“Loa eta Laia” marrazki bizidun digitalen telesailak euskara eta musika uztartuko ditu

Haurrei eta familiei zuzendutako Loa eta Laia telesaila musikaren inguruan ardazten da, eta “euskal kultura, ohiturak eta gizarte hobeago baten aldeko balore unibertsalak sustatzea du helburu”.

Josu Bergara Aretxabaleta musikari eta publizista da egitasmoaren sortzailea, bai eta telesailaren musikaren egilea ere. Halaber, Paul Caballero arduratu da telesaila marrazteaz. Gaur aurkeztu dute egitasmoa Bilbon kokatutako Euskararen Etxean.

Horiekin batera, Ane Martinez Martinez eta Leire Aparicio Guerrero abeslariak eta Nerea Alberdi eta David Sánchez Damián musikaren moldaketa eta produkzio arduradunak izan dira Euskararen Etxean.

2 eta 7 urte bitarteko haurrentzako egitasmoa da Loa eta Laia, eta euskararen eta musikaren inguruan ardazten da. “Musika eta euskara dira egitasmoaren ardatzak eta bi pertsonaia horiek, inguruan dituzten beste lagun batzuekin batera, euskaraz eta Euskal Herrira begira, ohiturak transmititu, edukiak landu eta jarduerak proposatuko dituzte”.

Esaterako, Gau Beltza edo Euskararen Eguna jorratuko dituzte, horretarako propio sortutako kantuen bidez. Gau Beltzari dagokiona, hain zuzen,  gaur bertan estreinatuko da. Hilero eduki berri bat sortu nahi dute.

Loa eta Laiaren abenturak egitasmoaren webgunean eta Youtube kanalean ikusi ahalko dira.

“Souvenir” komedia estralurtarra estreinatuko dute Bilbon

Horman Poster kolektiboak Souvenir obra taularatuko du estreinakoz azaroaren 10ean, Bilboko Arriaga Antzokian, 19:30etatik aurrera. Galaxietan barrena gertatzen den komedia da.

Igor de Quadrak zuzendu du antzezlana, eta Xanti Agirrezabala, Matxalen De Pedro eta Larrea Maite Aizpurua dira antzezleak.

“Espazioko ametsez horditutako hiru pertsona dira.

Souvenir, kanpamentu bat da, simulazio zientifikoaren eta parke tematikoaren arteko laborategi hibrido bat.

Bertakoek, aldi baterako astronauta bihurturik, espazioaren konkista entseatu eta birpentsatzen dute.

Orain, mundua ekonostiak jota hondoratzen ari dela dirudien honetan,

egunen batean planeta arteko etorkizuneko espezie baten parte izateko promesari eusten diote.


B planeta baten aurkikuntzaren zain dauden bitartean… lurrean saiakuntzak egiten jarraitzen dute”.

Informazio gehiago, hemen.

Apaolazak, Bilbaok eta Mutuberriak jaso dute Euskadi Literatura Saria

Uxue Apaolazaren Bihurguneko nasa ipuin bilduma narratiban, Leire Bilbaoren Barruko hotsak poema liburua haur eta gazte literaturan eta Maite Mutuberriaren Irrimola ilustrazioaren kategorian izan dira lan sarituak.

Narratiba saileko epaimahaiaren aburuz, Bihurguneko nasa (Susa) liburuak “identitatearen eta alteritatearen inguruko hausnarketa aberatsa eskaintzen du. Atseginez irakurtzen den prosa gihartsuan idatzia dago, eta elaborazio literario zehatzak nolabaiteko gordintasuna ere ematen dio, soberako azalpen eta luzamendu oroz soildurik. Edukiari ederki egokitzen zaion hizkera da, hiri handiko herrestaren dinamika bizian -ustekabean- irakurleak protagonistaren begirada ernea sumatuko du detaileen tolesduretan sakontzen”.

Halaber, Leire Bilbaoren Barruko hotsak lanaren harira, epaimahaiak bere forma nabarmendu du, “poesia bisuala” dela azpimarratuz. “Kaligramaren generoa berritzen du, errimaz eta erritmoz betea. Belarriekin irakurri eta begiekin entzuteko moduko liburua da, jolastia eta umore finez josia”.

Azkenik, Mutuberriaren lan ilustratuari dagokionez, hauxe azaldu du epaimahaiak: “album ilustratuaren kontzeptua beste dimentsio batera eramaten du, formatu zirkularrean diseinatutako liburu-objektu bat, zeinaren konposizioak esperimentazioa eta irakurketarekin jolastea ahalbidetzen duen”.

“Liburuaren Arbola” erakusketa Ondarroan izango da urriaren 20tik azaroaren 10era

Portugaleten izan ondoren, Euskararen Etxeak ondutako Liburuaren Arbola erakusketa ibiltaria Ondarroan izango da ikusgai urriaren 20tik azaroaren 10era bitarte. Erakusketa Ondarroako Udalak antolatutako Literatur Amuak egitarauaren baitan dago.

Liburuaren arbola erakusketak liburuaren izaera azaltzen du: hizkia, idazketa, diseinua, inprimaketa. Bisitariak ezagutuko du hizkiek nolako anatomia daukaten, testuek nolako formak hartzen dituzten, liburuak zein parte dauzkan eta nola izendatzen ditugun euskaraz”.

Erakusketa Gorka Arrese editoreak apailatu du, eta Ondarroan ere erakusketa osatuko duen hitzaldia emango du.

Literatur Amuak egitarauari dagokionez, askotariko ekitaldiak bilduko ditu, besteak beste, Leire Bilbaok Etxeko Urak poema liburuan oinarritutako saioa egingo du; Eider Rodriguezek Eraikuntzako materiala eleberria izango du hizpide eta Maite Sarasolak eta Enare Muniategik Bertso Saio Feminista egingo dute.

Hemen txertatutako irudian egitarauaren xehetasun guztiak jasotzen dira.

Miren Agur Meabek, Miren Amurizak eta Ane Labakak “Trinitatearen misterioak” aurkeztuko dute Berreginen Museoan

Miren Agur Meabe idazleak eta Miren Amuriza eta Ane Labaka bertsolariek Trinitatearen misterioak ikuskizuna aurkeztuko dute Euskararen Etxeak ondutako Hi(ZKI)bridoak kultur egitarauaren baitan.

Emanaldia urriaren 26an egingo da, Bilboko Berreginen Museoan, 19:00etatik aurrera.

“Miren Agur Meabe Plazak akuilatuta, kantuan jardungo dute Miren Amuriza Plazak eta Ane Labaka Mayozek. Hiruren lur partekatuak arakatuko dituzte, narrazioak eta bertso jarriak zein bat-batekoak tartekatuz”.

Gorka Arrese editoreak “Liburuaren Arbola” erakusketari buruzko hitzaldia emango du Portugaleten

Mundua irauli duen lehen objektu industriala izeneko berbaldia emango du Gorka Arrese editoreak ostegunean, urriak 6, Portugaleteko Gazte Gela aretoan, 19:00etatik aurrera.

Hitzaldia Liburuaren Arbola erakusketari lotzen zaio, zeina Arresek berak apailatu duen eta, egun, Portugaleteko Gazte Gelan dagoen ikusgai.

Erakusketa ibiltaria da, eta, laster, Ondarruko Kofradia Zaharra gunean ikusi ahalko da; hain justu, urriaren 20tik azaroren 10era; bertan ere hitzaldia emango du Arresek.

Gorka Arrese (1965, Zarautz) kazetaria eta argitaratzailea da. Argia, Egin, Euskaldunon Egunkaria eta Berria agerkarietan lan egin zuen. Hogeita hamar urtez Susa literatura argitaletxeko editorea izan zen, 1988tik 2018ra arte. Euskal idazle askoren lehenbiziko liburuak argitaratu ditu, hala nola Harkaitz Cano, Eider Rodriguez, Kirmen Uribe, Jon Alonso, Miren Agur Meabe, Lutxo Egia, Igor Estankona, Jon Benito, Leire Bilbao, Iñigo Astiz, Jule Goikoetxea, Beñat Sarasola eta abar. Literaturaren historiari buruzko perspektiba osoago bat izaten lagundu dio Armiarma.eus ataria osatzen jarduteak.

Itziar Ugartek eta Mikele Landak “Gu gabe ere. Biharamunean” aurkeztuko dute ostegunean, Bilboko Berreginen Museoan

Ostegunean, urriak 6, Hi(ZKI)bridoak kultur egitarauaren bigarren hitzordua egingo da, Bilboko Berreginen Museoan, 19:00etatik aurrera: Itziar Ugarte kazetari eta idazleak eta Mikele Landa ikus-entzunezko sortzaileak Gu gabe ere. Biharamuna aurkeztuko dute.

Ugarteren Gu gabe ere poema-liburutik abiatuta, bikoteak Gu gabe ereBiharamunean ondu dute: Gu gabe ere liburuaren eszena gaineko hedatze bat da emanaldia, Itziar Ugarte Irizarren eta Mikele Landa Eigurenen eskutik. Poemei ikus-entzunezkoak josi dizkiete, hegal modura batzuetan, aingura lez besteetan. Zalantza, argi izpi eta, batik bat, inguruarekiko dialektikan sakontzen segitzeko modu bat.

“Hostopostoak eta ilargi-jaia” ipuinaren kontaketa ilustratua egingo da Bakioko Txakolingunean

Euskararen Etxeak Europako Ondarearen Jardunaldietan parte hartuko du Hostopostoak eta ilargi-jaia ipuinaren kontaketa ilustratuarekin. Ekitaldia Bakioko Txakolingunean egingo da, urriaren 15ean, 11:03ean. Ipuina Miren Agur Meabek idatzi du eta Gastónek ilustratu du, eta biak ala biak Bakion izango, haurren gozamenerako. 5 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendutako ekimena da.

Hau da liburuaren sinopsia: Hostopostoak basoan esnatu dira, baina bat falta da. non ote dabil? tximeleta urduri dago, gaur ilargi-jaia delako eta oraindik ez dutelako afaria prestatu…

Miren Agur Meabek azaldu duenez, hiru helburu ditu ipuinak: “irakurketa jostagarria sustatzea, fantasia elikatzea eta hiriko umeen harreman afektiboa sendotzea euskararen ahozkotasunarekiko”.

Egiturari dagokionez, “egoera harrigarri” batetik abiatzen da kontakizuna, gero, gatazka bat gertatzen da, eta amaiera irudimentsu batekin amaitzen da.

Horretarako, hizkuntzaren “esperientzia poetikoa” baliatu du, “hizketa xume eta baliabide poetikoen” bidez”. Sinonimia ere agertzen da. “Esaterako, `hosto pila´ pertsonaien ohea da, baina, nagusiok dakigunez, `hostopila´ hojaldrea ere bada. Hala, pertsonaiek hostopila egin beharko dute hostoekin eta errezeta eta osagaiak bilatu”.

Bakioko ekitaldian parte hartuko duten haur guztiek ipuin bana jasoko dute doan. Halaber, salgai egongo da, 5 euroren truk.

Izena emateko, deitu telefonoz, 94 402 80 81 (astelehenetik ostiralera, 8:00-20:00) edo bidali mezua, info@euskararenetxea.eus

Euskararen Etxeak “Liburuaren Arbola” erakusketa ibiltaria aurkeztuko du Portugaleten

Euskararen Etxeak, Bilboko San Ignazio auzunean, gure hizkuntzaren inguruan topalekua, lan kooperatiborako zentroa eta laborategia izatea du helburutzat.

Euskararen Etxeak Liburuaren arbola erakusketa ibiltaria prestatu du, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailarekin lankidetzan, bost herri hauetan ikusiko dena: Portugaleten, Ondarroan, Getxon, Amorebieta-Etxanon eta Gernikan, 2022ko irailean hasi eta 2023ko otsailean buka.

Gorka Arrese editoreak apailatu du erakusketa, eta hitzaldi bana egingo du udalerri horietako bakoitzean.

Erakusketaren inaugurazio ekitaldia

Eguna: irailak 20

Lekua: Portugaleteko Gazte Gelan

Ordua: 12:00etan

Partaideak:

  • Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua
  • Iurdana Acasuso Euskararen Etxeko ordezkaria eta Azkue Fundazioko zuzendaria
  • Txema Ezkerra Portugaleteko alkateordea eta Gazteria zinegotzia
  • Koldo Nuñez Portugaleteko Udaleko Euskara zinegotzia
  • Gorka Arrese editorea eta erakusketaren diseinatzailea.