“Laburbira” zirkuituak filmak aurkezteko epea zabaldu du

Laburbiraren XIX. edizioaren lanak aurkezteko epea urtarrilaren 20ra arte egongo da zabalik.

Ekimena antolatzen duen Euskaltzaleen Topagunearen webgunean jasotzen denez, “XIX. edizioa beteko du 2022ean Laburbirak. Helburu garbia du: euskaraz ekoizten jarraitu dezazuen, zuen, sortzaile zaretenon lanak ezagutaraztea.  Horretarako urtarrilaren 27tik otsailaren 11ra bitartean aukeratutako film laburrak herriz-herri zeharkatuko dute Euskal Herriko eta kanpoko hainbat herri eta hiriburu”.

Filmek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

  • 2021 urtean ekoiztutako fikziozko lanak izan behar dira.
  • Gehienez ere 20 minutu irauten dituzten lanak aurkeztu ahal izango dira.
  • Izen-ematea urtarrilaren 20an amaituko da.
  • Lanen aukeraketa urtarrilaren 20tik 27ra bitartean egingo da eta sortzaileei modu pertsonalean jakinaraziko zaie erabakia.
  • Aukeraketa egiterakoan zenbait irizpide izango dira kontuan:
    • Publiko guztientzako lanak izan daitezela.
    • Sortzaile berrien eta izen handikoen arteko oreka mantenduko da.
    • Sortzaileen lurraldetasun eta generoa
    • Genero ikuspegia
    • Filmen bestelako ezaugarriak: euskalki aniztasuna, umorea, animazioa, lan esperimentalak, sentsibilizazioa lantzen dutenak…

2022ko otsailaren 25etik martxoaren 27ra egingo da XIX. edizioa, eta ohi denez, herriz herri erakutsiko dituzte aukeratutako filmak.

Informazio gehiago, hemen.

Euskal emakume erreferenteei buruzko “spoken word” proposamenak irabazi du Hi(ZKI)bridoak laguntza

Aurten euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak laguntza abitu dugu. Bada, lehenengo deialdi horretan Eider Perez Martinezek eta Ane Garcia Lopezek aurkeztutako egitasmoa suertatu da irabazle.

Erreferenteak behar ditugu, biba erreferenteak! izenburupean aurkeztuko egitasmoak “euskal (emakume) erreferenteen urritasunaren ideia mito bat dela” adierazi nahi du, “ahanzturak pisu handia duela”. “Era berean, aldarrikatuko dugu euskal kulturaren barnean elkarren erreferente ere izan gaitezkeela eta hutsuneak kanpora begira gaudenean sortzen direla.  Ahaztu gabe kanpoko erreferenteak lagungarriak direla”.

Horretarako, hainbat diziplina eta adierazpide uztartuko dituzte; tartean, spoke word, poesia eta musika. “Emanaldi honetan, euskaraz sobera baliatu ez den formatu bat izango da ardatza: ingelesez spoken word eta euskaraz hitz esana dei litekeen hori. Errezitatzeko modu horrek berak jada batzen ditu diziplina desberdinak, poesia errezitatzeko era hori antzerkitik edo performancetik gertu baitago, irakurketa dramatikotik gertu. Horrez gain, hainbat poemaren irakurketa zuzeneko musikaz lagunduta egongo dira”.

Hautatutako lan horrek 3.000,00€ko ordainsaria jasoko du, eta lehenengo emanaldia 2022ko Hi(ZKI)bridoak kultur zikloaren baitan eskaini beharko dute.

Bost kidek osatuko dute beka honetako epaimahaia: Eneko Sagardoy aktoreak, Lutxo Egia idazleak, Haizea Barcenilla arte-kritikariak, Onintza Enbeita bertsolariak eta Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariak.

Anariren “Habiak” emanaldia aire librean egingo da

Ostiralean, abenduak 17, Hi(ZKI)bridoak 2021 egitarauaren azken hitzordua izango da, Habiak; Anari musikariak 2000. urtean argitaratutako disko homonimoaren inguruan ardaztuko da.

Ekitaldiak bi jarduera bilduko ditu: diskoan jasotako hamaika kantuen artelanak biltzen dituen erakusketa kolektiboa eta Habiak diskoaren inguruko Anariren elkarrizketa musikatua.

Anariren emanaldia 19:30ean hasiko da, Euskararen Etxearen aurrean dagoen plazatxoan egingo da, aire librean. Hartara, ekarri salda-termoa eta artilezko galtzerdiak. Elkarrizketa musikatu formatuan egingo da: Anari bakarka arituko da eta saioa Amaia Arakistain Arrietak gidatuko du.

Halaber, arteerakusketa 18:30ean inauguratuko da, eta ikusgai egongo da abenduaren 31ra arte. Erakustetan 11 artistaren lanak ikusi ahalko dira: Izibene Oñedarra, Idoia Beratarbide, Uxue Pascual, Zaloa Ipiña, Nagore Legarreta, Marrabila, Okene Abrego, Ramon Zabalegi, Maite Arbonies, Txakur Gorria eta Alaia Gaztelumendi.

Oharra: Emanaldira etortzeko ez da gonbidapenik beharko; beraz, gonbidapena lortu zutenei ez zaie lekua gordeko. Plazan guztiontzat lekua dago.

Ekitaldi hori Booktegi plataformarekin lankidetzan ondu da.

Sei eragile jardungo dira Lantoki Kooperatiboan

Iragan azaroaren 9an abiatu genuen Euskararen Etxeko Lantoki Kooperatiboanedo coworking gunean  jarduteko deialdia. Deialdia dagoeneko ebatzi da, eta hauexek dira gurean arituko diren sei eragileak: Tokikom, Euskaltzaleen Topagunea, Emun, 111 Akademia, Loraldia Kultur Elkartea eta Euskal Kulturgileen Kidegoa (EKKI).

Horiei Azkue Fundazioa gehitu behar zaie, zeinak Euskararen Etxea kudeatzen duen.

Eragileok sinatutako hitzarmenaren arabera, bi urtez egongo dira lanean Euskararen Etxean, 2022. urtetik 2023 urtera bitarte.  Halaber, deialdi publiko berri bat abiatuko da 2023. urtearen azaroan, 2024-2026 aldirako.

Bestalde, Lantoki Kooperatiboan arituko diren eragileok urtero jarduera ireki bat antolatu beharko dute Euskararen Etxean.

Lantoki kooperatiboaren helburu nagusiak:

  • Euskararen Etxeak desberdinen arteko elkarlana sustatu gura du lantoki kooperatiboaren bidez; era berean, euskarazko jardunari babesa eman nahi dio.
  • Euskararen Etxeak euskararen sustapen eta hedapenean eragitea du helburu. Hori dela eta, lantoki kooperatiboan lan egiteko aukera izango dute euskara helburu edo misio duten entitate, elkarte edota norbanakoek.
  • Doako erabilera eskaintzea.

“Euskal Alien Nazioa” eta “Hostopostoak” jardueretan parte hartzeko aukera gehiago Gabonetan

Euskararen Etxeak egun martxan dituen bi zerbitzuen , Euskal Alien Nazioa ihes-gela eta Hostopostoak familia programa, ordutegiak handituko ditu Gabonetako oporraldiari begira.

Hala, Euskal Alien Nazioa ihes-gela irekita egongo da abenduaren 20tik urtarrilaren 8ra bitarte; bi saio egingo dira arratsaldero, 16:15ean eta 187:45ean. Erreserbak egiteko, sartu hemen.

Bestalde, haur eta gurasoei zuzendutako Hostopostoak jarduera abenduaren 27tik urtarrilaren 8ra egin ahalko da; hiru saio egingo dira goizero, 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan. Kasu honetan, erreserbak telefonoz egin beharko dira: 944 028 081. OHARRA: Aisialdi taldeek ere aukera izango dute jarduera honetan parte hatzeko.

Euskal Alien Nazioa: “Euskal Alien Nazioa” ihes-gelan euskarari lotutako zientzia fikziozko misterioa askatu beharko duzue aretotik atera ahal izateko. Erronkari heltzeko prest?

Hostopostoak: Euskararen Interpretazio Zentrora 4 eta 10 urte bitarteko umeekin etortzeko proposamen dibertigarri bezain hezigarria da “Hostopostoak”. Ekimenaren helburua euskaraz eta familian jolastea da. Horretarako, mahai-jolas erraldoi batez baliatuko gara. Gauza berriak ikasi, jende berria ezagutu eta euskarara gehiago gerturatzeko aukera bikaina da hau.

Gazteak eta euskara aztergai, Bat Soziolinguistika Aldizkarian

Soziolinguistikako Klusterrak Bat aldizkariaren 120. zenbakia argitaratu du, zeina Gazteak eta euskara gaiaren inguruan ardazten den. “gazteen hizkuntza erabilera, gaitasunak eta bizipenak jorratu dituzte zenbait adituk, ikuspegi desberdinetatik. Neurri batean 2020ko Euskal Soziolinguistika Jardunaldian landu ziren gaiak jaso dira aldizkarian”.

Estibaliz Amorrortu Gomezek eta Jone M Hernández Garcíak idatzi duten hitzaurrearen arabera, Gazteak eta euskara monografikoaren xedea ondoko galderei erantzutea da, ekintza eta ikerketa uztartuz: “Gazteek euren egunerokoan euskara erabiltzen dute? Nolako hizkuntza-praktikak dituzte? Zergatik dituzte hain praktika, esperientzia, bizipen ezberdinak batzuek eta besteek? Euskara erabiltzeko zailtasunak dituztenek zein oztopo dute lagunartean, egoera ez-formaletan, euskaraz erraztasunez hitz egiteko? Zer egin dezakegu hezkuntzako profesionalek, aisialdikoek eta ikerlariok nahi dutenei euskararen aldeko mudantza-prozesuetan laguntzeko, mudantza arrakastatsuak bideratu daitezen aukerak eskaintzeko?”.

Ondoko artikulu eta autoreek osatzen dute monografikoaren aurkibidea:

  • Ekintza-ikerketa partehartzailea euskararen hiztun aktibo bihurtzeko babesgune eta zubi-espazio (Estibaliz Amorrortu Gomez, Jone Goirigolzarri Garaizar, Ane Ortega Etcheverry)
  • Gazteak euskararen eszenatokian: erabileraren auzia (Olatz Altuna Zumeta, Jone Miren Hernández García)
  • Babesguneak: euskal hiztun gazteak aktibatzeko aukera (Jone M. Hernández García, Maialen Iñarra Arregi, Jaime Altuna Ramírez)
  • Taldean jardun, taldean hiztun (Jaime Altuna Ramírez, Jone Miren Hernández García)
  • Euskarabentura eta gazteen hizkuntza erabilera (Ainhoa Pardina Arenaza)
  • PULUNPA! Emozioetatik euskaraz (Odei Guirado Irasuegi)
  • Ikasleen motibazioa handitzea, euskararekiko atxikimendua hobetzeko bidea (Yolanda Olasagarre Mendinueta, Rosa Ramos Alfaro)
  • Hizkuntzaz besteko irakasgaietan euskararen ahozko erabilera indartzen (Inés García-Askoaga, Olatz Bengoetxea Manterola, Josune Zabala Alberdi).

Informazio gehiago, hemen.

Anariren “Habiak” ekitaldirako gonbidapenak abenduaren 7tik aurrera eskatu ahalko dira

Euskararen Etxeko Hi(ZKI)bridoak egitarauaren azken ekitaldia Anariren Habiak diskoaren inguruan ardaztuko da. Izan ere, abenduaren  17an, disko horren 11 kantuetan oinarritutako arte erakusketa kolektiboa inauguratuko da Euskararen Etxean, eta Anarik Habiak diskoa gogoratuko du elkarrizketa-musikatu formatuan.

Bada, ekitaldi horretarako gonbidapenak abenduaren 7tik aurrera eskatu ahalko dira, telefono honetara deituta, 94 402 80 81.

Ekitaldia Euskararen Etxean egingo da, baina eguraldi ona eginez gero, Euskararen Etxearen aurrean dagoen plazatxoan egingo da, horrek ekarriko lukeen edukieraren handitzearekin batera. Halere, kanpoan egingo balitz, gure ohiko kanaletatik iragarriko genuke, ekitaldiaren bezperan, abenduaren 16an.

Habiak diskoaren  gaineko arte-erakusketa zabalik egongo da abenduaren 31ra arte. Erakustetan 11 artistaren lanak ikusi ahalko dira: Izibene Oñedarra, Idoia Beratarbide, Uxue Pascual, Zaloa Ipiña, Nagore Legarreta, Marrabila, Okene Abrego, Ramon Zabalegi, Maite Arbonies, Txakur Gorria eta Alaia Gaztelumendi.

Ekitaldia Booktegi plataformarekin lankidetzan ondu da.

Antzerkiko sei liburu berri izango ditu EHAZE-Antzerkizale elkarteak Durangoko Azokan

EHAZE-Antzerkizale elkarteak dozena erdi nobedade izango ditu Durangoko Azokako standean: Ganbila bildumako hiru, EHAZE-liburuak saileko bi, eta Eztena-Liburuak bildumako bat. “Horiez gain, 2021ean Ganbila sailean publikatutako beste hiru titulu ere mahaian izango dira”.

Hauexek dira sei liburu berri horiek: 39 Lore (Amancay Gaztañaga), 99 pauso ganorabakoen aldamenean (Peru Calabaza Saban), Porno vs Afrodita (Patricia Urrutia), Alamedako dantzaldia (Eider Perez), 25 Gau eta bat gehiago (Ane Zabala eta Galder Perez) eta Miss Karaoke (Oier Guillan).

Hauexek dira Ganbila sailean 2021ean argitaratutako beste hiru testuak: Jon Gerediagaren Dama, Gaizka Sarasolaren Zerrakuretan eta Agus Perezen Aititaren betaurrekoak. Hiru lan horiei buruzko informazio gehiago, hemen.

Kirmen Uribek “Izurdeen aurreko bizitza” nobela aurkeztuko du

Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak Izurdeen aurreko bizitza izenburuko eleberria aurkeztuko du aurkeztuko du Donostiako Konstituzio plazan kokatutako Mandasko Dukearen aretoan, 12:00etan. Aita Barandiaranen kondaira batean oinarrituta, 80ko hamarkadako Bilbon dago girotuta. Uriberen arabera, “bere nobelarik onena” ei da.

Susa argitaletxeak liburuaren sinopsia zabaldu du: “Euskal kondaira zahar baten arabera, izurdeak, garai batean, pertsonak izan ziren. Izurde bilakatu ziren laminen maitale izatearren. Eta behin gorputzez aldatuta, ezin berriz lehengora itzuli. Migranteari ere gertatzen zaio halakorik herrialdez aldatzen denean. Mudatzen zaio bizitza eta ezinbestean baita atzean utzitakoarekiko lotura ere.

Uri, Nora eta bien seme-alabak New Yorkera lekualdatuko dira liburu honetan. Rosika Schwimmer sufragista eta bakezalearen bizitzan oinarritutako nobela bat idatzi nahian ari da Uri: nola hazi zen zaldi eta kontzertu artean, nola lotu zen emakumeen askapen mugimendura, nola antolatu zuen Gerra Handiari aurre egin nahi zion bake-ontzia. Haren urratsak ikertu bitartean, ordea, bereak ere aterako zaizkio bidera, haurtzaroko bizipenak, faro bat arrosaz margotu zutenekoa, izebarekin konpartitutakoak. Familia ezari-ezarian hirian etxe egiten doan bitartean”.