“Amua” antzezlana estreinatuko du AXUT! konpainiak

2021-04-14

Asteburu honetan taularatuko du lehendabizikoz AXUT! antzerki taldeak Amua obra: ostegunean, Hernaniko Biteri aretoan, eta larunbatean, Sopelako Kurtzio Kultur Etxean. Biak ala biak 19:00etan hasiko dira.

Antzezlanak Anaren istorioa jasotzen du: Anak iraganeko bi maitale gonbidatuko ditu asteburua elkarrekin pasatzeko. Oholtzan hiru aktore izango dira: Manex Fuchs, Maite Larburu eta Ximun Fuchs.

Honatx antzezlanaren sinopsia: “Anak, bere gaztaroko bi maitale ohi gonbidatu ditu Iratiko etxola batera. Azken asteburu bat, izan zirenaren eta amestu zutenaren izenean. Aitor eta Txolarre etorriko dira bai, baina bata eta bestea ez dira jakinean hiru izanen direla. Elkar asko maitatu dute, elkar asko maite dute, baina zaila da hain intimoa den hori partekatzea. Esklusibotasuna, erromantizismoa, egoa, jabetza, ohitura, kultura eta hezkuntza alde batera uzteak, asteburu bakar batentzat bada ere, barne kalapita galantak eraginen ditu. Oihan basatia, oreinak eta onddoak tarteko, bakoitzak pentsatzen duenaren, erraiten duenaren eta egiten duenaren arteko distantziak pertsonaiak biluztuko ditu. Askatasunaren utopia azkenekoetan dela errana izan zaigu hainbatetan, baina maitasunaren izenean, noraino joan gaitezke?”.

Informazio gehiago, hemen.