Ana Malagonek ipuin bilduma berria plazaratu du

Ana Malagon Zaldua (Donostia, 1978) idazleak bere hirugarren ipuin bilduma argitaratu du Elkar argitaletxearekin: Ez dakit zertaz ari zaren. Aurretik Lasai, ez da ezer gertatzen (Elkar, 2014) eta Gelditu zaitezte gurekin (Elkar, 2017) plazaratu zituen.

Honatx liburuaren sinpsia: “Bere asperdura eta nazka guraso dibortziatu baten etxetik bestearenera garraiatzen dituen nerabea; aita enpresaria hil ondoren beren erdipurdikeriarekin zer egin ez dakiten seme-alabak; ahizpa atxilotu dutela-eta, haren kargu egitera doan klausurako moja; gaueko txanda baten ondoren, ama zaharra sarturik daukan erresidentziara doan autobus-gidaria…

Pertsonen inguru hurbilean kokatzen ditu egileak tragedia izatera iristen ez diren drama txiki hauek, ironia erabiliz urruntze modura eta garraztasuna defentsarako babes gisa. Trikuaren arantza horien azpian, baina, giza haragia suma daiteke dardarka, gozotasun apur baten eske. Gaurko eta hemengo gizartearen ispilu baldin bada ipuin-bilduma hau, ezin esan oso eder agerrarazten gaituela”.

Amaia Ezpeldoi detektibearen nobela berria argitaratuko du Itxaro Bordak

Itxaro Borda idazleak Euri zitalari esker izeneko nobela aurkeztuko du datorren ostiralean, ekainak 11, Donostiako Udal Liburutegian, 12:00etatik aurrera.

Kontakizunaren protagonista nagusia Bordaren pertsonaia ezagun Amaia Ezpeldoi detektibea izango da. “Bere pertsonaia sonatuaren ibilietara itzuli da Itxaro Borda kontakizun berrian, ezari-ezarian, keinu azkengabeak eginez hizkuntzari, euskal jendarteari, adiskidetasunari eta beste zenbait hari ez singleri”.

Aurkezpen ekitalfia streaming bidez ete ikusi ahalko da, ondoko estekaren bidez: https://meet.jit.si/susa

Liburuaren sinopsiak hauxe jasotzen du: “Detektibe jardunetik erretreta hartzear da Amaia Ezpeldoi. Hala agindu dio Joana Garralda maitaleari; Baionako apartamentuko puskak bildu eta harekin joango dela Atharratzera, mendialdean bizialdi berri bat hastera. Ez ditu alferrik hirurogeiak gertu. Alta, dei bat jasoko du ezustean: Maddiren ama da, atezuan, gauetik goizera Landetara ezkondu zen alabaren berri ez duelako izan aspaldi.

Garraldaren 4x4a hartu eta haren atzetik abiatuko da Ezpeldoi, Maddiren desagertzea azken kasua izango duela zin eginik. Sexua, dirua, telesailak, ikasle garaiko bulkadak eta sarearen ezkutalekuak; aztarna bihurrien eta aspaldiko lagunen eskutik aitzinatuko da bilaketan, oihan sarri baten gerizpetik argirantz irteten duenaren gisan”

“Hi(ZKI)bridoak” 2021: Artze, Mirande, “Dendaostekoak”, zientzia fikzioa eta “Habiak”

2021eko irailetik abendura bitarte egingo dugu Euskararen Etxean  Hi(ZKI)bridoak. Literatura Mutanteak kultur zikloaren bigarren edizioa.

Horrekin batera, aurten Euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak laguntza jarri dugu martxan estreinakoz. Laguntza horrek 3.000 euroko saria bideratuko du 2022ko Hi(ZKI)bridoak zikloan estreinatuko den ekitaldi bat garatzeko.

Hi(zki)bridoak literaturaren eta ahozkotasunaren arteko mutazioak dira. Letrak, soinuak, bertsoak eta irudiak eraldatzen dituzten ekitaldiak. Emaitza literatura mutanteak dira, zentzu zabalenean.

Irailak 23 / 19:30 – Doan

“oMorruMU baMat”

Joxan Artzeri omenaldia egiteko asmoz, 2018ko udazkenean hasi ziren IbonRG eta Enrike Hurtado, ohiko dituzten lanabesekin lanean. Ibonek Artzeren hainbat olerki abiapuntu hartuta sortutako kantuak Enrikek berak sortutako software esperimentalekin uztartu ziren. Txalaparta interaktiboa, autotxalaparta eta soinua eraldatzeko programa horiek ahotsa, piano eta txalapartaren egurrak bat egiten dute lan honetan. IbonRG (ahotsa eta pianoa)  eta Enrike Hurtado (txalaparta)

Urriak 7 / 19:30 – Doan

“Dendaostekoak”

Uxue Alberdiren azken lan literarioan oinarritutako literatur bertso-saioa. Uxuek gaiak jarriko dizkie Onintza Enbeita eta Oihana Iguaran bertsolariei, Aitor Nova Saxofonistaren doinuekin lagunduta.

Urriak 29 / 19:30 – Doan

Mirande

Jon Miranderen olerkietatik abiatutako musika-egitasmoa. Elena Setien (ahotsa eta teklatuak), Xabier Erkizia (elektronika) eta Grande Days taldea; hots, musika esperimentala ingelesez kantatu ohi duen abeslari bat, soinu artista eta ekoizle bat eta indie-rock talde bat. “Emaitza Frankenstein bat da”.

Azaroak 11 / 19:30 – Doan

Zientzia Fikziozko Bertso Saioa

Miren Artetxe, Eli Pagola eta Jone Uria (bertsolariak), eta Danele Sarriugarte eta Arrate Hidalgo (gidoilariak).

Abenduak 17 / 19:30 – Doan

“Habiak”

Anariren “Habiak” diskoan oinarritutako arte erakusketa kolektiboa; Anarik disko horretako zenbait kantu joko ditu.

OHARRA: Ordutegietan aldaketak egon daitezke.

Gonbidapenak jasotzeko zehazasunak, hemen.

Ekitaldiok Lanku, Booktegi eta Loraldiarekin egin dira elkarlanean.

Euskararen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kirola eta Kultura Sailak abiatutako zikloa da Hi(ZKI)bridoak.

Hizkuntzalari Euskaldunen V. Topaketa ondu du UEUk uztailean

Udako Euskal Unibertsitateak Hizkuntzalari Euskaldunen V. Topaketa antolatu du uztailaren 2an, Eibarko Markeskoa Jauregian. Jardunaldia presentziala izango da, 10 orduko iraupena izango du, eta Kimu berriak Euskal Hizkuntzalaritzan izenburupean egingo da.

Antolatzaileen arabera, jardunaldia euskararen azterketa sinkronikoaren inguruan ardaztuko da, euskal hizkuntzalaritzaren aniztasun “zabala” tarteko.

“Fonologia, sintaxia, bariazionismoa, semantika, dialektologia, edota psikohizkuntzalaritza bezalako gaiak landuko ditugu oraingoan. Asko dira egungo euskararen azterketaren azkenaldiko aurrerabideak, eta lan hori zabaltzeko leku egokia dugu honakoa. Ibilbidedun ikerlari zein master ikasle izan, tesilariak ahaztu gabe, denon bilgune eta erakusleiho izan asmo du aurtengo topaketak”.

Ondo hauek parte hartuko dute jardunaldian: Maia Duguine (IKER UMR 5478, CNRS), Ane Odria (UPV/EHU) eta Ane Berroren (Deustuko U.). “Tartean ikertzaileen aurkezpenak izango ditugu, eta poster-saio bat ere bai”.

Informazio gehiago, hemen.

“Pozik” eta “gustura” aritu ziren lehenengo lau familiak “Hostopostoak” jolasean

Iragan larunbatean abiatu genuen Euskararen Etxeko Hostopostoak familia programa. Mahai-jolas erraldoi baten itxura du jolasak, eta bertan aritu ziren lehenengo familiak “oso gustura” eta “oso pozik” jolastu ziren, batez ere, haurrak. Guztira, lau familia, 12 lagun, aritu ziren jolasean.

Hostopostoak hileko azken larunbatean eskaintzen dugun familia programa da, eta Euskararen Interpretazio Zentroan egiten da.

Ekimenaren helburua euskaraz eta familian jolastea da, pandemiak eragindako krisialditik indartuta atera nahi gaitezen, euskara indarberrituz, familia-loturak sendotuz eta jolas kooperatiboa sustatuz.

Hostopostoak 4 eta 10 urte bitarteko umeak dituzten familia zein taldeentzako ekimena da, eta hileko azken larunbatean egingo da, goizez (hiru txanda izango dira). Erreserba egiteko: Tel.: 94 402 80 81.

Halaber, gogoratu Euskal Alien Nazioa ihes-gela ere eskaintzen jarraitzen dugula, ostegunetik larunbatera.

Bernat Etxepare izango dute aztergai Bilbo Zaharra forumeko jardunaldietan

Euskara jalgi hadi plazara lelopean egingo dira Bilbo Zaharra Forumeko jardunaldiak; Bernat Etxepareren inguruan ardaztuko dira; hiru hitzaldi eta Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren XIV. Edizioa egingo dira.

Jardunaldien hitzaldiak Euskaltzaindiako areto nagusian egingo dira, Bilboko Plaza Barrian. Gaur bertan, Tere Irastortzak eta Aingeru Epalzak hartuko dute hitza Euskaltzaindiako egoitzan. Bihar, Koldo Izagirreren txanda izango da, eta, azkenik, etzi,  Xabier Amuriza arituko da. Solasaldiak 19:00etan hasiko dira.

Ostegunean, ekainak 3, Klasikoen XIV. Irakurraldi Jarraitua egingo dute Arriaga Antzokian. Oraingo honetan, Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae irakurriko dute, euskaraz argitaratutako lehen liburua, eta poesia herrikoiaren eredu.

“2 urte, 4 hilabete eta egun 1” dokumentalarekin hasiko da Zinemaldiacat

Gaur hasiko da Bartzelonako Euskal Etxeak ondutako Zinemaldiacat Lander Garrok zuzendutako 2 urte, 4 hilabete eta egun 1 film dokumentalarekin, zeina Ateneu L’Harmonian pantailaratuko den. Behin emanaldia amaituta, solasaldia egingo dute; filmaren zuzendaria ere bertan izango da.

Bost dokumentalek eta fikziozko bi filmek osatuko dute Zinemaldiacat jaialdia.

Hauek izango dira gainerako dokumentalak: Enero (Ione Atenea, 2019), Hijos de Dios (Ekain Irigoien, 2020), El Drogas (Natxo Leuza, 2020) eta Bury Us! A Punk Rock Uprising (Andrew Nethery, 2021).

Bestalde, fikziozko bi film eskainiko ditu jaialdiak: Nora (Lara Izagirre, 2020) eta Hil kanpaiak (Imanol Rayo, 2020).

Informazio gehiago, hemen.

Soinu artxiboak aztertuko dituzte Xenpelarren Dokumentazio Jardunaldietan

Mintzola Fundazioak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dituzte Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak; Euskal Herriko dokumentazio gaien inguruko gogoetak bultzatzea eta ezagutaraztea dute helburu. Aurten, soinu artxiboak izango dituzte aztergai, Soinu artxiboak: Egitasmo eta esperientziak izenburupean.

Mintzola.eus webgunean jasotzen denez, “edizio honetan askotariko ezaugarriak dituzten soinu artxiboen egitasmo eta esperientzia konkretuak partekatzeko espazioa sortu nahi da. Soinuzko dokumentazioaren ezaugarrietan begirada jarri eta audio fitxategien bilketa, antolaketa eta zabalkundearen inguruan izandako esperientziak eta kezkak plazaratu nahi dira”.

Jardunaldiak 2021eko ekainak 4an egingo dira, Amasa-Villabonako Subijana etxean. Horretarako, bost hitzaldi prestatu dituzte antolatzaileek, eta zuzenean streaming bidez jarraitu ahal izango dira. Izena emateko epea ekainaren 3an amaituko da.

Honako hauek parte hartu dute hitzaldietan:

  • Iñigo Ceberio eta Irati Etxezabal, Euskadi Irratiko fonoteka
  • Adolfo Arejita eta Amaia Jauregizar, Euskaltzaindia: Euskararen Herri Hizkeren Atlasa
  • Jon Eskisabel, Badok, Euskal Musikaren Ataria
  • Xabier Erkizia, sortzailea
  • Marie Bidart-Hirigoyen, ikertzailea

Informazio guztia, hemen.

“Hostopostoak”, euskaraz eta familian gozatzeko ekimena

Euskararen Etxeko Euskararen Interpretazio Zentroan Hostopostoak familientzako programa abiatuko dugu maiatzaren 29an. Ekimenaren helburua euskaraz eta familian jolastea da, pandemiak eragindako krisialditik indartuta atera nahi gaitezen, euskara indarberrituz, familia-loturak sendotuz eta jolas kooperatiboa sustatuz.

Hostopostoak 4 eta 10 urte bitarteko umeak dituzten familia zein taldeentzako ekimena da, eta hileko azken larunbatean egingo da, goizez (hiru txanda izango dira). Erreserba egiteko: Tel.: 94 402 80 81.

Pandemian, ikastetxeak itxi zirenean, haur eta gazte askok euskararekin zuten harreman-esparru bakarra izugarri murriztu zen. Hala, ikasle askoren euskararen erabilera etxeko lan edo online saioetara mugatu zen. Hartara, euskararen erabilera nabarmen urritu da.

Horrekin batera, aisia, kultura eta ikuskizunen eskaintza gutxitu egin da, eta euskaldunon komunitatearen haustura eta sakabanaketa areagotu egin dira.

Halaber, haur eta gazteek espazioak behar dituzte familiarekin jolasteko, bizitzako ikaskuntzarik garrantzitsuenak bizitzako lehen etapetan jolasten direlako. Jolasetik beren ikaskuntzak ateratzen dituzte, baina baita inguruneko eta haiei buruzko ezagutzak ere.

Horretarako, familiako jolas kooperatiboaren alde egin dugu, parte-hartzaile guztien irudimena eta ahalmen sortzailea sustatzen direlako, taldearentzat arriskutsua den kanpoko elementu edo pertsonaia baten aurrean helburu komuna lortzeko.

Finean, Hostopostoak jolasaren bidez, esperientzia dibertigarria bizi nahi da euskaraz, bai eta familiako harremanak hobetu, familian gozatu eta familian konplizitatea bultzatu ere. Finean, euskararen balioa, errespetua, entzutea, elkarrizketa, sormena eta irudimena landu nahi dira.