“Hostopostoak”, euskaraz eta familian gozatzeko ekimena

Euskararen Etxeko Euskararen Interpretazio Zentroan Hostopostoak familientzako programa abiatuko dugu maiatzaren 29an. Ekimenaren helburua euskaraz eta familian jolastea da, pandemiak eragindako krisialditik indartuta atera nahi gaitezen, euskara indarberrituz, familia-loturak sendotuz eta jolas kooperatiboa sustatuz.

Hostopostoak 4 eta 10 urte bitarteko umeak dituzten familia zein taldeentzako ekimena da, eta hileko azken larunbatean egingo da, goizez (hiru txanda izango dira). Erreserba egiteko: Tel.: 94 402 80 81.

Pandemian, ikastetxeak itxi zirenean, haur eta gazte askok euskararekin zuten harreman-esparru bakarra izugarri murriztu zen. Hala, ikasle askoren euskararen erabilera etxeko lan edo online saioetara mugatu zen. Hartara, euskararen erabilera nabarmen urritu da.

Horrekin batera, aisia, kultura eta ikuskizunen eskaintza gutxitu egin da, eta euskaldunon komunitatearen haustura eta sakabanaketa areagotu egin dira.

Halaber, haur eta gazteek espazioak behar dituzte familiarekin jolasteko, bizitzako ikaskuntzarik garrantzitsuenak bizitzako lehen etapetan jolasten direlako. Jolasetik beren ikaskuntzak ateratzen dituzte, baina baita inguruneko eta haiei buruzko ezagutzak ere.

Horretarako, familiako jolas kooperatiboaren alde egin dugu, parte-hartzaile guztien irudimena eta ahalmen sortzailea sustatzen direlako, taldearentzat arriskutsua den kanpoko elementu edo pertsonaia baten aurrean helburu komuna lortzeko.

Finean, Hostopostoak jolasaren bidez, esperientzia dibertigarria bizi nahi da euskaraz, bai eta familiako harremanak hobetu, familian gozatu eta familian konplizitatea bultzatu ere. Finean, euskararen balioa, errespetua, entzutea, elkarrizketa, sormena eta irudimena landu nahi dira.

1.644 ikaslek parte hartu dute Euskararen Interpretazio Zentroko online bisitan bigarren hiruhilekoan

COVID 19ak eragindako osasun egoera larria dela eta, Euskararen Etxeko Interpretazio Zentroko bisita online abiatu genuen ikastetxeentzat eta bestelako zentroentzat 2020ko azaroaren 16an. Bada, aurtengo bigarren hiruhilekoan, 1.644 ikasle konektatu dira bisitara.

Ikastetxei dagokienez, 9 Gipuzkoak izan dira, 7 Bizkaikoak eta bakarra Nafarroakoa. Guztira 69 taldek parte hartu dute ikastetxeei zuzendutako online bisitan: 34 Gipuzkoakoak, 32 Bizkaikoak eta 3 Nafarroakoak. Guztira, ikastetxeetako 1.498 ikasle.

Zerbitzu hau eskaintzen jarraitzen dugu, ikastetxeen artean izan duen harrera onaren ondorioz.

Erreserba egiteko edota bestelako xehetasunak,  hemen.

Euskaltegiak eta Unibertsitateak

Horrekin batera, bigarren hiruhileko honetan, Euskaltegietako 112 ikasle era konektatu dira bisitara. Azkenik, Montevideoko Unibertsitateko (Uruguay) 34 ikaslek ere parte hartu dute online bisitan.

Orotara, 1.644 ikasle.

Dinamoak “Hitzaren Eskola” berri bat abiatuko du irailean

Dinamoa Azpeitiko Sormen Guneak Hitzaren Eskolaren hirugarren edizioa abiatuko du datorren ikasturtean, 2021eko irailaren 8tik 2022ko martxoaren 26ra bitartean. Matrikulatzeko epea zabalik da, 2021eko ekainaren 17ra arte. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 12-15 laguneko talde osatu nahi dute.

“hizkuntza du lehengai, eta hizkuntza bere egin behar du, mundua kontatzeko.Idatzi, aldatu, ezarri, ezabatu, berridatzi, itzuli, esan, esan, eta berriz esan. Berbaren sormen laborategi honetan, hainbat iturritatik edanez, nork bere ahotsa bilatu ahalko du, nork bere hitza”.

Sei irakasle-tutore arituko dira ikasturtean: Amets Arzallus,  Miren Artetxe, Koldo Almandoz, Mari Luz Esteban,  Oier Guillan etab Ula Iruretagoiena.

Eskolaren helburuak hauexek dira:

  • Hitza ardatz hartzen duten hainbat sormen adierazpide ekartzea.
  • Adierazpide guztiak gurutzatzen diren puntuan jartzea arreta: hitza.
  • Hitzaren lanketa integral bat eskaintzea, ikerketatik, sormenetik, esperimentazioari leku eginez.
  • Hitzaren ahalaren jakitun egitea ikasleak, erreferentziak emanez, lanean jarriz, praktikaren bidez.
  • Tradizio bat eskaintzea sortzaile berriei, eta sortzaile berriak tradizio bati.
  • Mundua euskaraz kontatzen jarraitzeko tresnak ematea.

Hitzaren Eskolaren 3. Edizioaren inguruko xehetasun guztiak, hemen.

Xabier Montoiak “Taxiak ez dira inoiz gelditzen” ipuin liburua argitaratuko du

Susa argitaletxeakm jakinarazi duenez, Xabier Montoiak Taxiak ez dira inoiz gelditzen ipuin liburua aurkeztuko du ostiralean, maiatzak 21, Donostiako Udal Liburutegian, 11:00etatik aurrera.

Aurkezpen-ekitaldia atreaming bidez ere ikusi ahalko da ondoko estekaren bidez: https://meet.jit.si/

Honatx liburuaren sinopsia: “Zenbateraino markatzen dituen halabeharrak gure bizitzak. Horixe Xabier Montoiaren ipuin liburu berria gurutzatzen duten galderetako bat. Gaztetxo bat lehen aldiz maiteminduko da, izeba-osaben etxean ama noiz etorriko zain dagoela; harriek sufritzen ote duten galdetuko dio bere buruari Geologia ikasle batek ezbehar baten ostean; barruko zaratari aurre egin nahi dion emakume batek eguzkia gurtzen duen komunitate batean bilatuko du bakea; harreman gatazkatsua hasiko du dealer batek kirurgia estetikoaren erregina batekin; lagun talde batek mendeku hartu nahiko du jasandakoagatik, baina ondorioek gainezka egingo diete…

Bi ahots irakurriko ditugu liburu honetan: hainbat kolpe bizi izan dituzten bi emakume dira, behin baino gehiagotan zerotik hasi behar izan dutenak, aukera hobe baten bila. Baina taxiak ez dira inoiz gelditzen, are gutxiago galtzen ere traketsak direnentzat. Eta geldituz gero ere, batek daki zer ekarriko duten berekin”.

Euskararen Interpretazio Zentroak “Benetan Berezia” ekimenean parte hartuko Museoen Nazioarteko Egunean

Bizkaiko Foru Aldundiak Benetan Berezia ekimena ondu du Museoen Nazioarteko Egunaren harira. Bizkaiko 41 museok era guztietako esperientziak eskainiko dituzte bi astez, tartean, Euskararen Etxean kokatutako Euskararen Interpretazio Zentroak.

Kanpaina www.museoeneguna.eus webgunearen inguruan ardaztuko da. Hala, webguneaj modu ezberdinean erakusten ditu lurraldeko museoak eta jendea museo guztiak bisitatzera animatzen du Bizkaiko museo-eskaintza osoa ezagutzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko museoekin batera, Museoen Nazioarteko Eguna (maiatzak 18) ospatzeko ekimena bultzatu du aurten ere. Oraingo honetan, ICOMek (Museoen Nazioarteko Kontseilua) Museoen etorkizuna: berreskuratzea eta berriz imajinatzea gaia ezarri du eta, ildo horretan, Foru Erakundeak Benetan Berezia ekimena jarri du martxan.

Neurri berezi gisa, aurten Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko programazioak bi asteko iraupena izango du bisitariek museoetara hurbil daitezen eta ospakizunaren inguruan antolatutako jarduerez gozatzeko aukera izateko.  Hala, ekimena bi astez egongo da martxan, baina museoak ikusgai egongo dira, modu berezian, www.museoeneguna.euswebgunean urte osoan zehar.

Abereh egitasmoaren hirugarren lana kalean da

Balmasedako Erizk Berganzaren egitasmoa da Abereh. Bada, oraintsu, bere hirugarren lan argitaratu du, Joan-etorrian. Diskoa Bonberenea Ekintzak zigiluaren laguntzaz plazaratu du bizkaitarrak. Karlos Osinaga teknikariak gobernatu du grabazia, zeinak emo, folk eta punk-etik edaten duen.

Bonberenea Ekintzak diskoetxearen arabera, “joan eta etorri dugu Balmasedako musikaria berehala argitaratuko duen bakarkako hirugarren lanarekin. Joan-etorrian izango da Erik Berganzaren disko berriaren izenburua, eta zazpi kantuk osatuko dute. 2020ko azken egunetan grabatuta Bonberenean, Karlos Osinagaren gidaritzapean, eta 2021eko uda baino lehen ikusiko du argia. Nolabait definitu behar izatekotan, lo-fi folk, emo eta punkrockaren arteko zerbait izango litzateke, baina zer dira etiketak”.

Badok webgunean jasotzen denez, Erik Berganzak bakarka aritzeko aukeratu duen ezizena da Abereh. 2016-2017 urteetan egindako zazpi kantuk osatzen dute bere lehen diskoa. Zarata eta burrunbatik aldenduta baina distortsioa guztiz baztertu gabe, rock edo grunge akustikoa jorratu du Berganzak. Bere hitzetan, “J Mascis, Lou Barlow, Kurt Vile, Califone, David Bazan, Jeremy Enigk, Brian Fallon, Chuck Ragan, Dinosaur Jr, Husker Dü… dezente entzun ondoren argia ikusi duten kantuak dira”.

“Literatura Unibertsala” bildumako obra berriak itzultzeko deialdia zabaldu du EIZIEk

Edith Wharton autorearen Ethan Frome, Pier Paolo Pasoliniren Ragazzi di vita, Marina Tsvetaieva idazlearen Mon frère féminin: Lettre à l’amazon eta Sherwood Andersonen Winesburg, Ohio izango dira aurten itzuli beharreko obrak.

Aurten EIZIEk jakinarazi duenez, lau obra hauek dira aurtengo itzulgaiak (eta lehiaketan parte hartzeko itzuli beharreko laginak):

  • Edith Wharton, Ethan Frome, lehiaketarako lagina, hemen (pdf) eta hemen (word)
  • Pier Paolo Pasolini, Ragazzi di vita, lehiaketarako lagina, hemen (pdf) eta hemen (word)
  • Marina Tsvetaieva, Mon frère féminin: lettre à l’amazon, Lehiaketarako lagina, hemen (pdf) eta hemen (word)
  • Sherwood Anderson, Winesburg, Ohio, lehiaketarako lagina, hemen (pdf) eta hemen (word).

Ordainsariak: Ethan Frome, 2.808 euro; Ragazzi di vita, 8.181 euro; Mon frère féminin, 883,5 euro eta, azkenik, Winesburg, Ohio, 5.616 euro.

Proiektuak aurkezteko epea 2021eko ekainaren 9an amaituko da, eguerdiko 12:00etan.

Informazio gehiago, hemen.

H.G. Wellsen ipuinak euskarara ekarri ditu Joxe Mari Berasategik

Abenturazko eta zientzia fikziozko maisulanak, besteak beste, Denboraren Makina (1895), Gizon Ikusezina (1897) edo Munduen Gerra (1898), idatzi zituen idazle eta filosofo britainiarraren zortzi ipuin argitaratu ditu Elkar argitaletxeak Hormako Atea eta beste ipuin batzuk izenburuko bilduman. Narrazioak gai eta giro askotarikoak dira, eta Joxe Mari Berasategik itzuli ditu.

Elkar argitaletxearen arabera, “Idazleak, pertsonaien bihotz-barrunbeak eta gertalekuen xehetasunak deskribatuz, primeran erakusten dizkigu bere trebezia, asmamena eta esku fina, bikain euskaratutako istorio hauetan”.

Honela dio ipuin bildumaren sinopsiak: “Bilduma honetako lehen istorioan (Hormako atea) politikari garrantzitsu batek bere damua eta samina adierazten dizkio lagun bati, umetan lorategi miragarri bat deskubritu baitzuen kalerik kale zebilela, baina harrezkero ezin izan baita bertara itzuli: bila ibili zenean topatu ez zuelako, eta ezustean lorategiko atearekin topo egin zuenetan, presatuegi bere aferekin, zeharkatu ez zuelako. Azken kontakizunean (Itsuen herrialdea), Ande mendien artean ezkutaturiko haran sekretu bat azalduko zaigu; bertako biztanleek, denboraren joanean, ikusmena galdu zuten, baina, belaunaldiz belaunaldi, ikusmena zer zen ahaztu ere bai, eta beren bizimodurako gaitasun berriak garatu; harik eta mendizale galdu bat iristen den arte, kanpoko mundutik, bere bi begi zabalduekin…”.

“…Gerturatu Eta Lau”, bertsolaritza entzungai eta gogoetagai

Gerturatu Eta Lau (GEL) lau saiotan (Donostia, Bilbo, Gasteiz, Zarautz) eta lau ardatzetan egituratutako egitasmoa da; kantaera, entzuleen erabakimena, gorputzen arteko harremana eta bertsolarien erabakimena dira lau saio horietan jorratuko diren gaiak edo ardatzak, betiere bertsolaritzak gure iruditerian finkatutako taldetasuna zalantzan jartzeko asmoz.

“Beti esan izan da bertsolaritza taldeko ekintza dela. Baina, zenbateraino aztertu dugu taldetasun hori? Nolakoa litzateke bertsolaritzaren egitura bera feministagoa, kooperatiboagoa eta horizontalagoa balitz? Bertsolaritza elementu askok osatzen dute, eta batzuetan joera izaten dugu elementu horiek era isolatuan aztertzeko. Bertsolaria eta gai-jartzailea. Bertsolaria eta entzulea. Kantatzen dena eta kantatzen duen gorputza. Testua eta kantaera. Muga zurrunak ezarri ordez horiek lausotu eta bertsolaritza beste leku batetik biziko bagenu, ez ote genuke sorkuntzarako leku eta bide berririk aurkituko?

Lehenengo saioa, Gauzkaten Eztarri Lerratuak, maiatzaren 6an egingo da Donostiako Larratxo Kultur Etxean: Etxahun Lekue, Haizea Arana, Maddi Ane Txoperena eta Maialen Lujanbio.

Bigarren saioa, Gure Esku Legoke, maiatzaren 11n egingo da, Bilboko Bilborock aretoan: Eneko Lazkoz, Jone Uria, Maider Arregi eta Oihana Iguaran.

Hirugarren ekitaldia, Gorputzak Esango Luke, maiatzaren 18an izango da, Gasteizko Baratza aretoan: Ane Labaka, Aner Peritz eta Nerea Ibarzabal

Azkenik, maiatzaren 25ean azken ekitaldi egingo da, Gaur Edozertarako Libre, Zarauzko Modelo aretoan: Amaia Iturriotz, Oihana Bartra eta Xabat Galletebeitia.

Saio guztiak 18:30ean hasiko dira.

Informazio gehiago, hemen.