“Euskararen erabilera normalizatzeko Legearen 40. urtearen atarian” mintegia ondu du Euskaltzaindiak

Euskararen erabilera normalizatzeko Legearen 40. urtearen atarian mintegia egingo du Euskaltzaindiak uztailaren 15ean, Sabino Arana Fundazioaren Bilboko egoitzan, 9:30etik aurrera. Aurrez aurreko jardunaldia izango da, baina streaming bidez jarraitzeko aukera ere izango da: https://sabinoarana.nirestream.com/

Jardunaldiaren xedea Legearen inguruan gogoeta egitea da, 40 urte bete dituenean: “2022an, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legeak 40 urte beteko dituela kontuan hartuta, lege horrek oraindik egin dezakeen ekarpenaz hausnartu nahi da. Beraz, aipaturiko legearen printzipioez, aurrekariez, helburuez, hutsuneez eta Euskal Autonomia Erkidegoan euskara biziberritzen jarraitzeko duen eraginaz gogoeta sustatzea da helburua”.

Hizlarien harira, jardunaldian, ondokoek parte hartuko dute, besteak beste: Iban Arantzabal Tokikomeko lehendakariak (Legearen urteak eta hedabideenak eskutik), Joseba Lozano Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak (Euskararen Legea eta normalizazio prozesua sektore publikoan), Iñaki Arruti Lasarte-Oriako Euskara zerbitzuburuak (Udaletik Euskararen Legeari begira), Ibone Bengoetxea EITB Mediako zuzendaria (Euskara 40 urtez ikus-entzunezkoetan EITBren eskuari helduta), Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Jean Baptiste Coyos euskaltzainburordeak parte hartu dute, besteak beste.

Egitarau osoa, hemen.

“Euskararen Jabekuntza, Kudeaketa eta Hizkuntza-praktikak XXI. mendean” masterraren bigarren edizioa egingo da

Bigarren urtez ondu du EHU/UPVk, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika Sailburuordetzarekin (HPS) lankidetzan, Euskararen jabekuntza, kudeaketa eta hizkuntza-praktikak XXI. Mendean masterra. Irailean hasiko da eta bi urtekoa izango da (2021/2023), 2021eko urritik 2023ko abendura.

“Euskara zerbitzu eta lan hizkuntza izan dadin egindako planak, gizartean euskararen erabilera areagotzeko bultzatu diren egitasmoak, aisialdiari eman zaion garrantzia, Helduen Euskalduntzean egindako bidea… hori guztia aztertzea du helburu moduluka antolatu den Master honek”.

Gaitasun hauek jorratuko dira, besteak beste:

  • Hizkuntzak biziberritzeko giltzarri diren faktoreak.
  • Hizkuntza-planifikazio eta ebaluaziorako dauden tresnak (praktikaren aldetik: erabiltzen ikasi).
  • Eremu ez-formalean euskararen sustapenerako eraginkorrak diren estrategia eta esperientziak.
  • Enpresetako euskara planen diseinua.
  • Bigarren hizkuntzak ikasteko eta irakasteko metodologiak ezagutzeko aukera.
  • Berrikuntza tresnak: BIKAIN, INDEUS, EUSLAN, BIZKEUS, EUSGARA edo LANABES egitasmoak, Erreferentzia Marko Estandarra (EME) edo Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Curriculuma (HEOC).

Informazio gehiago, hemen.

Uda kulturaz beteko da Oihaneder Euskararen Etxean

Gasteizen kokatutako Oihaneder Euskararen Etxeak kultur egitarau oparoa ondu du udarako: lehiaketak, deialdiak, filmak, kontzertuak, antzezlanak eta familia jarduerak. “Aurten ere, udako eguzki goseak eta ur egarriak kulturaz berdintzea, asetzea, proposatuko da. Oihanederren egingo diren jarduerak ez dira hiriko bakarrak izango, jakina, baina eskaintza osoa euskara hutsean egingo dutenak, seguru baietz!”.

Egin leku! musikari hasiberrientzako deialdiaren hasiko da egitaraua. “Musikaren munduan lehen urratsak eman, eta taula gainera salto egin nahi duten artistei zuzenduta dago deialdia”. Proposamenak bidaltzeko epea 25era arte egongo da zabalik. Emanaldiak urrian hasiko dira.

Uda giroan, aire zabaleko kontzertuak ikusteko aukera ere izango da, Belar Sounds zikloaren baitan, zeina Montehermoso Kulturunearekin elkarlanean ondu duten. Hala, irailaren 11ra bitartean, Voodoo Charms, The Binilo’s, Resaca Jackson, Serious Business, Belceblues eta Neona taldeen kontzertuak izango dira.

Horrekin batera, musika eta zinema uztartzen dituen Kortxeak & Krispetak zikloaren edizio berri bat ere egingo da. The Rise Of The Synths, Stiv eta Searching for Sugar Man filmak pantailaratuko dira.

OPORKLIK! argazki-hizki lehiaketa ere izango da. “Eragile euskaltzale ezberdinekin elkarlanean antolatutako jarduerek eragin eta arrakasta zabalagoa dutela ikusita, udan zehar Oihanederren antolatu izan den argazki-hizki lehiaketa aurten ALEA komunikazio Taldearekin eta Gauekoak aisialdi-programarekin batera antolatu da”.

Ostegun iluntzetan, bestalde, umorea nagusituko da Irri-barra saioekin. Bi emanaldi egingo dira Falerina lorategian, uztailean eta abuztuan, eta ondoko aktore hauek parte hartuko dute: Esti Curiel, Josune Velez de Mendizabal eta Ane Gebara.

Azkenik, iraileko lehen asteetan, txikiei zuzenduta Dona-dona katona egitaraua abiatuko dute. “txikienak hazteko eta nagusienak gaztetzeko lantegiak eskainiko ditu Txatxilipurdi elkarteak, oraingo honetan naturak eskaintzen dituen baliabideak erabilita”.

Informazio gehiago, hemen.

“Behinola” haur eta gazte literaturako euskarazko aldizkariaren ale berria eskuragarri

Galtzagorri Elkarteak argitaratzen duen Behinola haur eta gazte literaturako euskarazko aldizkariaren 43. alea kalean da. Zenbaki berria edizio-lanaren inguruan ardazten da.

Hau da ale berriaren aurkibidea:

  • Aldizkariaren azalean behi baten erdia margotu du Yolanda Mosquerak.
  • Media Vaca argitaletxearen Vicente Ferrer editorea elkarrizketatu dugu.
  • Maite Gurrutxaga, Javier de Isusi, AlexFk eta Miren Asiain Lora ilustratzaileek edizioaz hitz egin digute sortzailearen begietatik.
  • Udazkenean egingo dugun MarraziOak tailerraren berri izango duzu, izen-ematea zabalik dago!
  • Booktuberboom_+ egitasmoaren nondik norakoa jaso dugu baita ere.
  • Kizkur, Pintto txakurraren arreba, sartu da Iñigo Astizen ipuinetik. Yolanda Mosquerak ilustratu du.
  • Dani Martirenak autoekoizpenari buruz idatzi du.
  • ANTI liburu-denda editore-lanean aurkeztu digute Alex Filiatreauk eta Nerea Marquezek, Zirimiria liburuaren egileek.
  • Iazko liburu aukeratuen iruzkinak egin ditugu.
  • Aitziber Garmendiak bere umetako liburu kuttuna zein den kontatu digu.
  • Leiho berri bat ireki dugu Behinolan. Euskaraz ez dauden eta euskaraz irakurri nahi ditugun obrak ekarriko ditugu. Asun Agirianok idatzi du lehenengo ‘Zer ekarriko?’ atala.
  • Asier Iturralde Gastonek egin ditu denbora-pasak eta hurrengo Behinola ilustratuko du.
  • Yolanda Mosquerak behiaren beste erdia margotu du kontrazalean.

Harpidedun egin zaitezke hemen.

Uxue Alberdik “Ibaia” fabula plazaratu du “Zirroborroak eta gero” egitasmoaren baitan

Hitzen Uberan webgunean jasotzen denez, Uxue Alberdik Usurbilgo hirigintza feministaren inguruan ardazten den Ibaia fabula argitaratu du Zirroborroak eta gero proiektuaren barruan, Paula Estevez ilustratzailearen irudiekin osatua.

Azala sormen guneak sutatutako Zirriborroak eta gero egitasmoak etorkizun posibleei buruzko fabulak biltzen ditu.

Honatx fabularen sinposia: “Kaleak, etxeak, plazak, leihoak moldatu zituzten, espazioa antzaldatu portaerak eraldatzeko. Luz eta Izaro arkitektuak zaharrak dira orain eta hiltzeko prestatzen ari dira iraganaren memoria gordetzen duen zingiran. Bertako guztiek ez zuten alabaina iragan horren parte hartzerik nahi izan”.

Informazio gehiago, hemen.

“Bapatean 2020” bilduma argitaratu du Bertsozale Elkarteak

Bertsozale Elkarteak Mintzola Ahozko Lantegiaren bidez argitaratzen duen bildumaren aurtengo alea kalean da, Bapatean 2020.  Bilduma osatzeko, Xenpelar Dokumentazio Zentroan jasotako informazioa, grabazioak eta horien fitxak erabili dira.

“Ezohiko urtea izan zen denontzat; bertsolaritzarentzat. Bertso plazan eragin handia izan zuen pandemiak martxotik aurrera. ‘San Isidrotarako hasiko gaitun/k martxan esaten genion elkarri telefono dei desesperatuetan. Baina San Joan suek erre zituzten gure esperantzak’ gogora ekartzen du Julio Sotok irakurleari ongietorria egiten dion hitzaurrean. Online saioak izan ziren ohiko plazaren ordezko udaberrian, eta ordutik urte amaierara arte, nabarmen jaitsi ziren libreko saioak: ‘Eta faltan sumatu ditugu, gogotik, libreko saio eta bertso otorduak’”.

Sotok hitzaurrean deskribatutako ezohiko egoera pandemikoa tarteko, online saioetako bertsoaldiak ere jaso dituzte bilduman: “esate baterako, eta libreko gutxiago. 54 bertso saiotatik 84 bertsoalditako 598 bertso daude transkribatuta, gai, doinu eta ohiko informazio guztiarekin. Bertsoaldiak irakurtzeko ez ezik, entzuteko aukera ere badago, eta bertso plazari buruzko datu orokorragoak ere eskaintzen dira”.

Informazio gehiago, hemen.

Kaleka Lekeitioko Kale Arteen Jaialdiaren 31. edizioa uztailean egingo da

Iaz bertan behera gelditu ondoren, uztailaren 9tik 11ra bitarte egingo da Kaleka Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiaren 31. edizioa. Jaialdiak 12 ikuskizun bilduko ditu, eta hiru gunetan banatuko dira: Abaroa jauregiko lorategia, plaza baltza eta eskolako jolastokia.

Hauek izango dira 12 ikuskizunak: Mínimo Pésimo (Máximo Óptimo), Ulterior El Viaje (Tiritirantes Circo Teatro), Flotados (David Moreno Cía & Cristina Calleja), Rojo (Mireia Miracle Company), La Máquina (Producciones Sansegundo), Fili Busters (Mortelo & Manzani), Fuoco Risorto (Teatro La Cosa), Aigua (NUC), Lau Eme (HAATIK Dantza konpainia), Zirku tailer irekia (Txitatoki Urdaibai Zirko Eskola), The Herock (Mr Copini) eta Olea (Visitans).

Antolatzaileen arabera, “ezohiko egoera batean, ezohiko aukerez baliatu behar da. Jaialdia beti kalean ospatu da eta aurten ere horrela izango da, baina hesitutako guneak erabiliko dira edukierak kontrolpean izateko eta neurri guztiak egoki bete ahal izateko”.

Jaialdiaren ardatzetako bat parte-hartzea da, sortzaile eta publikoaren arteko lotura eta harremana sustatzeko asmoz: “Argi dago, aurten baldintzatuta egongo dela, baina modu desberdinak landuko dira ikusleak ere ikuskizunen parte sentiarazteko”.

Informazio gehiago, hemen.

Ahots eta harizko Habia hirukoteak lehen diskoa argitaratu du

Elena Haira (biola, ahotsa), Amaia Hiriart (txeloa, ahotsa) eta Maia Iribarne Olhagarai (biolina, ahotsa) musikariek osatzen dute Habia egitasmoa. Hirukoteak bere estreinako lana plazaratu berri du, Animalia naiz eta.

Badok.eus webgunean irakurri dugunez, “Ahots eta harizko instrumentuez osaturiko hirukoteak lehen diskoa plazaratu du gaur. Sorkuntza propioak eta kantu herrikoien moldaketak biltzen ditu”.

Gaur, Iruñeko Erraldoien Txokoan joko hirukoteak, 19:30etik aurrera: “Hiru hari eta hiru ahots batera. Tradiziotik abiatuta sorkuntza berriak jotzen dituzte eta taldearen musika entzutean mundua mugimenduan eta jendeeen soinua hurbiletik sentitzen dugu. Kafira batean bagina bezala, amaren besoetan lokartzen ginelarik bezala. Egoera biziki berezi horretan gizadiaren barnatasunean murgiltzeko. Animalia naiz eta da hirukote honen lehen lana, 2021ean argitaratua”.

Iruñeko erdigunea labaz betetzea

Euskara ardatz duen Laba proiektua aurkeztu berri dute Iruñean. Egitasmoak euskara eraman nahi du hiriko erdigunera, Gaztelu plazara. Bertan gune fisiko bat eratu nahi dute euskaldunen elkargune izan dadin. Horretarako, diru bilketa abiatu dute.

“Bazterretik erdigunera eraman nahi dugu euskara. Ikusgarri eta entzungarri egin, erakargarri, eskuragarri”.

Hala, erabilera anitzeko espazio bat eraiki nahi dute euskararen eta euskaldunen zentroa izan dadin; euskarara hurbildu nahi duen orok bere lekua izan dezan. “Arkupeak babestutako lokal bat, eta plazara irekitako gunea. Euskaratik sortutako elkargune bat, euskarazko kultur emanaldietarako oholtza, sorkuntza produktuetarako saltokia, kafetegia”.

Horretarako laguntza eskatu dute, 30.000 euro lortzeko erronka paratu dute Itsulapikoa atarian.

Informazio gehiago, hemen.