“Hi(ZKI)bridoak” 2021: Artze, Mirande, “Dendaostekoak”, zientzia fikzioa eta “Habiak”

2021-06-03

2021eko irailetik abendura bitarte egingo dugu Euskararen Etxean  Hi(ZKI)bridoak. Literatura Mutanteak kultur zikloaren bigarren edizioa. Irailean egingo dugu bigarren edizioaren aurkezpen ofiziala, xehetasun guztiak azaltzeko, bai eta nobedaderen bat iragartzeko ere. Udako oporraldia hasi baino lehen baina, zikloa osatuko duten bost emanaldiak iragarriko ditugu.

Hi(zki)bridoak literaturaren eta ahozkotasunaren arteko mutazioak dira. Letrak, soinuak, bertsoak eta irudiak eraldatzen dituzten ekitaldiak. Emaitza literatura mutanteak dira, zentzu zabalenean.

Irailak 23 / 19:30 – Doan

“oMorruMU baMat”

Joxan Artzeri omenaldia egiteko asmoz, 2018ko udazkenean hasi ziren IbonRG eta Enrike Hurtado, ohiko dituzten lanabesekin lanean. Ibonek Artzeren hainbat olerki abiapuntu hartuta sortutako kantuak Enrikek berak sortutako software esperimentalekin uztartu ziren. Txalaparta interaktiboa, autotxalaparta eta soinua eraldatzeko programa horiek ahotsa, piano eta txalapartaren egurrak bat egiten dute lan honetan. IbonRG (ahotsa eta pianoa)  eta Enrike Hurtado (txalaparta)

Urriak 7 / 19:30 – Doan

“Dendaostekoak”

Uxue Alberdiren azken lan literarioan oinarritutako literatur bertso-saioa. Uxuek gaiak jarriko dizkie Onintza Enbeita eta Oihana Iguaran bertsolariei, Aitor Nova Saxofonistaren doinuekin lagunduta.

Urriak 29 / 19:30 – Doan

Mirande

Jon Miranderen olerkietatik abiatutako musika-egitasmoa. Elena Setien (ahotsa eta teklatuak), Xabier Erkizia (elektronika) eta Grande Days taldea; hots, musika esperimentala ingelesez kantatu ohi duen abeslari bat, soinu artista eta ekoizle bat eta indie-rock talde bat. “Emaitza Frankenstein bat da”.

Azaroak 11 / 19:30 – Doan

Zientzia Fikziozko Bertso Saioa

Miren Artetxe, Eli Pagola eta Jone Uria (bertsolariak), eta Danele Sarriugarte eta Arrate Hidalgo (gidoilariak).

Abenduak 7 / 19:30 – Doan

“Habiak”

Anariren “Habiak” diskoan oinarritutako arte erakusketa kolektiboa; Anarik disko horretako zenbait kantu joko ditu.

OHARRA: Ordutegietan aldaketak egon daitezke.

Ekitaldiok Lanku, Booktegi eta Loraldiarekin egin dira elkarlanean.

Euskararen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kirola eta Kultura Sailak abiatutako zikloa da Hi(ZKI)bridoak.