Azpeitiko Hitzaren Eskolak ekitaldi irekia ondu
du urtarrilaren 29an, Zahartzaroa
irakurgai: Eider Rodriguez, Miren Agur Meabe eta Mari Luz Estebanek beren
testuak irakurriko dituzte.
Halaber, Ainhoa Alberdik eta Iraia Eliasek beste
idazle batzuen testuak irakurriko dituzte; hain justu, Uxue Alberdi, Karmele
Jaio, Ana Malagon, Miren Amuriza eta Maria Merce Marçalen testuak. Azkenik,
Anarik emanaldi a eskainiko du.
Argian irakurri dugunez, Hitzen Uberan
atari ez dute gehiago gaurkotuko. Halere, bere horretan geldituko da sarean artxibo
gisa, eta euskal idazleen sustapena Euskal Idazleen Elkartearen webgunean
txertatuko da.
Peru Iparragirre @peruiparragirre
kazetariaren arabera, “2010. urtean Hitzen Uberan ataria sortu zuen
Euskal Idazleen Elkarteak, literatur eta kultur munduko jendeen arteko zubi
lanak egiteko. Uxue Alberdi eta Oier Guillan idazleak hasi ziren bertan
kazetari lanetan, Testuketan irratsaiotik webgunera igaroz. Hamaika urtez
literaturaren inguruko zernahi topatu ahal izan du zaleak bertan: albisteak,
irakurle taldeen mapa, elkarrizketak, liburuen aurkezpenetako bideoak,
kritikak, iruzkinak, Irakurrieran irratsaioa, komunitate atala… hamaika urtez
askotariko edukiak zabaldu ditu sarean Hitzen Uberanek”.
Hala, ataria sarean izango da artxibo gisa, eta atariak
berak egiten zuen euskal idazleen sustapenaz Euskal Idazleen Elkarteak
arduratuko da, bai eta bere webgunean azaldu ere.
(H)ilbeltza Euskal Nobela Beltzaren Astea betiko formatuan egingo da aurten, alegia, astebeteko iraupena izango du, urtarrilaren 24tik 30era; VIII. edizioa izango da 2022koa.
Baztanen garatuko den egitarauaren harira,
urtarrilaren 24an, Massimo Carlottoren Agur,
maitea, ikusi arte itzuli duen Koldo Biguri Arizkurengo liburutegian izango
da, 19:30etik aurrera. Biguri azken (H)ilbeltza bekaren irabazlea izan da.
Urtarrilak 26an, Euskal Gaizkileak podcastari buruzko solasaldia izango da Anizko
elkartean, 19:00etan. Beñat Hach Embarekek gidatuko du ekitaldia.
Urtarrilaren 28an, Ainize Madariagak : Marga Andurain abenturaren gurpilean izenburuko hitzaldia emango du, Elizondoko
Arizkunenean, 19:00etan.
Urtarrilaren 29an, larunbata, egitaraua
zabalagoa izango da: goizean, Hondar
ahoak telesaila izango dute hizpide Marian Fernandez ekoizleak eta Koldo
Almandoz zuzendariak, Erratzuko elkartean: Arratsaldean, berriz, Itxaro Bordak Euri zitalari esker liburua aurkeztuko
du, Ane Gartziaren laguntzaz. Gau partean, azkenik, Susmagarrien gaua egingo dute, Erratzun.
Aste beltza maitzeko, igande goizean
Lubakietako oroiminak ibilaldia egingo dute Iruritan. Arratsaldean,
halaber, Pettik eta Ana Galarragak literatura eta musika uztartuko dituzte Frankenstein
agurgarria. Gutun musikatua Victor Frankensteini emanaldian.
Pertsonaien ehiztari bilakatutako Alderray
izeneko istorio kontalariaren inguruko istorioa estreinatuko du Tartean
Teatroak Bilboko Arriaga Antzokian martxoaren 9an eta 10ean, 19:30etik
aurrera.
Honela dio obraren sinopsiak: “(Alderray) eskale
erraria dela uste baduzu ez zara oso oker ibiliko ere. Bere ofizioa maite du
eta bere arauak errespetatzen ditu. Alderrayk ez du pertsonaiarik asmatzen,
kontatzen duen guztia benetan gertatu da, hiri honetan eta gaur egun. Ez da
fikziozalea. Milaka pertsonaia ehizatu ditu, baina bat falta zaiola sentitzen
du. Azkena, behin betirakoa. Harrapatu arte ez du atsedenik izango”.
Patxo Telleriak idatzi du obra, eta Jokin
Oregi eta Patxo Telleria bera dira zuzendariak. Oholtzan, halaber, Mikel
Martinez eta Sandra Fernandez Aguirre aktoreak izango dira.
Bilboko estreinaldiaren ondotik, hainbat antzokitan
aurkeztuko dute Alderray: Kultur
Leioa (martxoak 18), Serantes Kultur Aretoa (apirilak 7), Iruñeko Escuela
Navarra de Teatro (apirilak 27), Astigarragako Erribera Kulturgunea (apirilak
30), Basauri Social Antzokia (maiatzak 13), Gernikako Lizeo Antzokia (maiatzak
20)…
“Izenburuak planteatzen duen galderari
erantzuteko lehen urratsak ematen hastea da lortu nahi dena. Horretarako,
Topaldiak kulturgintzaren sistema osatzen duten eragile ezberdinei gogoeta
egiteko gune aproposa eskaini nahi die, kulturgintzan aritzeko, kulturgintza ulertzeko
zein ohiko egiteko moduei buruz elkarrekin hausnarketa egin ahal izateko”.
Kulturgintzako eragileentzat baliagarriak izan
daitezkeen hainbat baliabide aurkeztuko dira jardunaldian.
Alde batetik, euskalgintza eta kulturgintza elkarlotzen dituzten bi esperientzia interesgarri aurkeztuko dira: Elgoibarko esperientzia (Imanol Larrañaga, Elgoibarko Izarra eta Gorka Arrese, Digitalidadea) eta Iruñerriko esperientzia (Iñaki Sagardoi, Laba proiektuko kidea eta Ion Celestino, Iruinkoko-ko kidea)
Bestetik, kulturgintzan oinarrizkoak
diren baliabideen berri emango da: Bitartekaritza
arloan, Artaziak kooperatiba eta
komunikazioa esparruan, Burutü
komunikazio agentzia.
Azkenik, Euskaldunon
Topaguneko kultura arduradun Johana Olabarriak EuskaldunonTopaguneak, zer
du eskaintzeko kulturgintzari euskaltzaletasunetik izenburuko hitzaldia
emango du.
Metrokoadroka sormen laborategiak Bidaide
obra berria taularatuko du estreinakoz Uharten eta Atarrabian. Hala, hilaren
14an, Atarrabiako Antzokian ikusi ahalko da, eta 16an, Uharte Arte Garaikide
Zentroan.
Estreinaldia Udalbiltzak ondutako Geuretik
sortuak egitasmoaren baitan egingo da, izan ere, hiru asteko sormen
egonaldiaren emaitza da Bidaide. Udalbiltzaren
arabera, “37 herrik, 16 idazlek, 5 zinemagilek eta 5 antzerki konpainiak bat
egin dute euskaratik eta euskarazko obra artistikoak sortzeko. Proiektuan parte
hartzen duen herri edo herri multzo bakoitzari artista bat esleitu zitzaion,
Uharten eta Atarrabiaren kasuan Metrokoadroka antzerki-laborategia izan da”.
Bidaide obrari dagokionez, hau da obraren sinopsia:
“Nor ote dago erraldoien gonen azpian? Nola ikusten da mundua erraldoien
barrutik? Herrietako erraldoien iruditeriatik modu poetikoan abiatuta, handia
eta txikia izatearen arteko aldeaz, herrietako kulturgileen ikusezintasun
hautazkoaz edo ez hautazkoaz, kultura bizitzeko moduez mintzo da Bidaide
antzezlana. Bidaide antzezlana modu bisual, poetiko eta umoretsuan aldiro modu
ezberdinean gauzatuko den teatro-ekintza bat da. Herrietako kulturgileen
jarduna gogoan, agian ekintza bera delako, orain eta hemen egin-egiteko behar
hori, etorkizunak amesteko aukera ematen digun bultzadarik garrantzitsuena”.
Euskaltzaleen Topaguneak mintzalagun izateko kanpaina hasi du urte berriarekin batera: “Hasi zaitez Mintzapraktikan, ematen duzuna baino askoz gehiago jasoko duzu! Aurten Mintza Poza praktikatu!”.
Mintzapraktika egitasmoan parte hartzeko bi
baldintza bete behar dira:
Euskaraz komunikatzeko gutxieneko
maila edukitzea.
Astean behin ordubetez mintzalagun
talde batean parte hartzeko konpromisoa izatea.
“Euskaraz lasai eta lotsarik gabe hitz egin
ahal izango duzu; Zure herrian bertan euskaraz aritzeko lagunartea aurkituko
duzu; Herria euskaldunago bihurtuko duzu; Besteei euskaraz bizitzen lagunduko
diezu; Gustatzen zaizkizun gauzak egingo dituzu”.
Laburbiraren
XIX. edizioaren lanak aurkezteko epea urtarrilaren 20ra arte egongo da zabalik.
Ekimena
antolatzen duen Euskaltzaleen Topagunearen webgunean jasotzen denez, “XIX.
edizioa beteko du 2022ean Laburbirak. Helburu garbia du: euskaraz ekoizten
jarraitu dezazuen, zuen, sortzaile zaretenon lanak ezagutaraztea. Horretarako urtarrilaren 27tik otsailaren
11ra bitartean aukeratutako film laburrak herriz-herri zeharkatuko dute Euskal
Herriko eta kanpoko hainbat herri eta hiriburu”.
Filmek
ondoko baldintzak bete beharko dituzte:
2021 urtean ekoiztutako
fikziozko lanak izan behar dira.
Gehienez ere 20 minutu
irauten dituzten lanak aurkeztu ahal izango dira.
Izen-ematea
urtarrilaren 20an amaituko da.
Lanen aukeraketa
urtarrilaren 20tik 27ra bitartean egingo da eta sortzaileei modu pertsonalean
jakinaraziko zaie erabakia.
Aukeraketa egiterakoan
zenbait irizpide izango dira kontuan:
Publiko guztientzako
lanak izan daitezela.
Sortzaile berrien eta
izen handikoen arteko oreka mantenduko da.
Sortzaileen
lurraldetasun eta generoa
Genero ikuspegia
Filmen bestelako
ezaugarriak: euskalki aniztasuna, umorea, animazioa, lan esperimentalak,
sentsibilizazioa lantzen dutenak…
2022ko
otsailaren 25etik martxoaren 27ra egingo da XIX. edizioa, eta ohi denez, herriz
herri erakutsiko dituzte aukeratutako filmak.
Aurten euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak laguntza abitu dugu. Bada, lehenengo deialdi horretan Eider Perez Martinezek eta Ane Garcia Lopezek aurkeztutako egitasmoa suertatu da irabazle.
Erreferenteak behar ditugu, biba erreferenteak! izenburupean aurkeztuko egitasmoak “euskal (emakume) erreferenteen urritasunaren ideia mito bat dela” adierazi
nahi du, “ahanzturak pisu handia duela”. “Era berean, aldarrikatuko dugu
euskal kulturaren barnean elkarren erreferente ere izan gaitezkeela eta
hutsuneak kanpora begira gaudenean sortzen direla. Ahaztu gabe kanpoko erreferenteak
lagungarriak direla”.
Horretarako, hainbat diziplina eta
adierazpide uztartuko dituzte; tartean, spoke word, poesia eta musika. “Emanaldi
honetan, euskaraz sobera baliatu ez den formatu bat izango da ardatza:
ingelesez spoken word eta euskaraz
hitz esana dei litekeen hori. Errezitatzeko modu horrek berak jada batzen ditu
diziplina desberdinak, poesia errezitatzeko era hori antzerkitik edo
performancetik gertu baitago, irakurketa dramatikotik gertu. Horrez gain,
hainbat poemaren irakurketa zuzeneko musikaz lagunduta egongo dira”.
Hautatutako lan horrek 3.000,00€ko ordainsaria jasoko du, eta lehenengo
emanaldia 2022ko Hi(ZKI)bridoak kultur zikloaren baitan eskaini beharko dute.
Bost kidek osatuko dute beka honetako epaimahaia: Eneko Sagardoy aktoreak,
Lutxo Egia idazleak, Haizea Barcenilla arte-kritikariak, Onintza Enbeita
bertsolariak eta Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariak.