Kaleka Lekeitioko Kale Arteen Jaialdiaren 31. edizioa uztailean egingo da

2021-06-21

Iaz bertan behera gelditu ondoren, uztailaren 9tik 11ra bitarte egingo da Kaleka Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiaren 31. edizioa. Jaialdiak 12 ikuskizun bilduko ditu, eta hiru gunetan banatuko dira: Abaroa jauregiko lorategia, plaza baltza eta eskolako jolastokia.

Hauek izango dira 12 ikuskizunak: Mínimo Pésimo (Máximo Óptimo), Ulterior El Viaje (Tiritirantes Circo Teatro), Flotados (David Moreno Cía & Cristina Calleja), Rojo (Mireia Miracle Company), La Máquina (Producciones Sansegundo), Fili Busters (Mortelo & Manzani), Fuoco Risorto (Teatro La Cosa), Aigua (NUC), Lau Eme (HAATIK Dantza konpainia), Zirku tailer irekia (Txitatoki Urdaibai Zirko Eskola), The Herock (Mr Copini) eta Olea (Visitans).

Antolatzaileen arabera, “ezohiko egoera batean, ezohiko aukerez baliatu behar da. Jaialdia beti kalean ospatu da eta aurten ere horrela izango da, baina hesitutako guneak erabiliko dira edukierak kontrolpean izateko eta neurri guztiak egoki bete ahal izateko”.

Jaialdiaren ardatzetako bat parte-hartzea da, sortzaile eta publikoaren arteko lotura eta harremana sustatzeko asmoz: “Argi dago, aurten baldintzatuta egongo dela, baina modu desberdinak landuko dira ikusleak ere ikuskizunen parte sentiarazteko”.

Informazio gehiago, hemen.