“Anfetamiña”, musikaz eta irudiz jantzita

2020-03-06

Anfetamiña Xabier Montoiaren lehen liburuan oinarritutako eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak argitaratutako egitasmoa da Muga. Proiektu horretan musika eta irudiak uztartzen dira. Bada, martxoaren 25ean, Euskararen Etxean izango da ikuskizun hori, Bilbon, 20:30etik aurrera.

Ekitaldia Hi(ZKI)bridoak zikloaren bigarren hitzordua izango da, eta martxoaren 10etik 29ra birarte Bilbon egingo den Loraldia jaialdiarekin elkarlanean ondu da.

Xabier Montoiaren Anfetamiña liburutik abiatzen da Muga. Poesia, rock musika eta ikus-entzunezkoak batzen ditu. Xabier Montoiaren lehen poema liburua izan zen Anfentamiña, eta Alberto Gonzalez musikariak (Aterkings edo 6nemen9) kantu bihurtu du, Iñigo Romera (Cancer Moon, El Inquilino Comunista), Iñigo Eguillor (Gringo, Trampas) eta Itziar Beristain musikarien laguntzaz.  J.A. Goñi Areta Juxe argazkilariaren irudiekin jantziko dute saioa.

Proiekturen sustatzaile Alberto Gonzalezekin hitz egin dugu, egitasmoaren berri izateko.

Honela dio Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen promozio-orriak: “Badira idazle edo liburu ba eskainitako disko monografikoak ere. Azken multzo horietako bat duzu hau”. Zein esanahi du liburu horrek zure bizitzan eta zergatik egin duzu liburu horren aldeko hautua?

Unibertsitateko garaian ezagutu nuen liburua. Erakarri ninduen atmosferak, eta baita musika giroak ere, besteak beste, David Bowie, Lou Reed edo The Doors taldeak aipatzen baitira. Gero punk kutsua sumatzen da, jarrera hori da protagonista, maitasuna, adiskidetasuna edo bestelako gai unibertsalak bezala. Liburua Sex pistols-i eskainia dago, gainera!

Liburua musikatzeko, giro iluna aukeratu duzu. Zergatik? Inak , Maraca Diablo eta Munlet taldeetako musikariak, diskoaren harira egindako testuan, The Cure eta Joy Division aipatzen ditu, hertsiki post-punk disko bat izan ez arren.

Kantuak nahikoa dinamikoak dira, baina gehienetan saiatu gara erritmo lasaiak eta eleganteak izaten, batez ere errezitatutako kantuetan. Baliteke gitarren efektuengatik, batez ere flanger edo phaserrak erabilita, post-punkera jotzea. Ikuskizunetan egon den jendeak ahotsa Velvet Undergroundeko Nico gogorarazten duela esaten du.

Juxe argazkilariak egindako azaleko argazkitik nabaritzen da iluntasun hori. Zer ekarri dio proiektuari Juxeren lanak?

Juxerekin sarri joaten naiz kontzertutara, eta asko hitz egiten dugu musikaz. Berak argazki piloa erakusten dizkit. Hala, Muga proiektua musika talde batean soilik gera ez zedin, eta proiektua hobeto janzteko helburuarekin, komentatu genion kantuen interpretazio subjektiboa egin behar zuela: kantuok eta hitzak irudiekin jantzi, eta gero, zuzenean ere bota, kontzertu osoari irudiak jartzeko. Bestetik, Gotzon Arretxabaleta soinuaz arduratzen da, dena oso zainduta egon dadin.

Taldea bera nola osatu zenuten? Zein da zuen arteko lotura?

Hasieran Iñigo Romerari komentatu nion zertan nebilen, aspaldiko laguna da. Kantu batzuk eginda zeuden, eta bateria ere behar genuen. Hala, Arana  eta Tranpas taldeetako kide Iñigo Egillorri pasa genion materiala, eta baiezkoa eman zuen.  Kantuak behin amaituta, ahotsa jarri genion Itziar Beristainen laguntzaz. Entsegu piloa egin dugu, dena ondo koipeztatuta egon dadin. Giro musikal berdinekoak gara, eta taldekideak lagun izateak badu bere garrantzia, arteko harremana ona izanez gero, transmititu egiten baita.

Nola sortu zen Fermin Muguruzaren kolaborazioa? Montoiak Negu Gorriarekin duen loturagatik akaso? Dakizunez, Negu Gorriakek M-ak taldearen Ehun Ginen moldatu zuen.
Aspaldiko kontua da. Fermini komentatu nion zer egin nahi nuen Anfetamiña liburuarekin. Ferminek bere burua eskaini zidan, “zerbait behar baduzu esadazu”. Hortaz, berarekin identifika zitekeen poema bat bidali nion, eta gustura hartu zuen parte grabaketan. Liburuko poema potenteena utzi genion, gainera.

Orain arte kontzertuetan nola hartu du jendeak proiektua eta ikuskizuna? Horren harira, zer eskainiko diezue Euskararen Etxera gerturatuko diren ikus-entzuleei?

Ikus-entzuleen harrera oso ona izan da. Jendea gerturatzen zaizu, eta komentatzen dizu “liburu hau piloa maite nuen” edo musika, irudi eta hitzen arteko lotura eta giroa ondo kokatuta daudela kontzeptu berean esateko. Gure kantuez aparte, bertsioak egiten ditugu. Dena ez dugu esango, jendeak gerturatzea dauka!