Eider Rodriguezek aurreneko eleberria aurkeztuko du

Ostegunean, azaroak 25, Eider Rodriguez idazleak Eraikuntzarako materiala izeneko liburua aurkeztuko du Donostiako Konstituzio plazan kokatutako Mandasko Dukearen aretoan, 12:00etan. Oreretan jaiotako aurtorearen lehen eleberria da, orain arte, nagusiki, ipuinak idatzi baititu.

Nobelaren protagonista eraikuntza sektorean diharduen gizona da. Hala, bere alabaren ikuspuntutik abiatuta, irakurlea gizon horren gainbeheran murgilduko da, zurrutean hondoratzen ari baita.

Susa argitaletxeak bidalitako sinopsiak honela dio, “Harea, zementua, karea. Zerekin taxutu absentzia? Nola zutitu ez dagoena? Zegoenean ere, maiz erortzear zena? Etxeak egiteko behar den guztia saltzen zuen aita bat. Alkoholak blaitutako aita bat.

Heriotzaren atezuan abiatzen du kontakizuna liburu honetako narratzaileak. Heltzear da, helduko da, eta hainbestetan sofatik lan handiz altxatzen ikusitako aita, kalea balantzaka zeharkatu eta bulegoaren iluntasunean gotortzen zena, hitzekin laztantzeko modu bat entseatuko du alabak. Batera eta bakarka izandakoaren memoria sortu.

Zaldiak, igerilekua, kaleko jendea, bigarren etxe izandako almazena, sua, azulejuak, soldaduskako eskutitzak, Benicassimeko apartamentua, gasolina, landareak. Aita baten puskak bildu ditu Eider Rodriguezek bere aurreneko nobelan. Denboran luzatutako gainbeheran murgildu, eta, izendatu ezin direnen aurrean, eremu laiotz bat argitu”.

Kultur egitarau oparoa ondu dute “Prest!” Deustualdeko aldizkariaren 20. urteurrena ospatzeko

Deustaualdeko Prest! aldizkariak 20 urte bete ditu, eta urteurren azpimarragarri horren harira, kultur egitarau aberatsa antolatu dute azaroaren amaieratik abendura bitarte. “Deustualdeko PREST! herri aldizkaria 2001eko martxotik ari da euskaraz tokiko informazioa doan lantzen, herritik herrirako! Deustutik Deustura eta mundura berriak zabalduz!”.

Hala, azaroaren 29an, txangoa ondu dute San Ignazio auzoko baserri zaharrak ezagutzeko. Ibilaldia Hektor Ortegak zuzenduko du, eta parte hartu nahi dutenek auzo horretako anbulategira gerturatu beharko dira 18:00etan.

Abenduaren 1ean, zinea izango da protagonista: All The President´s Men filma pantailaratuko dute Mullerrenean, 19:30ean.

Abenduaren 2an, Mikel eta  Esti Markezek kontzertua emango dute Salesianos Ikastetxeko antzokian. Sarrerak leku hauetan egongo dira eskuragarri: Euskararen Etxean, Berbaizu Euskara Elkartean eta Bordatxo tabernan.

Abenduaren 3an, hain justu, Euskararen Nazioarteko Egunean, hainbat jarduera izango dira: 18:30ean, gazteentzako hitzaldia: Euskarak independentzia, independentziak euskara; ordu berean, kalejira izango da, Iruña kaletik abiatuta; 19:30ean, argazki erraldoia egingo dute Deustuko frontoian; 20:00etan kantu-poteoa, Deustuko tabernetan zehar; eta, azkenik, 22:00etan, kontzertua Deustuko Gazte Lokalean: Oinutsi Erromeria.

Abenduan “Hostopostoak” familia programa birritan, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira

Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Eguna tarteko, Euskararen Etxeko “Hostopostoak” familia-programa birritan egingo dugu abenduan. Hala, hileko azken larunbatean ez ezik, abenduaren 4an ere eskainiko dugu. Hiru txanda izango dira: 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan.

Euskararen Etxeko Hostopostoakfamilia programak mahai-jolas erraldoi baten itxura du, eta bertan aritu diren familiak “oso gustura” eta “oso pozik” jolastu dira. 4 eta 10 urte bitarteko umeak dituzten familia zein taldeentzako ekimena da.

Bada, abenduan Hostopostoekin jolasteko bi aukera izango dira, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta:

  1. Abenduaren 4an
    1. 11:00etan
    1. 12:00etan
    1. 13:00etan
  2. Abenduaren 18an
    1. 11:00etan
    1. 12:00etan
    1. 13:00etan

Egin erreserba, telefonoz: 944 028 081

Ekimenaren helburua euskaraz eta familian jolastea da, euskara indarberrituz, familia-loturak sendotuz eta jolas kooperatiboa sustatuz. Finean, Hostopostoak jolasaren bidez, esperientzia dibertigarria bizi nahi da euskaraz, bai eta familiako harremanak hobetu, familian gozatu eta familian konplizitatea bultzatu ere. Euskararen balioa, errespetua, entzutea, elkarrizketa, sormena eta irudimena landu nahi dira.

Anarik bi kantuko single berria argitaratu du

Anarik Orain entzungo duzun hau… izenburuko singlea plazaratuko du astelehenean, hilak 15, zeinak bi kantu biltzen dituen: batetik, Nacho Vegas musikari asturiarraren Vinu, cantares y amor doinuaren bertsioa, eta, bestetik, Efemerideak, Gora Japon taldearekin sortutako kantua, zeina zuzenekoetan baino ez zuen jotzen.

Singlea astelehenean izango da eskuragarri, baina dagoeneko bi kantuen bideoa ikus daitezke, Efemerideak, hain zuzen, herenegun argitaratu zuen Anarik. Biak ala biak plano-sekuentzian graatu dira:

Nacho Vegasen Vinu, cantares y amor doinuaren moldaketa.

Singlea gaur aurkeztuko du Anarik Donostiako Le Bukowski tabernan, 13:00etatik aurrera. Azaroaren 19an, halaber, Bilboko Kafe Antzokian izango da talde osoarekin batera, 22:00etatik aurrera.

Habiak

Anarik, bestalde, emanaldi berezia egingo du abenduaren 17an Euskararen Etxean egiten den Hi(ZKI)bridoak egitarauaren baitan. Anarik 2.000. urtean argitaratutako Habiak diskoko kantuak joko ditu, eta kazetari baten laguntzaz, diskoari errepasoa egingo dio.

Horrekin batera, disko horretan bildutako hamaika doinuen inguruko arte erakusketa kolektiboa ere inauguratuko da egun horretan. Erakustetan 11 artistaren lanak ikusi ahalko dira: Izibene Oñedarra, Idoia Beratarbide, Uxue Pascual, Zaloa Ipiña, Nagore Legarreta, Marrabila, Okene Abrego, Ramon Zabalegi, Maite Arbonies, Txakur Gorria eta Alaia Gaztelumendi.

Ekitaldi hori Booktegi plataformarekin lankidetzan ondu da.

Euskararen Etxeko “Lantoki Kooperatiboa”, berrituta eta erabilgarri

Bilbon kokatutako Euskararen Etxeak 2020. urtean hasi zuen bere eraberritze prozesua, herritarrei kalitatezko zerbitzu gaurkotuak eta egoki hornituak emateko asmoz.

Bada, 2021ean, prozesu horren azken faseari ekin diogu:

Lantegi Kooperatiboa edo Coworking gunearen eraberritzea.

  • Euskararen Etxeak desberdinen arteko elkarlana sustatu gura ditu lantoki kooperatiboaren bidez; era berean, baita euskarazko jardunari babesa eman ere.
  • Euskararen Etxeak euskararen sustapen eta hedapenean eragitea du helburu. Hori dela eta, lantoki kooperatiboan lan egiteko aukera izango dute euskara helburu edo misio duten entitate, elkarte edota norbanakoek.
  • Lantoki kooperatiboaren erabilera DOAKOA da.

Nork izan dezake lantegi kooperatiboan lan egiteko aukera?

– Euskararen alde eta euskaraz lanean ari den edozein entitate, elkarte edo norbanakok.

– Euskara bere jardunaren helburu edo misio nagusi duen edozein entitate, elkarte edo norbanakok.

Nola egin daiteke lantegi kooperatiboan lan egiteko eskaria?

Eskaria bete eta honako helbidera bidali beharko da: koordinazioa@euskararenetxea.eus.

– Eskariak aurkezteko epea: 2021eko azaroaren 11tik abenduaren 13ra.

– Euskararen Etxean eskari bakoitza kasuan kasu baloratuko da eta posta elektroniko bidez helaraziko da erantzuna.

– Lantegi kooperatiboan lekua, gehienez, bi urterako esleituko da. Behin epe hori pasata, berriz egin beharko da eskaria.

– Entitate, elkarte edo norbanako bakoitzari, gehienez ere, lagun birentzako lanerako lekua esleituko zaizkio.

– Deialdiaren oinarriak ikusi.

Lantoki kooperatiboak eskaintzen duena:

– Lanerako espazioak honako baliabideak eskainiko dizkio langileari: wifia, entxufeak, lanerako mahai eta aulkia, eta norbere lanerako tresnak gordetzeko giltzapeko armairua aukeran.

– Inprimagailu-fotokopiagailua.

– Langileek Euskararen Etxeko sukaldea erabiltzeko aukera izango dute.

– Lantoki kooperatiboko langileen erabilerarako hiru bilera gela daude.

– Euskararen Etxeko bestelako aretoak erabiltzeko aukera. Areto horiek aurkezpenak, formazioak edota bilera jendetsuak egiteko aukera eskaintzen dute.

– Euskararen Etxeko harreran paketeak eta posta jasotzeko aukera.

Honakoa da ordutegia:

Astelehenetik ostiralera: 08:00 – 20:00

Larunbatetan: 10:00 – 14:00 eta 16:00 – 19:00

Igande eta jai egunetan itxita.

***Informazio guztia, hemen.

Sustatuk jardunaldia egingo du Bilbon 20. urteurrena ospatzeko

Goiena eta CodeSyntax-ek Sustatu webgunea abiatu zuten 2001. urtean. Hartara, 20 urteko ibilbidea egin du. Efemeride esanguratsu hori ospatzeko, Bilbon, jardunaldia ondu dute Bilboko Bilbao AS Fabrik zentroan, azaroaren 26an.

Sustatuk jakinarazi duenez, “20 Urte Euskaraz Interneten izena jarri diogu dena delakoari, #20urte traola proposatzen dugu, eta tokian eta data jarri ditugu: Bilbon, Zorrotzaurreko Bilbao AS Fabrik zentroan, azaroaren 26an, ostiral arratsaldez, hiru aste barru”.

Jardunaldiaren egitaraua:

16:00: Harrera

Eneko Astigarraga (CodeSyntax), Luis Berasategi (Bilbao AS Fabrik), Maite Goñi (ekitaldiko aurkezlea)

16:15: Mahaingurua: 20 urte zaharrago

Sustatu (Luistxo Fernandez), Euskarazko Wikipedia (Iñaki Lopez de Luzuriaga), Armiarma (Patxi Gaztelumendi), Dantzan (Oier Araolaza)

17:15: Pechakucha erako hitzaldi azkarrak

(egitaraua osatzen)

18:00: Hitzaldia

Partehartzea eta eztabaida Interneten

Goizalde Landabaso eta Leire Narbaiza

Informazio gehiago, hemen.

Alda Merini eta Saint-John Perse poeten antologiak, “Poesia Kaierak” bilduman

Ostegunean, urriak 28, Poesia Kaierak bildumako ale berri bi aurkeztuko dituzte Donostiako Liburutegi Nagusiko San Jeronimo kaleko sotoan, 12:00etatik aurrera: Alda Merini (1931-2009) eta Saint-John Perse (1887-1975) poeten antologia berriak. Lehenengoa Aiora Enparantza Armentia itzuli du; bigarrena, berriz, Santi Leonék.

Bi itzultzaileak, hain justu, osteguneko aurkezpen-ekitaldian izango dira, bildumaren editore Beñat Sarasolarekin batera.

Argitaletxeak jakinarazi duenez, “Alda Merini 1931n jaio zen Milanen, hil zenerako (2009an), XX. mendeko bigarren erdiko poeta italiar laudatuenetakoa zen. Bere poesia lirikoa da funtsean, nahiz eta sinbolismorako eta are mistizismorako joera (bere poesia berantiarrean, nagusiki) nabaria duen. Poesiaren tradizioan jorratutako gai funtsezko gehienak landu zituen, ondare klasikoarekin dialogoan betiere. Maitasunezko poema bikainak ditu, esaterako, zenbaitetan desamodiozko ere badirenak, edo atxiki ezinezko maitasunarenak. Poeta handi gehienek nola, poesiaren beraren inguruan ere hausnartu zuen, halako moldez non eskakizun poetikoa bizi-eskakizun bilakatzen den. Hamasei urte eskas zituela sartu zuten estreinakoz ospitale psikiatriko batean, eta nahasmendu bipolarra diagnostikatu zioten. Gerora, maiz egin zituen sartu-irtenak, eta bide arantzatsu horretatik ildo poetiko oso bat garatu zuen, non minak eta gorputzak aparteko presentzia duten. Buru gaixotasuna gorputzarena ere badela erakusten digute, nolabait, bere poesiek”.

“Saint-John Perse 1887an jaio zen Pointe-à-Pitre-n, eta Guadalupe irla inspirazio iturri oparoa izan zuen bizitza guztian. Izan ere, nerabezaroaren atarian irla utzi eta Frantziara joan zen bizitzera familiarekin, eta honenbestez, Guadalupeko haurtzaro galdua bikoitza izan zuen nolabait, denborazkoa zein espaziozkoa. Adituek diotenez, irla utzi izanak lorratz sakona utzi zion, eta haren poesian ageri diren zenbait pertsonaia horrekin loturik daude. Giro hori gogora ekartzeko itsas lexiko eta lexiko botaniko joria erabiltzen du Persek, eta aparteko gaitasuna du mundu hura poetikoki berbizitzeko. Ez alferrik, 1960an Nobel saria eman ziotenean, epaimahaikoek “bere sormen poetikoaren irudimen-aberastasuna” nabarmendu zuten. Aberastasun horrek konplexutasuna esan nahi du, halaber, eta, egiazki, irakurleari eskarmentu literarioa eta irakurketa zolia eskatzen dion poesia da berea. Bere garaiko abangoardia poetikoa besarkatu zuen, (post)sinbolismora hurbilduz”.

“Migrazioak eta harrera linguistikoa” jorratuko dute Euskal Soziolinguistika Jardunaldian

Azaroaren 11n egingo da aurtengo Euskal Soziolinguistika Jardunaldia, Iruñeko Baluarten. XIII. Edizioa edizioa izango da, eta Migrazioak eta harrera linguistikoa izango dute aztergai. Nafarroako Gobernuko Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin antolatu da jardunaldia.

“(…) Kontuan izan behar da, gainera, gaur egungo immigrazioko biztanleriak inoiz baino ezaugarri desberdinagoak dituela, bai jatorri-estatuei dagokionean, baita kultura zein hizkuntza desberdinei dagokionean ere. Jakina, horrekin batera azaleratzen ari diren egoera sozial, ekonomiko eta politikoak ere askotarikoak dira. Beraz, aurreikusi gabeko konplexutasuna kudeatzea ezinbestekoa izango da euskararen biziberritze-prozesuan gizarteak aurrera egin dezan eta kulturen eta hizkuntzen arteko errespetuan eraikitako gizarte kohesionatua bideratu dadin”.

Jardunaldian gaiaren hainbat aspektu aztertuko dituzte; tartean, Jatorri atzerritarreko herritarrak Euskal Herrian: kokapen deskriptiboa, Hizkuntza-aniztasuna: bizipenak eta jarrerak eta Herri eta komunitate mailako errealitatea eta esperientziak. Egitarau osoa, hemen.

Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, hemen.

Hedoi Etxartek “Sortaldekoak” poema liburua aurkeztuko du

Hedoi Etxarte idazleak Sortaldekoak poema liburua aurkeztuko du ostegunean, urriak 14, Donostiako Liburutegi Nagusiko San Jeronimo Kaleko sotoan, 11:00etatik aurrera. “Egunerokoaren detaileari erreparatzen dio Hedoi Etxarteren hirugarren poema liburuak”.

Honatx sinopsia: “Landak eta Marxen burua, makilak eta Iruñeko Gaztelu Plaza, ZIUa eta Louise Michel, 1998ko Gabonak Lisboan, Dragoien batailoia Intxortan. Liburutegiak konpartitzen dituztenak, greba orokorreko egunetatik ahots apurtuekin itzultzen direnak, depilatu gabe sexuaz gozatzen dutenak. Gerra Hotza eta Zizur Nagusia, Ford Escort Nomade gorri purpura eta Audi A4 zuria. Egunerokoaren detaileari erreparatzen dio Hedoi Etxarteren hirugarren poema liburuak”.

Aurretik beste bi poema liburu argitaratu ditu Etxartek Susa argitaletxearen laguntzaz: Suzko Liliak (2008) eta Sinplistak (2012).