“Euskararen Lorategia” erakusketa inauguratuko da ekainaren 12an

Bilboko San Ignazio auzoan kokatutako Euskararen Etxean dagoen Euskararen Interpretazio Zentroa (EIZ) berritu da aurten. Horrekin batera, zentroari lotutako eta ikasleei zuzendutako Eskola Programa ere berritu da; hain justu, Eskola Programa horretan parte hartu duten 15 eta 18 urte bitarteko ikasleek egindako collageekin osatu da Euskararen Etxean ikus daitekeen Euskararen Lorategia erakusketa koloretsu eta irudimentsua.

Eskola Programan EIZko edukiak lantzen dira, eta edukiok ikasmaila ezberdinetara egokitzen dira; Euskararen Lorategia, hain zuzen, DBH3, DBH4 eta Batxilergoko ikasleekin jorratzen den jarduera da, ikasleak euskararen aniztasunaz jabetu daitezen, eta euskararekiko duten harremanari buruz gogoeta egin dezaten. Horretarako, haien sormena garatzen dute collage teknikaren bitartez.

Joxemiel Barandiaran antropologoaren esaldi ezagun batetik abiatzen da erakusketa: “Lorategi batean dauden hainbat eta hainbat lore eta landareren artean gu (euskaldunok) gara beste landare bat edo lore mota bat, ezberdina, eta gureak ere, besteak bezala, bizitzeko eskubidea du”.

Bada, Barandiaranen hitz horiek oinarri hartuta, ikasleek euskararen askotasunaren eta euskararekiko duten atxikimenduaren inguruan hausnartu dute, jardun artistikoaren bitartez.

Emaitza askotariko landare eta loreekin osatutako lilitegi koloretsua da, harrigarria, hala eduki aldetik nola estetika aldetik. Izan ere, gazteek haien sormena erakutsi ez ezik, euskararekiko dituzten askotariko jarrerak eta aburuak ere irudikatu dituzte.

Horiek horrela, eta emaitzaren kalitateaz jabetu ondotik, Euskararen Etxeak Euskararen Lorategia erakusketa abiatu du, zeina Euskararen Etxean paratuta egongo den ekainaren 12tik uztailaren 15era bitarte.

Interes handiko ekimena iruditzen zaigu, gazteak askatasun osoz aritu baitira euskararekiko dituzten kezkak azaltzen. Horrekin batera, balio artistikoa ere nabarmena da. Ondorioz, ziur gaude bisitariek lorategi honetako lilien usain, forma eta koloreekin gozatuko dutela, baina, era berean, gazteen gaitasun eta kezkez ere ohartuko dira bisitariak, euskara eta gazteak uste baino lotuago baitaude.

“Euskal Alien Nazioa” ihes-gela berritua abian da

Bilbon kokatutako Euskararen Etxean egiten den Euskal Alien Nazioa ihes-gela berritu da, eta dagoeneko martxan da. 2021ean abiatu zen ihes-gela, eta tarte batez etenda izan ondoren, laster, bueltan izango da, bisitarien artean oso harrera ona izan baitu.

Parte-hartzaileek euskarari lotutako zientzia fikziozko misterioa askatu beharko dute, aretotik atera ahal izateko: “2155. urtean gaude. Estralurtarrak Euskal Herrira iritsi berri dira euskararekiko mirespenak itsututa. Beraien espazio-ontzia Euskal Herriko txoko guztietatik ikus daiteke. Beraien helburua argia da: euskara hartu eta beraien bizilekura eraman…”.

Ekainaren 5etik aurrera erreserbak egiteko aukera izango da.

Iraupena: Ordubete.
Jokalari kopurua: 2 lagun gutxienez eta 6 gehienez (talde handietan etortzea gomendatzen dugu).
Adina: 15 urtetik aurrera. Taldean, gutxienez, adin nagusiko batek egon beharko du.
Prezioa: Doan
Egunak: Ostegun, ostiral eta larunbat arratsaldeak.
Ordua: 17:30 (10 minutu lehenago etortzea komeni da).

Ekimenari buruzko xehetasun guztiak, hemen.

“Euskararen Interpretazio Zentroan, udan, hitz eta jolas!”: haurrentzako egonaldia

Euskararen Interpretazio Zentro (EIZ) berrituak hainbat jarduera berezi abiatuko ditu uda partean publiko guztientzat.

  • Nobedade gisa, umeentzako egonaldi bat izango da: Euskararen Interpretazio Zentroan, udan, hitz eta jolas!
  • Ekimenaren xedea da EIZko eduki guztiekin lotutako programa egokitua eskaintzea,  goizez eta bost egunean.
  • Hiru txanda izango dira, eta 6 eta 10 urte bitarteko umeei zuzenduta egongo da. Zerbitzua doakoa izango da, baina 20 euroko fidantza jarri beharko da.

Egonaldiaren txandak:

  • Ekainaren 26ko astea
  • Uztailaren 3ko astea
  • Uztailaren 10eko astea

Egonaldiari buruzko bestelako xehetasunak:

  • Adin-tartea:  6-10 urte
  • Talde kopurua :  10-15 ume
  • Ordutegia:  10:00 – 13:00 
  • Doakoa + Fidantza (20€)
  • Egonaldian parte hartu nahi izanez gero, deitu Euskararen Etxera: 94 402 80 81 (Izena emateko epemuga ekainak 9; fidantza ekainaren 16a baino lehen ekarri beharko Euskararen Etxera)

Egonaldian, EIZn bildutako edukiak landuko dira; betiere, umeen adin-tarteetara egokituak, eta modu ludiko eta dibertigarrian jorratzeko moduan. Antzerkia, hitz-jolasak, dantza, kantagintza, eta oro har euskararekin eta sormenarekin lotutako hainbat jardueratan parte hartuko dute haurrek.

“Zer behar dute gazteek? Euskaratik ditugun erronkak aletzen” jardunaldiak egingo dituzte Bilbon

Ekainaren 1ean eta 2an egingo dituzte Zer behar dute gazteek? Euskaratik ditugun erronkak aletzen jardunaldiak Bilboko Kuna espazioan. “Euskararen etorkizunaz gogoetatu eta gazteei entzuteko jardunaldiak antolatu dituzte Kontseiluak eta Jaurlaritzak lankidetzan”.

Kontseilua.eus webgunean jasotzen denez, ekainaren 1ean eta 2an Bilboko BBK Kuna gunean egingo dira Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak lankidetzan urtero antolatzen dituzten jardunaldiak. Zer behar dute gazteek? Euskaratik ditugun erronkak aletzen izena izango dute, euskararen etorkizunaz eta gazteen ahotik jasotako erronkei erantzuteko beharraz hausnartzea izango dute xede.

Jardunaldiak doakoak izango dira, baina beharrezkoa da izena ematea www.kontseilua.eus webgunean, maiatzaren 29ra arte. Halaber, jardunaldiei buruzko informazio guztia bertan dago jasota.

Informazio gehiago, hemen.

“Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzen”, ekimenaren aurkezpena, Euskararen Etxean

Lekua: BILBOko Euskararen Etxea

Eguna: Maiatzaren 18an, osteguna

Ordua: 18:30

Ekimen honek hasiera xumea izan zuen: 2018 udazkenean Euskal Herrian egindako  ADITU izeneko formazioan, bertan parte hartu zuten Hego eta Erdialdeko Amerikako 11 hizkuntza gutxituetako ordezkariek egindako ariketa.

Ariketa  horren  materiala jaso eta liburuxka argitaratu genuen 2020an, ondoren izen bereko erakusketa jarri genuen abian. Erakusketa 

honek, jadanik, Hego Euskal Herriko 20 hiri eta herri baino gehiagotan jarri dugu.

Une honetan urrats sendoa ematen ari gara: harrera oso ona izan duen LIBURUXKA berrargitaratu, irakaskuntza mundurako GIDA-DIDAKTIKOA argitaratu, EGUTEGI INDIGENA kaleratu, KOLIBRIAREN IPUINA (animazioa) sarean jarri.

Hori guztia kontuan izanik AURKEZPEN EKITALDIA  antolatu dugu komunikabideei eta gaian interesa duten pertsonei begira. 

Egitasmoan Garabide, Easo Politeknikoa eta Unesko Katedra ari gara elkarlanean. Ekitaldian hiru entitate  horien ordezkariek hartuko dute hitza: Iñaki Martinez de Luna, Miel Anjel Elkoroberezibar eta Ines García, hurrenez hurren.

Aurkezpenaren ondoren, bisita gidatua izango dugu erakusketan MikeL Mendizabalen eskutik.

Euskararen Interpretazio Zentroak publiko guztientzako egitarau berezia eskainiko du udan

Euskararen Interpretazio Zentro (EIZ) berrituak hainbat jarduera berezi abiatuko ditu uda partean publiko guztientzat.

  • Nobedade gisa, umeentzako egonaldi bat izango da: Euskararen Interpretazio Zentroan, udan, hitz eta jolas!
  • Ekimenaren xedea da EIZko eduki guztiekin lotutako programa egokitua eskaintzea,  goizez eta bost egunean.
  • Hiru txanda izango dira, eta 6 eta 10 urte bitarteko umeei zuzenduta egongo da. Zerbitzua doakoa izango da, baina 20 euroko fidantza jarri beharko da.

Egonaldiaren txandak:

  • Ekainaren 26ko astea
  • Uztailaren 3ko astea
  • Uztailaren 10ko astea

Egonaldiari buruzko bestelako xehetasunak:

  • Adin-tartea:  6-10 urte
  • Talde kopurua :  10-15 ume
  • Ordutegia:  10:00 – 13:00 
  • Doakoa + Fidantza (20€)
  • Egonaldian parte hartu nahi izanez gero, deitu Euskararen Etxera: 94 402 80 81 (Izena emateko epemuga ekainak 9; fidantza ekainaren 16a baino lehen ekarri beharko Euskararen Etxera)

Egonaldian, EIZn bildutako edukiak landuko dira; betiere, umeen adin-tarteetara egokituak, eta modu ludiko eta dibertigarrian jorratzeko moduan. Antzerkia, hitz-jolasak, dantza, kantagintza, eta oro har euskararekin eta sormenarekin lotutako hainbat jardueratan parte hartuko dute haurrek.

Heldu eta norbanakoentzako bisita gidatuak eta ihes-gela berritua: egunero bisita gidatuak eskainiko dira helduentzat, eta hilaren amaieran, ihes-gela abiatuko da, Euskal Alien Nazioa.

Familientzako bisita gidatuak eta Hostopostoak familia-programa: Familiek EIZ berritua ezagutzeko aukera izango dute bisita gidatu, eta uztaileko eta abuztuko azken larunbatean Hostopostoak jarduera eskainiko da.

Katixa Agirre, Andoni Egaña eta Sustrai Colina adimen artifizialaz arituko dira Bilbon

Geroa hemen solas-zikloaren udaberriko emanaldia ondu du Euskal Idazleen Elkarteak maiatzaren 16an, Bilboko Kuna gunean, 19:00etatik aurrera. Katixa Agirre idazlea eta Andoni Egaña eta Sustrai Colina inteligentzia artifizialaren inguruan solastatuko dira, Inteligentziaren artifizioak lelopean. Colinak zuzenduko du saioa.

Honatx Geroa hemen egitarauaren proposamenaren gakoak: “Geroa zer? Etorkizuna, maiz, apokalipsiaren edota katastroferik handienen sinonimoa da. Hausnarketa eta, batez ere, berba egitea falta zaigu. Besteek pentsatu dutena entzun, bestelako mezuak jaso, patxadaz eta lasaitasunez”.

Bizkaiko museoak jasangarritasunaren inguruan arituko dira Museoen Egunean

Museoen Erroak. Museoen sustraien jasangarritasuna lelopean ospatuko dute Bizkaiko musoek maiatzaren 18an izango den Museoen Nazioarteko Eguna.

Bizkaiko museo, areto eta interes-guneek hainbat jarduera ondu dituzte data berezi horu ospatzeko; jarduerei buruzko informazio guztia www.museoeneguna.eus webgunean dago.

Gaur aurkeztu dute Museoen Eguneko egitaraua, zeinetan Euskararen Etxeko Euskararen Interpretazio Zentroak ere parte hartzen duen, Garabide elkartearekin lankidetzan ondutako  Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzeko lanean erakusketaren bitartez.

“Bizkaiko Museoek Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute aurten ere, maiatzaren 18an. Oraingoan, ICOMek (Museoen Nazioarteko Kontseilua) jasangarritasuna azpimarratzen du. Museoen Erroak. Museoen sustraien jasangarritasuna da aurtengo edizioaren goiburua Bizkaian, eta lurraldeko hogeita hamar pinakotekak baino gehiagok bi astez iraungo duten efemeride horri lotutako jarduerak programatuko dituzte, nahiz eta zenbait espaziok maiatzaren 18an museoa bisitatzeko sarrera librea eskaintzea erabaki duten. Horrela, bisitariei museoetara hurbiltzeko aukera eman nahi zaie, ospakizun honen inguruan antolatutako programazioez gozatzeko”.

Museoak

Edizio honetan, Bizkaian ospakizunarekin bat egiten duten hogeita hamar museo baino gehiago dira: Bilbon, Arkeologi Museoa, Athletic Club Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa, Bilboko Berreginen Museoa, Itsasmuseum Bilbao, Arte Sakratuaren Museoa, Euskal Abertzaletasunaren Museoa, Guggenheim Bilbao Museoa eta Euskararen Etxea; eta beste udalerri batzuetan: Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa (Abanto-Zierbena), Txakolingunearen Museoa (Bakio), La Encartada Fabrika-Museoa (Balmaseda), Balmasedako Pasio Biziduna, Balmasedako Historiaren Museoa, Burdin Hesiaren Oroimenezko Museoa (Berango), Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Antzasti Euskaldunon Etxea (Dima), Durangoko Arte eta Historia Museoa, Urdaibai Bird Center (Gautegiz Arteaga), Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo), Gernikako Bakearen Museoa, Bizkaia Zubia (Getxo), Dolomitetako Fabrika Zaharra Museoa (Karrantza), Santimamiñe (Kortezubi), Medikuntzaren Historiaren Euskal Museoa (Leioa), “Andrés de Urdaneta” Historia Naturalaren Museoa (Loiu), Hontza Museoa (Mañaria), El Pobal Burdinola (Muskiz), Butroeko Plasentia Museoa (Plentzia), “Agurtza” Arrantzaren Interpretazio Zentroa, Santurtzi Itsas Museoa, Enkarterrietako Museoa (Sopuerta), Urduña Hiria Museoa (Urduña) eta Simón-Bolívar Museoa (Ziortza-Bolibar).

Informazio gehiago, www.museoeneguna.eus 

“Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzeko lanean” erakusketa inauguratuko da Euskararen Etxean maiatzaren 18an

Euskararen Etxean kokatutako Euskararen Interpretazio Zentroaren jardunari lotuta, eta maiatzaren 18an ospatuko den Museon Nazioarteko Egunaren harira, Euskararen Etxeak Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzeko lanean erakusketa ondu du Garabide elkartearekin lankidetzan. Garabide Euskararen Etxeko Lantegi Kooperatiboko kidea da. Erakusketa ekainaren 2ra arte egongo da ikusgai.

Ekimena Bizkaiko museo, areto eta interes guneek ondu duten egitarauaren barruan egingo da, zeina, aurten, Museoen Erroak. Museoen sustraien jasangarritasunalelopean egingo den.

Hizkuntzak eragile ekonomikoak dira, baita bakerako eta gizarte-kohesiorako funtsezko faktoreak ere, eta, azken batean, giza eskubideei lotutako gaia dira. Horregatik guztiagatik, garapen jasagarriak kontuan izan behar ditu hizkuntzak.

Euskal Herrian, nabarmena da hizkuntzek eta kulturek garrantzia handia dutela komunitateen garapenean.

Beraz, agerian utzi behar dugu gizakiaren eta bere hizkuntzaren arteko lotura eta elementu horiek komunitateen garapen integralean duten garrantzia.

Erakusketari dagokionez, Erakusketak bi kontu jakinaraztea du helburutzat. Batetik, kooperazio linguistikoa nola ulertzen dugun adieraztea, zein balio, zein garrantzia eta zein aukera dituen. Bestetik, isilarazitako herri indigenetara hurreratzea, euren sentipenak eta sentiberatasunak ezagutu ditzagun.

Ikusleak hainbat ipuintxo ditu paneletan. Kolibriaren mitoa izenekoan hizkuntza lankidetzaren saretzearen beharra azaltzen da; hurrengoetan, maputxe, guarani, huni kuĩ, kichwa, nasa, q’eqchi’, k’iche’, kaqchikel, mayata’an, nawat eta euskal herrien elezaharrak; eta, azkenik, euskal elezaharrean hizkuntza kooperazioaren aldarrikapena.

Erakusketari buruzko informazio gehiago, hemen.

Museoen Erroak. Museoen sustraien jasangarritasuna egitarauaren gaineko xehetasun gehiago, hemen.