Kultur egitarau oparoa ondu dute “Prest!” Deustualdeko aldizkariaren 20. urteurrena ospatzeko

2021-11-23

Deustaualdeko Prest! aldizkariak 20 urte bete ditu, eta urteurren azpimarragarri horren harira, kultur egitarau aberatsa antolatu dute azaroaren amaieratik abendura bitarte. “Deustualdeko PREST! herri aldizkaria 2001eko martxotik ari da euskaraz tokiko informazioa doan lantzen, herritik herrirako! Deustutik Deustura eta mundura berriak zabalduz!”.

Hala, azaroaren 29an, txangoa ondu dute San Ignazio auzoko baserri zaharrak ezagutzeko. Ibilaldia Hektor Ortegak zuzenduko du, eta parte hartu nahi dutenek auzo horretako anbulategira gerturatu beharko dira 18:00etan.

Abenduaren 1ean, zinea izango da protagonista: All The President´s Men filma pantailaratuko dute Mullerrenean, 19:30ean.

Abenduaren 2an, Mikel eta  Esti Markezek kontzertua emango dute Salesianos Ikastetxeko antzokian. Sarrerak leku hauetan egongo dira eskuragarri: Euskararen Etxean, Berbaizu Euskara Elkartean eta Bordatxo tabernan.

Abenduaren 3an, hain justu, Euskararen Nazioarteko Egunean, hainbat jarduera izango dira: 18:30ean, gazteentzako hitzaldia: Euskarak independentzia, independentziak euskara; ordu berean, kalejira izango da, Iruña kaletik abiatuta; 19:30ean, argazki erraldoia egingo dute Deustuko frontoian; 20:00etan kantu-poteoa, Deustuko tabernetan zehar; eta, azkenik, 22:00etan, kontzertua Deustuko Gazte Lokalean: Oinutsi Erromeria.