“Amua” antzezlana estreinatuko du AXUT! konpainiak

Asteburu honetan taularatuko du lehendabizikoz AXUT! antzerki taldeak Amua obra: ostegunean, Hernaniko Biteri aretoan, eta larunbatean, Sopelako Kurtzio Kultur Etxean. Biak ala biak 19:00etan hasiko dira.

Antzezlanak Anaren istorioa jasotzen du: Anak iraganeko bi maitale gonbidatuko ditu asteburua elkarrekin pasatzeko. Oholtzan hiru aktore izango dira: Manex Fuchs, Maite Larburu eta Ximun Fuchs.

Honatx antzezlanaren sinopsia: “Anak, bere gaztaroko bi maitale ohi gonbidatu ditu Iratiko etxola batera. Azken asteburu bat, izan zirenaren eta amestu zutenaren izenean. Aitor eta Txolarre etorriko dira bai, baina bata eta bestea ez dira jakinean hiru izanen direla. Elkar asko maitatu dute, elkar asko maite dute, baina zaila da hain intimoa den hori partekatzea. Esklusibotasuna, erromantizismoa, egoa, jabetza, ohitura, kultura eta hezkuntza alde batera uzteak, asteburu bakar batentzat bada ere, barne kalapita galantak eraginen ditu. Oihan basatia, oreinak eta onddoak tarteko, bakoitzak pentsatzen duenaren, erraiten duenaren eta egiten duenaren arteko distantziak pertsonaiak biluztuko ditu. Askatasunaren utopia azkenekoetan dela errana izan zaigu hainbatetan, baina maitasunaren izenean, noraino joan gaitezke?”.

Informazio gehiago, hemen.

John Steinbeck eta Simone de Beauvoir, “Urrezko Biblioteka” bilduman

Asun Garikanok euskarara ekarritako John Steinbeck idazlearen The pastures of Heaven (Zeruko belardiak ) eta Oier Alonsok itzulitako Simone de Beauvoirren Les sang des autres (Besteen odola) dira Elkar, EIZIE eta Eusko Jaurlaritzak ondutako Urrezko Biblioteka bildumaren ale berrargitaratuak.

EIZIEren arabera, “Urrezko Biblioteka izena jarri zitzaion liburu berrargitaratuek osatuko duten bildumari, eta Elkar argitaletxeari esleitu liburuok argitaratzeko lana, lehiaketa publiko bidez. Aspaldi itzulitako obrak direnez eta bitarte horretan euskarak berak hainbat gauza finkatu dituenez, orraztuak eta zuzenduak berrargitaratzen dira itzulpenok”.

Steinbeck-en liburuan jende xehearen gorabeherak biltzen dira, The Grapes of Wrath ospetsuan egin zuen bezala: “Zeruko Belardiak deitu zioten parajeari hura deskubritu zuten konkistatzaile espainiarrek, halako oparotasuna eta edertasuna zerizkion muino arteko haran hari. Alabaina, aingeruak ez baizik laborariak bizi dira bertako etxaldeetan, kezka oso lurtarrak dituztenak: lana eta jana, jolasa zein solasa, lurra nahiz larrua…”.

Beauvoirren Besteen odola eleberriari dagokioenez, Hitzen Uberan webgunearen arabera, “Besteen odola nobela izan zen euskaraz irakurri ahal izan genion lehenengoa. 1945eko abuztuan argitaratu zen, II. Mundu Gerra bukatu baino egun batzuk lehenago, eta, hain zuzen ere, gerraurreko giroa eta Frantziako erresistentzia aipatzen ditu batez ere”. 

“Argiantza” eta “Nobela errealista bat”, 111 Akademiaren Sariko finalistak

Pello Lizarralderen Argiantza eta Joxean Agirreren Nobela errealista bat liburuen artean aukeratu beharko dute akademiakideek 2020ko 111 Akademiaren Saria.

111 Akademiak jakinarazi duenez, hirugarren eta azken bozketa-txanda abiatu berri dute. “Luis Garderen Aireportuko musika, Pello Lizarralderen Argiantza, Uxue Alberdiren Dendaostekoak, Idoia Garzesen Mendiko gaitza eta Joxean Agirreren Nobela errealista bat izan dira lehian bigarren txandan, lehenengo bueltan boto gehien jaso zuten bost obrak, alegia. Bigarren bueltan saridun izendatzeko beharrezkoa den botoen %40a lortu duen lanik ez da izan eta, beraz, boto gehien jaso duten bi obrak aurtengo finalera pasatu dira: Pello Lizarralderen Argiantza eta Joxean Agirreren Nobela errealista bat”.

Akademiako kideek apirilaren 22ra arteko epea izango dute sariduna hautatzeko. Halaber, 111 Akademiak apirilaren amaieran iragarriko du nor den sariduna.

Behatokiak “Hizkuntza Eskubideen Egoera 2020” txostena aurkeztuko du

Hizkuntza Eskubideen BehatokiaHizkuntza Eskubideen Egoera 2020 txostena aurkezten ari da Euskararen Etxean.

Behatokiaren arabera, “zinez urte berezia izan da” 2020, eta beste hainbat alorretan bezala, “euskaldunon hizkuntz eskubideen urraketetan eragin zuzena izan du pandemiak”; hain zuzen, 1.229 intzidentzia bildu zituen iaz, 2019. urtean baino %66 gehiago.

“Urgentziaren eta azkartasunaren izenean, etengabe urratu dira hizkuntza eskubideak pandemiari lotutako ohar, jakinarazpen eta jarraibideetan. Horrez gain, eta urraketak betikotzen ari direlakoan, badira kezka sorrarazten duten beste hainbat sektore ere”.

Verde Pratok folk eta elektronikaz bustitako diskoa argitaratu du

Ana Arsuaga tolosarra dago Verde Prato egitasmoaren atzean, besteak beste, Serpiente eta Mazmorra taldeetan aritutako musikaria. Bada, zazpi kantu biltzen dituen Kondaira eder hura diskoa argitaratu du. Arsuagak elementu gutxirekin eraikitako doinu minimalistak jotzen ditu. Elementu horien artean ahotsa da nagusi. Folkaren eta elektronikaren uztarketan dihardu. Pinturan ere aritzen da.

“Verde Pratok ahotsarekin esperimentatzen du batez ere, eta looper bat eta teklatu bat besterik ez ditu lagun. Melodiaren eta hitzen artean, kantuaren bidez, ezartzen den lotura eta transmisio-ahalmena interesatzen zaizkio, bai eta zuzeneko batean sor daitezkeen intentsitate desberdineko erlazioak aztertzea ere. Bere musika-erreferentziak tradizionalak direla sumatzen da, baina beste erritmo batzuekin nahastean, hasiera batean, oso desberdinak diren soinuak ere integratzen ditu. Bai letretan, bai konposatzeko elementu gutxi aukeratzean, Verde Pratok xumetasunaren aldeko apustua egin du. Xalotasun horrek indarra hartzen du zuzenekoetan. (…) Bere abestiek, bere koadroek bezala, istorioak kontatzen dituzte eta euskal folkloretik edaten dute. Euskaraz, gaztelaniaz eta errusieraz kantatzen du”.

“Aizu!” aldizkariak argitaratutako ihes-gelen inguruko erreportajean “Euskal Alien Nazioa” jaso dute

Euskararen Etxean abiatu dugun Euskal Alien Nazioa ihes-gela aipatu dute Aizu! aldizkarian oraintsu argaratutako euskararazko ihes-gelei buruzko erreportajean.

Aizu!ko kideak Elizondoko Baztan Escape Room-eko arduradunarekin, Zarauzko eta Getariako ihes gelen arduradunarekin eta Euskal Alien Nazioan parte hartu zuen euskaltegi bateko ikaslearekin solastatu dira.

Euskal Alien Nazioari dagokionez, Haritz Hinojal (Bilbo, 1995) euskaltegiko ikaslearen hitzak jaso dituzte: “Arrakastaz burutu zuten egitekoa Hinojalek eta euskaltegiko bere ikaskideek. “Hobeto horrela”, egin du barre bilbotarrak: “Oso lehiakorra naiz, eta lortu nahi nuen. Ondo sentitzen zara gero”. Jakingura handia izateari egotzi dio bere abilezia: “Horrelako leku batera ikuspegi irekiz joan behar duzu”. Nolanahi ere, meritua taldearena dela argitu du, ez norberarena. Zientzia fikzioaz euskaraz aritzeak harritu egin ote duen galdetuta, ezetz esan du, ez zaiola arraro egin.
Taldean ondo pasatzeko eta euskara praktikatzeko leku aproposa iruditu zait. Ni bigarren hizkuntza eskakizuna eskuratu nahian nabil euskaltegian, eta ondo ulertu dut dena euskaraz. Maila urriagoa duten beste batzuek ere egin dezaketela uste dut; izan ere, ez da zaila. Ondo egiteko, euskaraz egin behar duzu; edo, bestela, isilik egon”.

Horrekin batera, Euskararen Etxea kudeatzen duen Azkue Fundazioko zuzendari Iurdana Acasusoren hitzak ere jaso dituzte: “Motibazioa pizteko eta areagotzeko aukera ere izan daiteke, bai eta ikasgelako ohiko jardunean bestelako jarduera bat txertatzekoa ere. Ikasleek beti eskertzen dituzte eguneroko dinamikatik kanpoko jarduerak, eta, gure ustez, Euskal Alien Nazioak hainbat elementu biltzen ditu ezohiko jarduera pozgarria eta aberasgarria izan dadin. Neurri batean, abentura txikia da, eta euskaraz, gainera; euskara ardatz duen  ihes gela bakarra. Hortaz, ikasle eta irakasleok,  etorri eta gozatu!” .

“Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!” dinamikak hainbat ekitaldi bilduko ditu igandean Euskal Herri osoan

Aurten, Korrikarik izan ez arren, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! dinamika jarri du martxan, euskalduntze-mugimenduaren garrantzia zabaltzeko; igandean, 80tik gora “ekitaldi xume” egingo dira Euskal Herri osoan.

Egitasmoak hiru ardatz ditu:

  • 2021eko gutuna. AEK-k gutun bat helarazi die Euskal Herriko administrazio nagusiei, datozen urteetan euskalduntze-mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen jasota.
  • Herritarren bultzada ere behar du egitasmoak, “aurten ere euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada, kalean egon dadin”. Hori dela eta, Euskal Herriko hainbat tokitan, 80tik gora, “ekitaldi xume”  antolatu dituzte igandean, martxoak 28. Ekitaldiok eguerdian hasiko dira. Ekitaldiok, hemen.
  • Azkenik, martxoaren amaierara arte, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! Egizu zure ekarpena kanpaina ere abiatu du AEK-k. “Korrika atzeratzeak zuloa eragin digu aurrekontuan, zalantza barik, eta banku bidezko finantzaketaren bitartez eman diogu erantzuna, hasiera batean. Zorpetze horri ere aurre egin beharko diogu, eta herritarren sostengua nahi dugu. Aurten bultzada txiki bat, eta hurrengo ikasturtean izango den KORRIKAk babes erraldoia jasoko duelakoan gaude, benetan behar dugu-eta. Ekarpenak webgune honetan egin daitezke, hainbat eratan. Ikusi hemen”.

Euskal musikariak eta ikasleak lotuko ditu “Musikariak Ikastetxeetan” egitasmoak

Musikariak Ikastetxeetan egitasmoak 30 musikari eramango ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako haibat ikastetxetara; musikariek sorkuntza prozesua azalduko diete ikasleei; Nafarroan “arrakasta” izan ondotik abiatu du Jaurlaritzak proiektua EAEn.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatuta, programak musikako profesionalak euskal ikastetxeekin lotu nahi ditu, euskal kulturaren transmisioa sustatzeko asmoz.

Euskal musika eta kultura curriculumean txertatzea da helburu nagusienetako bat, ikasleek sormenezko sorkuntza- eta gogoeta-prozesuak ezagutu ditzaten eta haien artean piztu daitezen. Hartara, euskarazko musikaren ibilbidea ezagutu eta ulertzeko beharrezkoak diren tresnak jasoko dituzte ikasleek. Halaber, sentimenduak transmititzeko eta identitateak sortzeko bidea ere izango egitasmoa.

92 saio aurreikusi ditu Jaurlaritzak ikasturte honetarako —13 egingo dituzte Araban; 48, Bizkaian; eta 31, berriz, Gipuzkoan—, eta aurrerantzean ikastetxe guztietara zabaldu da. DBH 3. eta 4. mailetako eta batxilergoko 1. eta 2. mailetako ikasleekin hasiko dira

Hainbat belaunalditako 30 musikari aktibok hartuko dute parte egitasmoan, tartean, La Basu, Eñaut Elorrieta, Ines Osinaga, Joseba Irazoki, Jurgi Ekiza, Maite Larburu, Mikel Urdangarin, Olatz Salvador, Rafa Rueda, Thierry Biskari eta Zuriñe Hidalgo.

Mikel Tabernak “Arkanbele kantak” poema-liburu berria argitaratuko du

Mikel Tabernak Arkanbele kantak poema-liburu berria aurketuko du asteazkenean, hilak 24, Donostiako Udal Liburutegian, 11:00etatik aurrera. Liburua Susak argitaratuko du.

Aurkezpen-ekitaldia streaming bidez ikusi ahalko da ondoko estekan: https://meet.jit.si/susa

Liburuari dagokionez, Susaren arabera, liburuaren “erretolika” esan nahi du. “Nork berea du, arkanbele kanta. Eta erraz antzemango dio irakurleak poemotan Tabernaren eskuari. Izan ere, geografia fisiko eta bital batean barnako bidaian sartuko gaitu liburuak, Bidasoaldera bezala Iruñeko atzerrira eramango gaituena, haurtzarora eta 36ko gerrara, solastatzeko eta isiltzeko modu batera, gaztaroko lagunartera eta aurreneko sexu-jolasetara, gure baitako izaera gordera, bizitza gozatzeko modu batera… Desagertzeko arriskuan omen dago arkanbelea, baina zaila da sinestea, bizitza zelan zukutzen duen ikusita, haren kantua adituta”.

Wikipedia Entziklopedia Askearen arabera, Biologiako ikasketak egin zituen Mikel Tabernak (Lesaka, 1957). Itzultzaile jardun zuen Nafarroako Gobernuan. Gai jartzaile eta aurkezle lanak egin izan ditu bertso-jaialdietan, tartean ,Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Poesia eta ipuingintza landu ditu gehienbat. Alkasoroko benta (2013, Susa), narrazioak, eta Harritik hazia (2017), antzerkia, dira bere azken lanak.