Bertsozale
Elkartea, Bizkaiko Foru Aldundia, Ikastolen Elkartea, Euskaltzaleen Topagunea,
Ttap Aldizkaria, Bilboko B01-Abando Berritzegunea eta Bai&By entitateak igaro dira Euskararen Etxeko lau aretoetatik urrian.
Covidaren ondorioz, egun, gune itxien
kudeaketak kezka handia sortarazi du erakunde, elkarte eta bestelako eragile
publiko eta pribatuen artean. Izan ere, distantzia soziala mantentzea
ezinbestekoa da birusaren hedapena kontrolatzeko. Hori dela eta, Euskararen Etxeak euskal gizartearen esku
jarri nahi ditu bere eraikinean dauden lau aretoak: Hitz
aretoa, Berba
aretoa, Mintzo
aretoa eta Ele
aretoa.
Espazio guztien erabilera doakoa da eta erreserba
egitea ezinbestekoa da. Hartara, espazioa kudeatzea hain kontu garrantzitsua den garai
honetan, gogoratu Euskararen Etxean lau areto ditugula erabilgarri, besteak
beste, bilerak, jardunaldiak, trebakuntza-saioak, lan-saioak eta
aurkezpen-ekitaldiak egiteko.
Osasun neurriak bermatzeko aretoaren edukiera erdira murriztu dugu. Denon osasuna zaindu ahal izateko, aretoen erabilera eguna eta ordua aurrez erreserbatzea ezinbestekoa da. Erreserbak telefonoz edo emailez egin daitezke: info@euskararenetxea.eus – 944 028 081
Txakur Gorriak Sormem KolektiboakOrainmenean izeneko ikuskizuna estreinatuko du Bilbon dagoen Euskararen Etxean, 19:30etik aurrera. Ekitaldia Hi(ZKI)bridoak zikloaren baitan egingo da, zeinak ahozkotasuna eta letrak uztartzen dituen literatura mutanteak sortzeko asmoz.
Orainmenean bertsolaritzaren genealogia feminista “posible” bat da, iraganaren eta orainaren arteko bidaia, historiak ezkutatu dituen emakumezko bertsolariak ezagutarazteko eta egungo emakume bertsolariei aukera emateko. “Hasieratik esan dugu hutsune baten kronika egiten ari ginela eta hutsune horiek ere nabarmentzen saiatu gara”. Ekitaldia, halaber, ilustrazioen erakusketarekin osatuko da. “Ilustrazioek giro bat edo paisaia bat sortzen lagunduko digute”.
Orainmenean III. Lanku Bekaren emaitza da. Beken laguntza
ezinbestekoa da ezaugarri jakin batzuk dituzten egitasmoak garatzeko. Beste
modu batean esanda, Lanku Bekarik gabe Orainmenean burutuko
litzateke?
Ezin dugu jakin
burutuko ote litzatekeen. Egia da Lanku Bekari esker izan dela posible guk
buruan genuen egitasmo bat aurrera eramatea. Orainmenean proiektua
ez da hutsetik sortzen, aurrez egin genuen lan baten jarraipena da, nolabait,
eta bekak lagundu digu lan horretan gehiago sakontzen eta lan hori plazara
eramaten.
“Orainmenean” hitzak berak, iragana eta oraina
lotzen ditu. Ekitaldia denbora-bidaia izango da? Zein da jauzi historiko horren
xede nagusia?
Ekitaldiak bi helburu ditu bere baitan. Bata, iraganarekin lotuta dago, historikoki existitu ziren arren ahanzturak irentsi zituen emakume bertsolariak erreskatatu eta ezagutarazi nahi direlako. Bestea, aldiz, orainarekin lotuta dago; garai bateko andre bertsolari horiek abiapuntutzat hartuta, gaur egungo emakume bertsolariei elkarrekin kantatzeko eta esperimentatzeko gune berriak eskaintzea baita asmoa. Horrela, Orainmenean zubi moduko bat dela ere esan daiteke; iragana eta oraina lotzen dituen zubi bat.
Emakumeak dira protagonista nagusiak, emakume
bertsolariak. Horietako asko esparru pribatuan aritu ziren. Haien informazioa
eta dokumentazioa lortzea ez zen kontu erraza izango…
Lan hori ez da erraza ez, inondik inora. Baina gu zailtasun horiek ere bistaratzen ahalegindu gara. Liburuxka bat sortu dugu eta liburuxka horretan emakume horiei buruz dauzkagun datu urriak ageri dira, nahiko modu anarkikoan, jasota bezala; batzuen kasuan liburuetatik jasotako pasarteak ditugu, gutxi batzuen kasuan beraien bertsoak ere iritsi zaizkigu, beste batzuen kasuan izena eta jaioterria baino ez zaizkigu iritsi… Hasieratik esan dugu hutsune baten kronika egiten ari ginela eta hutsune horiek ere nabarmentzen saiatu gara. Ilustrazioari dagokionez, batzuen argazkiak iritsi dira, askorenak ez… Errealitatea den informazio falta hori islatzen saiatu gara.
Horretarako bertsoak eta ilustrazioak erabiliko
dituzue. Nola uztartzen dituzue bi diziplinak oholtzan?
Ilustrazioekin
osatutako erakusketa saioan bertan integratuta egongo da; atrezzoaren parte
izango baita. Gainera, guk bildutako informazioa eta sortutako ilustrazioak
liburuxka batean bildu ditugu eta entzuleek eskura izango dute liburuxka hori
saioan zehar. Gai-jartzaileak ilustrazio eta liburuxkako informazio hori
abiapuntutzat hartuta jarriko ditu gaiak eta bertsotan gai horiei erantzungo
zaie. Ilustrazioek, nolabait, giro bat edo paisaia bat sortzen lagunduko
digutela uste dugu.
Euskararen Etxeko saio zuen estreinaldia izango
da. Zeintzuk dira zuen espektatibak lehendabiziko ahalegin horren aurrean?
Gogotsu gaude estreinaldirako. Euskararen etxean Txakur Gorriako taldekideok kantatzea da asmoa baina hortik aurrera, proiektua askatu eta bere bidea egin dezan utzi nahi diogu. Lankutik kudeatuko dira ondorengo bertso-saioak eta antolatzaileen nahiei kasu egin arren, bertso-saio bakoitzean ordura arte kantatu ez duen andre bertsolari batek parte hartzea jarri dugu baldintza gisa. Horrela, ahalik eta emakume gehienei aukera ematea da asmoa.
Bilboko Udalak sustatutako Argazkineta egitasmoaren xedea oroitzapen fotografikoak gaika biltzea da. Argazkiok 2000. urtea baino aurreragokoak behar dute izan.
Iaz burutu zuten
estreinakoz proiektua Zorrotza auzoan, eta aurten Ibarrekolanda, Elorrieta, Sarriko
eta San Ignazio auzoetan egingo da; Euskararen Etxea San Ignazio auzoan
kokatzen da.
Horretarako, urriaren 1etik urriaren 21era auzoetako hainbat lekutatik ibiliko dira furgoneta batean oroitzapenak jasotzen, tartean, argazkiak, bideoak eta artxiboak. “Furgoneta horretan auzokideek haien dokumentuak ekarri ahalko dituzte eta dokumentu horiei buruz galdetuko zaie, denon artean auzoen historia kontatzeko”.
Euskaraldiaren bigarren edizioan izena emateko epea zabaldu dute irailaren
24an, ariketa hasteko bi hilabete falta direla. “Aurreko edizioan moduan, ahobizi eta belarriprest rolekin
parte hartuko dute azaroaren 20tik
abenduaren 4ra egingo den ariketa sozialeko parte hartzaileek”.
Gasteizen egindako agerraldian, Euskaraldiaren koordinazioan ari diren
eragileekin batera, hainbat erakundetako ¡ ordezkariak ere izan ziren, besteak
beste, Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzailea, Kike Amonarriz Euskaltzaleen
Topaguneko presidentea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramale eta
Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko
Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria.
Euskaraldia hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa soziala dela
gogorarazi dute antolatzaileek, euskararen erabilera sustatzeko ekimena. Hala, Euskaraldiko
partaideek bi rol aukeratu behar izango
dituzte: Belarriprest, “beraiei euskaraz hitz egiteko eskatzen dutenak
dira belarriprest, euskara ulertzen dute eta beraiekin euskaraz aritzea nahi
dute”, eta Ahobizi, “euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo
dute ahobiziek”.
Euskaraldian 16 urtetik gorakoek izena eman dezakete. “Modu kontziente
eta borondatezkoan, hizkuntza ohiturak astindu edo euskararen erabileran
aurrerapausoak eman nahi dituzten lagunek 15 egunetan bete nahi duten rola
erabaki eta izena eman ahal izango dute, azaroaren 20tik abenduaren 4ra
dagokien rolaren txapa jantzita ariketa egin ahal izateko”.
“Badira irakurle taldeak ugari, baina guk dakigula ikusle talderik ez, irudiari buruz hitz egiteko biltzen den talderik ez, eta guk proba egin nahi dugu”, iragarri du Azpeitiako Dinamoa Sormen Gunea.
Lehenengo saioa irailaren 29an egingo dute, 19:00etatik aurrera. Lehendabiziko solasaldi horren abiapuntua Raymond Pettibon artista estatubatuarraren irudi bat izango da.
Pettibon AEBetako punk eszenan sortutako artista da, 1980ko hamarkadaren hasieran. Izan ere, Black Flag punk taldeko Greg Ginn gitarra-jotzailearen anaia da, eta, besteak beste, Black Flagen logo ezaguna eta makina bat disko-azal diseinatu ditu. Sonic Youth taldearen Goo diskoaren azal ikonikoa ere Pettibonek egin du.
“Bi gauza diferente dira begiratzea eta ikustea. Batzuetan ez diegu begiratu ere egiten irudiei, besteetan begiratu gabe ere ikusi egiten ditugu. Eta mutur batetik besterako tarte hori da guk lana egiteko lekua. Eta irudiek ze funtzio betetzen duten pentsatzekoa”. Horretarako askotariko irudiak landuko dituzte: “artelanak, argazkiak, iragarkiak, aldizkari edo liburuen azalak, afixak, filma zatiak, memeak, GIFak… Irudiei buruz hitz egitea da kontua, eta irudia pentsatzea”.
Amorante musikariak Bat edo Hiru izenburuko disko berria aurkeztuko du Bilboko Alde Zaharrean kokatutako Bira lokalean, hilaren 30ean, 20:30etik aurrera. Sarrerak astelehenetik aurrera eskuratu ahalko dira.
Forbidden Colours diskoetxearen bidez plazaratuko du Bat edo Hiru Iban Urizar Amorante (Elgoibar, 1975) musikariak. Diskoak zazpi doinu biltzen ditu, tartean, Mikel Laboraren Ama Hil Zaigu.
Diskoa Aitor Etxebarria musikari gernikarrak ekoitzi (Forbidden Colours zigiluaren buru ere bada). Mondo Sonoro argitalpenean Amorantek adierazi duenez, Etxebarriaren lana “ezinbestekoa” izan da. “Berak grabatu du grabaketa eta oso chill izan da dena. Intuizioan sinesten dut, eta Aitor maisua da horretan. Ukitu txikiak egin ditu eta pintzelakada elektroniko bat edo beste ere. Bera gabe diskoa beste modu batekoa litzateke”.
Zenbait kolaboratzailek ere parte hartu dute grabazioan, besteak beste, Mariano Hurtadok (kontrabaxua) eta Joseba Irazokik (gitarra). Uxue Alberdik, halaber, kantu baten hitzak ere idatzi ditu, XVII. mendean Donostian burututako esklabu salmenta bati buruzkoak.
Amoranteren hirugarren lana izango da Bat edo Hiru. Aurretik beste bi grabazio argitaratu ditu elgoibartarrak, biak ala biak iraupen laburrekoak: 2017an, bi kantuz osatutako binilozko singlea, Manuela eta Brueghel Zarra, eta 2016an, bost doinuz osatutako soinu postal digitala, Amorante.
Bertsolaritzaren genealogia feminista “posible” bat josi du Txakur Gorria Sormen Kolektiboak Orainmenean izenburuko ikuskizunean. Bada, diziplina anitzeko kolektiboak ikuskizun hori estreinatuko du urriaren 8an, Bilbon dagoen Euskararen Etxean, 19:30etik aurrera. Ekitaldia Hi(ZKI)bridoak zikloaren baitan egingo da.
Sarrerak doakoak izango dira, eta telefonoz erreserbatu beharko dira, 944 028 081, bi sarrera gehienez. Erreserbak irailaren 21etik aurrera egin ahalko dira, ordutegi honetan: astelehenetik larunbatera, 10:00 – 14:00 eta 16:00 – 19:00.
Halaber, ekitaldia streaming bidez ere zabalduko da, Euskararen Etxearen Youtube kanalaren bidez.
Txakur Gorria Sormen Kolektiboaren arabera, “bertsolaritzan beti kontatu izan da gizonezko bertsolarien historia. Hala ere, iritsi zaizkigun izen handi horien atzean arakatuz gero, hainbat eta hainbat plaza-andreren arrastoak agertzen dira. Horregatik, Txakur Gorria Sormen Kolektiboak ahalegina egin du bertsolaritzaren hastapenetatik gaur arteko historia hori zalantzan jartzeko eta bertsolaritzaren genealogia feminista posible bat berridazteko, ikusezin izandakoak ikusaraziz. Emakumez osatutako bertso-saio honetan, bertsolariek genealogia horren parte diren datuak eta gertaerak izango dituzte kanturako abiapuntu. Gainera, berridatzitako historiaren mugarri ezberdinetan oinarritutako irudiak egongo dira erakusgai”.
“Atea” gaiaren eta “Hitza da giltza” leloaren
inguruan ardaztuko da aurtengo Literaturia,
Zarautzen, hilaren 25etik 27ra bitarte. Hartara, Literaturia euskal letrak zabalduko
dituen atea bihurtuko da.
Horretarako egitarau oparoa ondu dute ekimenaren antolatzaileek, hala
nola, liburu-azoka, liburu-aurkezpenak, solasaldiak eta kontzertuak.
Horrekin batera, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta
Interpreteen Elkartea eta Lorea Bilbao idazlea omenduko dituzte. Ekitaldiak
Modelo Aretoan eta Lege Zaharren enparantzan burutuko dira.
Aurten bizi dugun ez ohikoa egoera tarteko, Ahotsenearen egitarauari baitan
egingo dituzte azken liburu nobedadeen aurkezpenak, izan ere, jaialdia
udaberrian egin ohi da: “Azken urteetan bezala, Literaturia jaialdiaren 2020ko
edizioa ere Zarautzen izango da, herriko hainbat gunetan. Urtero bezala,
udaberrian hasi behar zuen euskal literaturari eskainitako jaialdiak, baina,
COVID-19aren pandemia tarteko, atzeratu egin behar izan zen, nahi bezala ospatzeko
modurik ez zegoela eta!
Hamaika sortzailek parte hartuko dute jaialdian, besteak beste, Katixa Agirre, Garazi Arrula, Maite
Larburu, Miren Amuriza, Antton Olariaga, Beñat Sarasola, Anari, Ruper Ordorika
eta Petti. Berako musikariak, hain justu, Manipulazio estrategiak diskoaren
aurre-estreinaldia egingo du.
“Loraldia berreskuratzea lortu dugu! Irailaren 26an hasi eta urriaren 22ra arte luzatuko da, etorriko zara?”, gonbidapen horren bidez jakinarazi du Loraldiak irailaren 26tik urriaren 22ra berrabiatuko dela jaialdia.
Iñigo Astizek irakurriko duen Högeitavat Mendeko Emanaldi Poetikoa ikuskizunarekin hasiko jaialdia irailaren 26an, Itsasmuseum Bilbaio museoan. “Iñigo Astiz idazlearen “Analfabetoa” liburua ixten duen testua oinarri hartuta, mende honen mamuei eta itxaropenerako zantzuei eskainitako poema irakurketa eszenikoa prestatu dute Astizek berak eta Mikel Ayerbek”.
Jaialdia, halaber, urriaren 22an amaituko da Muga taldeak Euskararen Etxean eskainiko duen emanaldiarekin. Ekitaldi hori Hi(ZKI)bridoak egitarauarekin lankidetzan burutuko da. Muga proiektua Xabier Montoiaren Anfetamiña liburutik abiatzen da
“Berez, disziplina anitzeko ikuskizuna da. Poesia, musika eta ikus-entzunezkoak batzen dituen ekinaldi artistikoa, hain zuzen. Anfentamiña izan zen Xabier Montoiaren lehen poema liburua eta Alberto Gonzalez musikariak (Aterkings, Uler 600 edo 6nemen9 banden partaidea) kanta bihurtu. Horrez gain, proiektua burutzeko Iñigo Romera (Cancer Moon, El Inquilino Comunista…), Iñigo Eguillor (Gringo, Trampas…) eta Itziar Beristain (taldearen ahotsa) batu ditu. J.A. Goñi Areta Juxe argazkilaria izan da proiekzioen irudien egilea”.
Miren Agur Meabe, Amorante, Miren Agur Meabe, Harkaitz Cano, Petti, Garbiñe Ubeda, Onintza Enbeita, Maddalen Arzallus eta Thierry Biscary dira Loraldian parte hartuko duten beste sortzaile batzuk. Informazio gehiago hemen.