Berbaizu elkarteak Patxi Iturregi ekarriko du Euskararen Etxean ondu ohi duen Irakurleen Txokora

2021-04-16

Deustuko Berbaizu euskara elkarteak Euskararen Etxean antolatu ohi du Irakurleen Txokoaren. Bada, hurrengo hitzordua apirilaren 28an izango da, 18:00etatik aurrera. Saio horretan Patxi Iturregi (Laudio, 1952) idazleak parte hartuko du, Ur biren artean liburua aztertzeko asmoz.

Hauxe dio liburuaren sinopsiak: “Orain dela 100 urte, 1914 eta 1919 bitartean, munduak ordura arte ezagututako gerrarik gogorrena bizi izan zuen, gerora Lehen Mundu Gerra deituko zitzaiona, Europako lurralde gehienak ez ezik ozeano guztiak ere hartu zituena. Bilboko itsasontziak, bandera neutrala dutenez, ez daude ofizialki gerran, baina gatazka orokorrak ondorio nabarmenak ditu hirian, ontzioletan, barkuetan… Potentzia lehiakideek lehengaiak behar dituzte eta ondo ordaintzeko gertu daude, baita hornigai horiek etsaiarengana iristea eragozteko prest ere.

Giro nabar eta nahasi hori fikzio bihurtu du Patxi Iturregik dozena bat ipuinetan: alde bateko eta besteko espioiak, portuko eta ontzioletako langileak, kontrabando ilegalean dabiltzan merkantzia-ontziak, saltzaileen larriak, langabetuen estutasunak, jauntxoen dibertimenduak… Hiriaren eta itsasadar osoaren taupada biziak jasotzen ditu Iturregik, teknika, gai eta erregistroen ugaritasuna eta kontagintzarako trebezia erakusten duten istorioetan”

Haize kontra (2006), Behi eroak (2003) eta Dioramak (2006) dira laudioarrak idatzitako beste lan batzuk. Nautika ikasi zuen Portugaleten. Egun, jaioterrian bizi da, eta herriko euskaltegiko irakasle dihardu.