Pello Lizarralderen Argiantza eta Joxean Agirreren Nobela errealista bat liburuen artean aukeratu beharko dute akademiakideek 2020ko 111 Akademiaren Saria.
111 Akademiak jakinarazi duenez, hirugarren eta azken bozketa-txanda abiatu berri dute. “Luis Garderen Aireportuko musika, Pello Lizarralderen Argiantza, Uxue Alberdiren Dendaostekoak, Idoia Garzesen Mendiko gaitza eta Joxean Agirreren Nobela errealista bat izan dira lehian bigarren txandan, lehenengo bueltan boto gehien jaso zuten bost obrak, alegia. Bigarren bueltan saridun izendatzeko beharrezkoa den botoen %40a lortu duen lanik ez da izan eta, beraz, boto gehien jaso duten bi obrak aurtengo finalera pasatu dira: Pello Lizarralderen Argiantza eta Joxean Agirreren Nobela errealista bat”.
Akademiako kideek apirilaren 22ra arteko epea izango dute sariduna hautatzeko. Halaber, 111 Akademiak apirilaren amaieran iragarriko du nor den sariduna.