Hitzen
Uberan
webgunean jasotzen denez, Uxue Alberdik Usurbilgo hirigintza feministaren
inguruan ardazten den Ibaia fabula
argitaratu du Zirroborroak
eta gero proiektuaren barruan, Paula Estevez ilustratzailearen
irudiekin osatua.
Azala sormen guneak sutatutako Zirriborroak eta gero egitasmoak etorkizun posibleei
buruzko fabulak biltzen ditu.
Honatx
fabularen sinposia: “Kaleak,
etxeak, plazak, leihoak moldatu zituzten, espazioa antzaldatu portaerak
eraldatzeko. Luz eta Izaro arkitektuak zaharrak dira orain eta hiltzeko prestatzen
ari dira iraganaren memoria gordetzen duen zingiran. Bertako guztiek ez zuten
alabaina iragan horren parte hartzerik nahi izan”.
Bertsozale Elkarteak Mintzola Ahozko Lantegiaren bidez argitaratzen duen bildumaren aurtengo alea kalean da, Bapatean 2020. Bilduma osatzeko, Xenpelar Dokumentazio Zentroan jasotako informazioa, grabazioak eta horien fitxak erabili dira.
“Ezohiko urtea izan zen denontzat; bertsolaritzarentzat. Bertso plazan eragin handia izan zuen pandemiak martxotik aurrera. ‘San Isidrotarako hasiko gaitun/k martxan esaten genion elkarri telefono dei desesperatuetan. Baina San Joan suek erre zituzten gure esperantzak’ gogora ekartzen du Julio Sotok irakurleari ongietorria egiten dion hitzaurrean. Online saioak izan ziren ohiko plazaren ordezko udaberrian, eta ordutik urte amaierara arte, nabarmen jaitsi ziren libreko saioak: ‘Eta faltan sumatu ditugu, gogotik, libreko saio eta bertso otorduak’”.
Sotok hitzaurrean deskribatutako ezohiko
egoera pandemikoa tarteko, online saioetako bertsoaldiak ere jaso dituzte
bilduman: “esate baterako, eta libreko gutxiago. 54 bertso saiotatik 84
bertsoalditako 598 bertso daude transkribatuta, gai, doinu eta ohiko informazio
guztiarekin. Bertsoaldiak irakurtzeko ez ezik, entzuteko aukera ere badago, eta
bertso plazari buruzko datu orokorragoak ere eskaintzen dira”.
Iaz bertan behera gelditu ondoren, uztailaren 9tik 11ra bitarte egingo da Kaleka Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiaren 31. edizioa. Jaialdiak 12 ikuskizun bilduko ditu, eta hiru gunetan banatuko dira: Abaroa jauregiko lorategia, plaza baltza eta eskolako jolastokia.
Hauek izango dira 12 ikuskizunak: Mínimo Pésimo (Máximo Óptimo), Ulterior El Viaje (Tiritirantes Circo Teatro), Flotados (David Moreno Cía & Cristina Calleja), Rojo (Mireia Miracle Company), La Máquina (Producciones Sansegundo), Fili Busters (Mortelo & Manzani), Fuoco Risorto (Teatro La Cosa), Aigua (NUC), Lau Eme (HAATIK Dantza konpainia), Zirku tailer irekia (Txitatoki Urdaibai Zirko Eskola), The Herock (Mr Copini) eta Olea (Visitans).
Antolatzaileen arabera, “ezohiko egoera batean, ezohiko aukerez baliatu behar da. Jaialdia beti kalean ospatu da eta aurten ere horrela izango da, baina hesitutako guneak erabiliko dira edukierak kontrolpean izateko eta neurri guztiak egoki bete ahal izateko”.
Jaialdiaren ardatzetako bat parte-hartzea da, sortzaile eta publikoaren arteko lotura eta harremana sustatzeko asmoz: “Argi dago, aurten baldintzatuta egongo dela, baina modu desberdinak landuko dira ikusleak ere ikuskizunen parte sentiarazteko”.
Elena Haira (biola, ahotsa), Amaia Hiriart (txeloa, ahotsa) eta
Maia Iribarne Olhagarai (biolina, ahotsa) musikariek osatzen dute Habia
egitasmoa. Hirukoteak bere estreinako lana plazaratu berri du, Animalia naiz eta.
Badok.eus webgunean irakurri dugunez, “Ahots eta harizko instrumentuez osaturiko hirukoteak lehen diskoa plazaratu du gaur. Sorkuntza propioak eta kantu herrikoien moldaketak biltzen ditu”.
Gaur, Iruñeko Erraldoien Txokoan joko hirukoteak,
19:30etik aurrera: “Hiru hari eta hiru ahots batera. Tradiziotik abiatuta
sorkuntza berriak jotzen dituzte eta taldearen musika entzutean mundua
mugimenduan eta jendeeen soinua hurbiletik sentitzen dugu. Kafira batean bagina
bezala, amaren besoetan lokartzen ginelarik bezala. Egoera biziki berezi
horretan gizadiaren barnatasunean murgiltzeko. Animalia naiz eta da hirukote honen lehen lana, 2021ean argitaratua”.
Euskara ardatz duen Laba proiektua aurkeztu berri
dute Iruñean. Egitasmoak euskara eraman nahi du hiriko erdigunera, Gaztelu
plazara. Bertan gune fisiko bat eratu nahi dute euskaldunen elkargune izan
dadin. Horretarako, diru bilketa abiatu dute.
“Bazterretik erdigunera eraman nahi dugu euskara.
Ikusgarri eta entzungarri egin, erakargarri, eskuragarri”.
Hala, erabilera anitzeko espazio bat eraiki nahi dute euskararen eta euskaldunen zentroa izan dadin; euskarara hurbildu nahi duen orok bere lekua izan dezan. “Arkupeak babestutako lokal bat, eta plazara irekitako gunea. Euskaratik sortutako elkargune bat, euskarazko kultur emanaldietarako oholtza, sorkuntza produktuetarako saltokia, kafetegia”.
Ana Malagon Zaldua (Donostia, 1978) idazleak bere hirugarren ipuin bilduma argitaratu du Elkar argitaletxearekin: Ez dakit zertaz ari zaren. Aurretik Lasai, ez da ezer gertatzen (Elkar, 2014) eta Gelditu zaitezte gurekin (Elkar, 2017) plazaratu zituen.
Honatx
liburuaren sinpsia: “Bere
asperdura eta nazka guraso dibortziatu baten etxetik bestearenera
garraiatzen dituen nerabea; aita enpresaria hil ondoren beren
erdipurdikeriarekin zer egin ez dakiten seme-alabak; ahizpa atxilotu
dutela-eta, haren kargu egitera doan klausurako moja; gaueko txanda
baten ondoren, ama zaharra sarturik daukan erresidentziara doan
autobus-gidaria…
Pertsonen
inguru hurbilean kokatzen ditu egileak tragedia izatera iristen ez
diren drama txiki hauek, ironia erabiliz urruntze modura eta
garraztasuna defentsarako babes gisa. Trikuaren arantza horien
azpian, baina, giza haragia suma daiteke dardarka, gozotasun apur
baten eske. Gaurko eta hemengo gizartearen ispilu baldin bada
ipuin-bilduma hau, ezin esan oso eder agerrarazten gaituela”.
Itxaro Borda idazleak Euri zitalari esker izeneko nobela aurkeztuko du datorren ostiralean, ekainak 11, Donostiako Udal Liburutegian, 12:00etatik aurrera.
Kontakizunaren protagonista nagusia Bordaren
pertsonaia ezagun Amaia Ezpeldoi detektibea izango da. “Bere pertsonaia
sonatuaren ibilietara itzuli da Itxaro Borda kontakizun berrian, ezari-ezarian,
keinu azkengabeak eginez hizkuntzari, euskal jendarteari, adiskidetasunari eta
beste zenbait hari ez singleri”.
Aurkezpen ekitalfia streaming bidez ete ikusi ahalko da, ondoko estekaren bidez: https://meet.jit.si/susa
Liburuaren sinopsiak hauxe jasotzen du: “Detektibe jardunetik
erretreta hartzear da Amaia Ezpeldoi. Hala agindu dio Joana Garralda
maitaleari; Baionako apartamentuko puskak bildu eta harekin joango dela
Atharratzera, mendialdean bizialdi berri bat hastera. Ez ditu alferrik
hirurogeiak gertu. Alta, dei bat jasoko du ezustean: Maddiren ama da, atezuan,
gauetik goizera Landetara ezkondu zen alabaren berri ez duelako izan aspaldi.
Garraldaren 4x4a hartu
eta haren atzetik abiatuko da Ezpeldoi, Maddiren desagertzea azken kasua izango
duela zin eginik. Sexua, dirua, telesailak, ikasle garaiko bulkadak eta
sarearen ezkutalekuak; aztarna bihurrien eta aspaldiko lagunen eskutik aitzinatuko
da bilaketan, oihan sarri baten gerizpetik argirantz irteten duenaren gisan”
Hi(zki)bridoak literaturaren eta ahozkotasunaren arteko mutazioak dira. Letrak, soinuak, bertsoak eta irudiak eraldatzen dituzten ekitaldiak. Emaitza literatura mutanteak dira, zentzu zabalenean.
Irailak 23 / 19:30 –
Doan
“oMorruMU baMat”
Joxan Artzeri omenaldia egiteko asmoz, 2018ko udazkenean
hasi ziren IbonRG eta Enrike Hurtado, ohiko dituzten lanabesekin lanean. Ibonek
Artzeren hainbat olerki abiapuntu hartuta sortutako kantuak Enrikek berak
sortutako software esperimentalekin uztartu ziren. Txalaparta interaktiboa,
autotxalaparta eta soinua eraldatzeko programa horiek ahotsa, piano eta
txalapartaren egurrak bat egiten dute lan honetan. IbonRG (ahotsa eta
pianoa) eta Enrike Hurtado (txalaparta)
Urriak 7 / 19:30 –
Doan
“Dendaostekoak”
Uxue Alberdiren azken lan literarioan oinarritutako
literatur bertso-saioa. Uxuek gaiak jarriko dizkie Onintza Enbeita eta Oihana
Iguaran bertsolariei, Aitor Nova Saxofonistaren doinuekin lagunduta.
Urriak 29 / 19:30 – Doan
Mirande
Jon Miranderen olerkietatik abiatutako musika-egitasmoa.
Elena Setien (ahotsa eta teklatuak), Xabier Erkizia (elektronika) eta Grande
Days taldea; hots, musika esperimentala ingelesez kantatu ohi duen abeslari
bat, soinu artista eta ekoizle bat eta indie-rock talde bat. “Emaitza
Frankenstein bat da”.
Azaroak 11 / 19:30 –
Doan
Zientzia Fikziozko
Bertso Saioa
Miren Artetxe, Eli Pagola eta Jone Uria (bertsolariak), eta
Danele Sarriugarte eta Arrate Hidalgo (gidoilariak).
Abenduak 17 / 19:30 – Doan
“Habiak”
Anariren “Habiak” diskoan oinarritutako arte erakusketa
kolektiboa; Anarik disko horretako zenbait kantu joko ditu.
Udako Euskal Unibertsitateak Hizkuntzalari Euskaldunen V. Topaketa antolatu du uztailaren 2an, Eibarko Markeskoa Jauregian. Jardunaldia presentziala izango da, 10 orduko iraupena izango du, eta Kimu berriak Euskal Hizkuntzalaritzan izenburupean egingo da.
Antolatzaileen arabera, jardunaldia euskararen azterketa sinkronikoaren
inguruan ardaztuko da, euskal hizkuntzalaritzaren aniztasun “zabala” tarteko.
“Fonologia, sintaxia, bariazionismoa, semantika,
dialektologia, edota psikohizkuntzalaritza bezalako gaiak landuko ditugu
oraingoan. Asko dira egungo euskararen azterketaren azkenaldiko aurrerabideak,
eta lan hori zabaltzeko leku egokia dugu honakoa. Ibilbidedun ikerlari zein
master ikasle izan, tesilariak ahaztu gabe, denon bilgune eta erakusleiho izan
asmo du aurtengo topaketak”.
Ondo hauek parte hartuko dute jardunaldian: Maia Duguine (IKER UMR 5478, CNRS), Ane Odria (UPV/EHU) eta Ane Berroren (Deustuko U.). “Tartean ikertzaileen aurkezpenak izango
ditugu, eta poster-saio bat ere bai”.