Arriaga Antzokiak euskaraz ekoitzi du Pascal Rambert
frantziarraren Clôture de l’amour (Maitasunaren
itxiera) “ospetsua”; Rambertek berak zuzendu du, hain justu, euskarazko
moldaketa, zeina Miren Gaztañagak eta Eneko Sagardoyk taularatuko duten gaur,
bihar eta etzi, apirilak 29 eta 30 eta maiatzak 1 hurrenez hurren.
Arriaga Antzokiak iragarri duenez, Gaztañagak eta Sagardoyk “pasioz
eta gordintasunez” antzezten dute bikote baten apurketa “lazgarria”. Bataila
dialekto gordina gertatuko da bikotekideen artean, elkar txikitu arte. Beldurra eta askatasunaren
arteko borroka ere azalduko da.
Honela dio sinopsiak: “Intentsitatea, emozioa, pasioa,
gordintasuna, mina… horiek dira Maitasunaren
itxiera lanaren interpretazioa ondoen azaltzen duten hitzetako batzuk.
Hizkuntza da garrantzitsuena, egoera batzuetan tortura fisikoa baino
eraginkorragoa baita. Bi maitale aurrez aurre, hainbat urtez eraikitzaile eta
suntsitzaile izan duten harremana betiko itxi nahian. Argudioak, kexak,
gaitzespenak, mina, amorrua eta maitasuna gurutzatu egiten dira, pasioz eta
erraietatik adierazten den hizkuntza zehatz, kirurgiko eta uholdezko baten
bidez”
Euskal idazleen lanak atzerriko hizkuntzetara itzultzeko diru-laguntzak eskatzeko epea zabaldu du Etxepare Institutuak; proposamenak aurkezteko epemuga maiatzaren 27a izango da. Aurtengo edizioa, gainera, nobedade batekin dator: “argitaletxeen kasuan, edizio eta sustapen gastuak ere diruz lagunduko dira.”
Institutuak ondorengo itzulpen-jarduerak lagunduko ditu diruz: “Batetik, jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura-lanak edozein hizkuntzatara itzultzea. Eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako idazleek jatorriz gaztelaniaz idatzi eta argitaratutako literatura-lanak euskara ez den beste edozein hizkuntzatara itzultzea. Hizkuntza jakin bateko lehen itzulpenak baino ez dira lagunduko bi kasuetan, eta diruz lagundutako itzulpenak argitaratzeko gehieneko epea 2022ko abenduaren 30a izango da”.
Deialdi honetarako gehienezko zenbatekoa 64.000 eurokoa izango da: 44.000 euro itzulpen lanetarako eta 20.000 euro edizio eta sustapen lanetarako.
Deialdira aurkeztu nahi izanez gero, hemen jasotzen dira jarraibideak.
Antolatzaileen arabera, “jasotako film labur
guztien artean zortzi aukeratu dira beraien istorio eta kalitate nabarmenagatik
eta jaialdietan izandako harreragatik”; besteak beste, Zinebi eta Mendifilm
Festival jaialdietan aurkeztutako lanak pantailaratuko dira Laburbiran.
Hauexek dira Euskal Herri osora zabalduko
diren filmak: Aterpean Ateri (Ruben
Crespo); Nigandik (Imanol G.
Gurrutxaga); Game Over (Ilune Diaz
Pollacino); Ilunabarrean Esan (Ekhiñe
Aizkorbe, Sara Alonso, Irati Egibar, Julene Etxauri, Xabier Vallina, Irene
Zaldua); Babarrun Txapelketa (Andoni
Martinez de Madina);
Datsegit (Aitor Arruti Agirreurreta); Nire Eguneroko Maitea (Ximun Fuchs, Eñaut Castagnet, Manex Fuchs); eta, azkenik, Agur (Spookypheria Productions). Filmei buruzko xehetasun guztiak, hemen.
Oihana Arana idazleak Lazunak azkazaletan izeneko poema liburua argitaratu du Susa argitaletxearen poesia sailaren baitan.
Liburua
apirilaren 26an aurkeztuko du Donostiako Udal Liburutegian, 11:00etatik
aurrera. Ekitaldia streaming bidez ere zabalduko da: https://meet.jit.si/susa
Lazunak Azazkaletan Susa argitaletxearen poesia saileko 83 zenbakia da, eta 104 orrialde
biltzen ditu. Hau da bere sinopsia: “Fikzioaren apologia
batekin abiatzen da Oihana Aranaren Lazunak azkazaletan poema
liburua, gogorarazten diguna ez dugula idazlearen bizitzarik irakurriko
orrialdeotan, orpoetako arrakaletan zer ezkutatzen duen jakin nahi duenak jai
daukala. Jakin-minetik ari zaigun ahots bat irakurriko dugu poema hauetan, hain
zuzen ere, eta erreparatuko die -sarri ironikoki- gizarteari, zeruko
elementuei, harreman sozialei, habitatzen gaituzten espazioei, gorputzari”
Oihane Arana bertsolaritzan aritu da txikitatik; 2017an eta 2018an Gipuzkoako eskolarteko txapelduna izan zen. Halaber, 2020an bere lehenengo eleberria plazaratu zuen, Portuak.
Euskaltzaleen
Topaguneak Proiektu Azoka 2021 antolatu du apirilaren 24an; osasun egoera tarteko,
ekimena online egingo da: “1Eratu ildoaren baitan, Topaguneko zazpi elkartek euren
herrietan burutzen duten egitasmo arrakastatsu bana aurkeztuko dute laburrean:
aisialdikoak, kulturgintzakoak, sentsibilizazio alorrekoak…. Azalduko dituzten
proiektu guztiak, gainera, beste herrietan egingarriak direla iritzita aukeratu
dira”.
Hauexek dira
onlineko saioan parte hartuko duten elkarte eta egitasmoak:
Emakume bertsolarien, antolatzaile feministen
eta emakume bertsozaleen arteko sarea
indartzeko asmoarekin eratu da I. Señora Sariketa. Bi saio eta finala
izango ditu: apirilaren 17an, Aramaion;
apirilaren 24an Mutrikun; eta,
azkenik, maiatzaren 8an finala, Lesakan.
Hainbat emakume bertsolari eta bertsozalek ondu dute ekimen aldarrikatzaile eta
umoretsua.
Maider Arregi bertsolari oñatiarra da sariketaren antolatzaileetako bat, eta hark Bertsoa.eus webgunean adierazi duenez, “txantxa moduan sortu zen (Señora izena). (…) espontaneoki bururatu zitzaigun, beste sariketa batzuen testuinguruan. Gero, ordea, ikusi genuen aldarrikatu daitekeen kontzeptua dela. Definitzeko zaila da: zer da señora bat? baina, aldi berean, denok ulertzen dugu zer den eta zerikusia dauka emakume indartsua eta ahaldundua izatearekin. Hori aldarrikatu nahi dugu”.
Sariketaren lehenengo saioa Aramaioko Kultur Etxean egingo da larunbatean,
17:00etatik aurrera: Alazne Untxalo, Haizea Arana, Itxaso Piquer, Maddi
Aiestaran, Miren Artetxe eta Oihane Perea arituko dira. Ainhoa Urien izango
dute gai-jartzaile.
Bigarren
kanporaketa Mutrikuko Kalbarioko ermitan izango da
apirilaren 24an, 17:00etan: Ainhoa Agirreazaldegi, Aissa Intxausti, Oihana
Arana, Oihana Bartra, Paula Amilburu eta Saioa Alkaiza arituko dira bertsotan.
Maite Berriozabalek, ostera, saioa zuzenduko du.
Deustuko Berbaizueuskara elkarteak Euskararen Etxean antolatu ohi du Irakurleen Txokoaren. Bada, hurrengo hitzordua apirilaren 28an izango da, 18:00etatik aurrera. Saio horretan Patxi Iturregi (Laudio, 1952) idazleak parte hartuko du, Ur biren artean liburua aztertzeko asmoz.
Hauxe dio liburuaren
sinopsiak: “Orain dela 100 urte, 1914 eta 1919 bitartean, munduak ordura arte
ezagututako gerrarik gogorrena bizi izan zuen, gerora Lehen Mundu Gerra deituko
zitzaiona, Europako lurralde gehienak ez ezik ozeano guztiak ere hartu zituena.
Bilboko itsasontziak, bandera neutrala dutenez, ez daude ofizialki gerran,
baina gatazka orokorrak ondorio nabarmenak ditu hirian, ontzioletan, barkuetan…
Potentzia lehiakideek lehengaiak behar dituzte eta ondo ordaintzeko gertu
daude, baita hornigai horiek etsaiarengana iristea eragozteko prest ere.
Giro nabar eta nahasi hori fikzio bihurtu du Patxi Iturregik dozena bat
ipuinetan: alde bateko eta besteko espioiak, portuko eta ontzioletako
langileak, kontrabando ilegalean dabiltzan merkantzia-ontziak, saltzaileen
larriak, langabetuen estutasunak, jauntxoen dibertimenduak… Hiriaren eta
itsasadar osoaren taupada biziak jasotzen ditu Iturregik, teknika, gai eta
erregistroen ugaritasuna eta kontagintzarako trebezia erakusten duten
istorioetan”
Haize kontra
(2006), Behi eroak (2003) eta Dioramak (2006) dira laudioarrak
idatzitako beste lan batzuk. Nautika ikasi zuen Portugaleten. Egun, jaioterrian
bizi da, eta herriko euskaltegiko irakasle dihardu.
Susa argitaletxearen baitan dauden Poesia Kaierak bildumak eta antzerki lanak plazaratzen dituen Ganbila sailak liburu berriak aurkeztuko dituzte hil honetan.
Poesia
Kaierak bildumak Christopher
Okigbo eta Edna St. Vincent Millay
poeten antologiak plazaratuko ditu.
Bi lan horiek apirilaren 20an , aurkeztuko dituzte Donostiako Udal Liburutegian, 11:00etatik aurrera. Ekitaldian Beñat Sarasola bildumaren editoreak, eta Karmen Irizar Segurola eta Ana Morales itzultzaileek parte hartuko dute; streaming bidez ere ikusi ahalko da:https://meet.jit.si/susa
Karmele
Irizarrek ekarri du euskarara Christopher Okigbo poeta
nigeriarraren lana: “XX. mendeko poeta afrikar
handienetakotzat jotzen da. Ojoton (Nigeria ) jaio zen 1932an eta gazterik hil
zen, 1967an, Nigeria eta Biafraren arteko gerran borrokan. Nigeriako literaturaren
bultzatzaile nagusia izan zen Chinua Achebe eta Wole Soyinka idazle handiekin
elkarlanean”.
Ana Moralesek bestalde, Edna St. Vincent Millay poetaren lana itzuli du: “XX. mendeko ingelesezko poesia lirikoan maisu-maistren artean Edna St. Vincent Millayk leku berezia du dudarik gabe. Hogeita hamaika urte betetzerako Pulitzer Poesia Saria eskuratu zuen, sari hori lortu zuen lehenengo emakumea, eta AEBetako poeta entzutetsuenetakoa bilakatu zen.
“Ganbila”
bilduman, hiru nobedade
Hauxek dira Ganbila sailaren hiru nobedadeak: Dama(Jon Gerediaga),Zerrakuretan(Gaizka Sarasola /
Mairu Antzerki Tailerra) eta Aititaren betaurrekoak(Agus Perez).
Hiru antzerki lan horiek apirilaren 22an aurkeztuko dituzte Donostiako Kaxilda liburudenan, 11:00etatik aurrera. Jon Gerediaga, Gaizka Sarasola eta Agus Perez egileak eta Oier Guillan bildumaren arduraduna izango dira bertan. Streaming bidez ere ikusi ahalko da:https://meet.jit.si/susa
Ganbila sailaren arabera, Jon Gerediagak idatzitako Dama
lan poetikoa da. “Bizitza eta poesia maite ditu Damak. Eta, berea, edozein
herritako edozein tabernatan idazten dagoen poetaren istorioa izan daiteke”.
Gaizka
Sarasolaren lana berriz, “berritzailea” da. “Ez du
antzerki erraza idazten, herrikoia da bere funtsa. Bere antzezlanak
taularatzeko, gorputzez, ahotsez eta irudimenez inplikatzea ezinbestekoa da”.
Azkenik, Agus Perezek ibilbide luzea egin du euskal antzerkian; liburuak hain justu, ondare horren zati bat jasotzen du: “Bi atal topatuko ditu irakurleak liburu honetan: lehenengoan, Agus Perezek kritikari jardunaren erraiak agerian utziko ditu. (…) Bigarrenean, bere ibilbidean idatzitako 2.000tik gorako iruzkinetatik 30 aukeratu ditu, eta irakurketa berri bat gehitu die gaurko begietatik”.
“Jaialdiak ohikoa den formatu fisikoa berreskuratzeko ahalegina egingo du, iazko online edizioaren alde batzuk mantenduz”, iragarri du Euskal Zine Bilerak. “Azken urteetan egin den antzera, euskal ikus-entzunezkoaren iragana, orainaldia eta etorkizunak bat egiten jarraituko dute 44. Edizioan”, nabarmendu dute antolatzaileek.
Hala, azaroaren 20tik 28ra egingo da Euskal Zine Bileraren 44. edizioa, “euskarazko ikus-entzunezkoen markoaren barnean aurkitzen diren eragileekin lanean jarraituko du, bertan aurkitzen diren profesional, amateur edota zaleen errealitateak hobeto ezagutzeko eta interesa izan ahal duten pertsonak erakartzeko”.
Bileraren baitan egin ohi den jarduera nagusia lehiaketa da, “Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian”. Bada, aurten, lanak aurkezteko epemuga irailak 8 izango da, eta hauexek izango dira sariak: Sari horiek ondorengo hauek izango dira: Zuzendaritza onena, 1.600,00 €; Gidoi onena, 1.600,00 €; Film onena 1.900,00 €; eta, azkenik,Ikusleen saria 750,00 €. Kontsultatu lehiaketaren oinarriak.
Azkenik, Euskal Zine
Bilerak eta Zinegoak festibalak lankidetzan sakontzen segituko dute. Elkarlan
horren emaitza apirilaren 23an ikusi ahalko da, Lekeitioko Ikusgarri aretoak
Zinegoakeko film esanguratsuenak batuko baititu ZG Hedapena saioan, 19:00etatik aurrera.