Zazpi entitatek erabili dituzte Euskararen Etxeko aretoak urrian

2020-09-30

Bertsozale Elkartea, Bizkaiko Foru Aldundia, Ikastolen Elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, Ttap Aldizkaria, Bilboko B01-Abando Berritzegunea eta Bai&By entitateak igaro dira Euskararen Etxeko lau aretoetatik urrian.

Covidaren ondorioz, egun, gune itxien kudeaketak kezka handia sortarazi du erakunde, elkarte eta bestelako eragile publiko eta pribatuen artean. Izan ere, distantzia soziala mantentzea ezinbestekoa da birusaren hedapena kontrolatzeko. Hori dela eta, Euskararen Etxeak euskal gizartearen esku jarri nahi ditu bere eraikinean dauden lau aretoak: Hitz aretoa, Berba aretoa, Mintzo aretoa eta Ele aretoa.

Espazio guztien erabilera doakoa da eta erreserba egitea ezinbestekoa da. Hartara, espazioa kudeatzea hain kontu garrantzitsua den garai honetan, gogoratu Euskararen Etxean lau areto ditugula erabilgarri, besteak beste, bilerak, jardunaldiak, trebakuntza-saioak, lan-saioak eta aurkezpen-ekitaldiak egiteko.

Osasun neurriak bermatzeko aretoaren edukiera erdira murriztu dugu. Denon osasuna zaindu ahal izateko, aretoen erabilera eguna eta ordua aurrez erreserbatzea ezinbestekoa da. Erreserbak telefonoz edo emailez egin daitezke: info@euskararenetxea.eus – 944 028 081