Euskararen Interpretazio Zentroa berritu dugu

2023-02-22

Euskararen Etxean kokatutako Euskararen Interpretazio Zentroko (EIZ) erakusketa berriak euskararen bizi indarra eta aniztasuna transmititu nahi ditu. Era berean, norberaren inplikazioa aldarrikatzen du, norberak euskarari gehitu egiten baitio. Finean, euskararen askotariko izaerak batu egiten gaitu.

Bada, EIZ berriko erakusketak euskara kanpotik barrura ezagutzeko aukera eskaintzen du, era jostalari, umoretsu eta irudimentsuan, baina baita modu zehatz eta zientifikoan ere.

Horretarako, zentzumenetan oinarritutako bisita ludiko eta zehatza eskainiko die bisitariei; hau da, bisita esperientzial eta ludiko batetik abiatuta, bisitariak euskararen izaera poliedrikoan murgilduko dira.

Erakusketak hainbat atal biltzen ditu. Euskararen egunez eguneko egoeraz ohartarazten gaituzten adierazleak, euskararen historiari begiratua, euskal hitzekin jolasteko aukera, haren transmisioa eta aniztasuna ezagutzeko ikus-entzunezko kanpaiak, etorkizuneko erronkak, euskal kulturaren aberastasun eta kalitatea. Halaber, euskara balore positiboei lotuta dagoenez, erakusketak ere horrelakoa izan nahi du, baikorra, abegikorra, zabala. Eta zer pentsatua ere sortzen duena. Zer egin dezaket nik gizateriaren altxorra den euskararen alde?

Hori guztia diseinu garaikidez jantzi da eta eduki interaktiboz osatu da, erakusketa argia, koloretsua eta erakargarria izan dadin. Hala, bisitariak modu aktiboan arituko dira bisitan zehar, eta edukiak modu dinamikoan jasoko dituzte, betiere, bisitaren esperientzia bere osotasunean bizi eta sentitzeko asmoz.

Horiek horrela erakusketak euskara ezagutarazi nahi du, bisitariak haren edertasunaz jabetu daitezen, baina, era berean, euskarak izan dituen zailtasunez ere ohartu nahi ditu. Halere, behin euskara ezagututa, bisitariak euskarara batzea izango da erakusketaren azken xedea, euskarak maitemindu ez ezik, batu egiten baikaitu.

Erakusketaren helburuak:

Euskararen baikortasuna eta eskuzabaltasuna erakustea

Euskara era dinamikoan eta jostalarian transmititzea

Euskarari lotzen zaion boluntarismoaren indarra ezagutaraztea

Euskararen aniztasuna eta nazioartekotasuna

Euskararen izaera inklusiboa nabarmentzea

Bisitak:

Euskararen Interpretazio Zentro berria goizez eta arratsaldez bisitatu ahalko da, banaka edo taldeka:

  • Astelehenetik ostiralera: 10:00etatik 19:00etara.
  • Larunbatetan: goizez, 10:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 16:00etatik 19:00etara
  • Bisita gidatuak egiteko tarteak egongo dira, hala taldeka nola bakarka: astelehenetan eta asteazkenetan, 16:30ean, eta astearte eta ostegunetan, 12:00etan.

Ikastetxeak:

Euskararen Interpretazio Zentroko bisitari garrantzitsuak dira ikasleak, milaka etortzen baitira urtero. Ikastetxeek www.euskararenetxea.eus webgunean egin beharko dute bisitaren erreserba, gutxienez bisita eguna baino 15 egun lehenago.

  • Ikastetxeen ordutegia: astelehenetik ostiralera, bi txanda izango dira goizez, 10:00etan eta 12:00etan.

Ikasleek erakusketaz gozatzeaz gain, lantegi batean ere parte hartuko dute. Horretarako lau unitate didaktiko prestatu dira:

  • LH 1-2-3: Hizkuntza aniztasuna munduan eta gugan, Hizkuntzen aniztasunaren hausnarketa.
  • LH 4-5-6: Berbak batzen, zer dakit euskararen inguruan? galdetegia eta hitz konposatuen jolasa.
  • DBH 1-2: Euskal erreferenteen bila!, Kahoot! Lehiaketa eta euskal erreferenteei buruzko galdetegia.
  • DBH 3-4 + BATXILLERGOA: Euskararen lorategia, euskararen aniztasun linguistikoaren jolasa eta artea eta euskara lotzen dituen ariketa.

Bisitei lotutako informazio guztia jasotzeko:

www.euskararenetxea.eus / Tel.: 94 402 80 81