“Euskararen erabilera normalizatzeko Legearen 40. urtearen atarian” mintegia ondu du Euskaltzaindiak

2021-07-06

Euskararen erabilera normalizatzeko Legearen 40. urtearen atarian mintegia egingo du Euskaltzaindiak uztailaren 15ean, Sabino Arana Fundazioaren Bilboko egoitzan, 9:30etik aurrera. Aurrez aurreko jardunaldia izango da, baina streaming bidez jarraitzeko aukera ere izango da: https://sabinoarana.nirestream.com/

Jardunaldiaren xedea Legearen inguruan gogoeta egitea da, 40 urte bete dituenean: “2022an, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legeak 40 urte beteko dituela kontuan hartuta, lege horrek oraindik egin dezakeen ekarpenaz hausnartu nahi da. Beraz, aipaturiko legearen printzipioez, aurrekariez, helburuez, hutsuneez eta Euskal Autonomia Erkidegoan euskara biziberritzen jarraitzeko duen eraginaz gogoeta sustatzea da helburua”.

Hizlarien harira, jardunaldian, ondokoek parte hartuko dute, besteak beste: Iban Arantzabal Tokikomeko lehendakariak (Legearen urteak eta hedabideenak eskutik), Joseba Lozano Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak (Euskararen Legea eta normalizazio prozesua sektore publikoan), Iñaki Arruti Lasarte-Oriako Euskara zerbitzuburuak (Udaletik Euskararen Legeari begira), Ibone Bengoetxea EITB Mediako zuzendaria (Euskara 40 urtez ikus-entzunezkoetan EITBren eskuari helduta), Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Jean Baptiste Coyos euskaltzainburordeak parte hartu dute, besteak beste.

Egitarau osoa, hemen.