baketsu eta oparoa biztanleriaren zati garrantzitsu bat atsekabetuta sentitzen denean?”

Horretarako hainbat aditu solastatuko dira, mahai-inguru formatuan:

Nestor Atxikallende (Bizkaiko Foru Aldundia), Mikel Arregi (Euskarabidea), Patxi Baztarrika (hizkuntzalari, euskaltzale eta politikaria), Paul Bilbao (Euskalgintzaren Kontseilua), Miren Agurtzane Elorduyk (EHU), Kepa Erdozia (EHU), Maddi Etxebarria (Elhuyar) eta Miren Elixabete Larrinaga (EHU)

Jardunaldia streaming bidez ere jarraitu ahal izango da: https://labur.eus/cce2B

Informazio gehiago, hemen.