Jardunaldia, Euskararen Etxean: “Bizkaiko hizkuntza aniztasuna eta euskararen balio integratzailea”

Urrian egingo diren Ondarearen Europako Jardunaldien (OEJ) baitan, Bizkaiko museoek eta bestelako kultur azpiegiturek askotariko jarduerak antolatu dituzte, tartean, erakusketak, hitzaldiak, kontzertuak, bisitak eta ibilbide gidatuak.

Hala, Euskararen Etxeak ere bere ekarpena egingo du; hain zuzen, Bizkaiko hizkuntza aniztasuna eta euskararen balio integratzailea izenburuko mahai-ingurua ondu du urriaren 21ean, 19:00etatik aurrera.

Jardunaldian hauexek parte hartuko dute: Amelia Barquín Filologia Erromanikoan doktorea eta HUHEZIn lan egiten du (Humanitateak eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea, Mondragon Unibertsitatea); Xabier Aierdi, soziologian doktorea eta EHUn irakasle ia berrogei urtez. Egun, jubilatua eta Begirune Fundazioaren presidentea; eta, azkenik, Julen Zabalo Bilbao, UPV/EHUko irakaslea Soziologia eta Gizarte Langintza sailean.

Aierdik Bizkaiko aniztasun mapaz arituko da: “Bizkaiko hizkuntza aniztasunaren mapen inguruan arituko da, iaz eginiko azterketa soziolinguistikoan oinarrituta”. Barquínek Euskara eta kulturartekotasuna gaia izango du hizpide: “Zer eskatzen dio kulturartekotasunaren ulerkera serio batek euskarari? Nola uztartzen dira? Kulturartekotasuna askotan anitza denera mugatzen da, baina zuzena da?”. Amaitzeko, Zabalok Euskara, kohesio hizkuntza? Izango berbagai: “Gure gaur egungo gizartean bete lezake euskarak gizarte-kohesioaren funtzioa? Zeintzuk dira aukerak eta mugak? Non bukatzen da erretorika eta non hasi erronka?”

Azken ikerketen adierazten dutenez, Bizkaian 120 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira eta badira 1.400 hiztun baino gehiago dituzten 10 hizkuntza. Bizkaian ditugun hizkuntza guztiak aberasten dute lurraldea, eta euskara Bizkaian dauden hizkuntza guztientzat aterpe eta zubi izan daiteke. Euskaratik eta euskaraz hizkuntza guztien balioa aitortu dezakegu.

Mahai-ingurura etortzeko komeni da aurrez izena ematea: info@euskararenetxea.eus / 944 02 80 81

Alberto Barandiaranen “Gurea falangista” kronika aurkeztuko du Susa argitaletxeak

Alberto Barandiaran Amillano (1964, Altsasu) idazlearen Gurea falangista liburua aurkeztuko du Susak ostegunean, urriak 7, Donostiako Udal Liburutegian, 11:30etik aurrera. Liburua Saiakera atalaren baitan plazaratuko da.

Hauxe kontatzen da liburuan: “80 urte bete zituenean, luzez gordean izandako libreta gris bat erakutsi eta “egin nahi duzuna” esan zion amaginarrebak Alberto Barandiaran Amillanori. Honek ziztuan ulertu zion esaten ari zitzaiona: “Egin ezazu zerbait”.

Libreta hura Luis Fernandez Arregirena zen, Errepublikaren kontra 1936an altxatu zen anaia zaharrenarena. Lemoaitzen hil zuten arteko gerra ibilerak idatzita zituen han. Eta libretaren lerroen artean, galderak ondorengoentzat: zerk eraman zuen udal idazkari izan nahi zuen 18 urteko gazte hura Falangen izena ematera? Zerk, aurretik EAJn militatu zuen hura, garaiko Altsasun halako tradiziorik ezagutu gabea zena?

Haren arrastoari segika abiatu zuen erreportaje-kronika hau Barandiaranek. Artean ez zekien, ordea, beste izen bat aterako zitzaiola bidera: Pablo Amillano Baztan. Bere aitona falangista”.

Barandiaranek beste bi liburu plazaratu ditu Susa argitaletxean: Ez zaigu ahaztu (1998) kronika eta Mundu txikiak (2005), biak ala biak Narratiba sailean.

Xabier Lizardiren “Bihotz-begietan” berrargitaratu du Susak

Xabier Lizardiren jaiotzaren 125. urteurrenaren harira, Susa argitaletxeak Bihotz-begietan poesia-liburua berrargitaratu du. Berrargitalpena irailaren 30ean aurkeztuko dute, ostegunean, Donostiako Udal Liburutegian, 12:00etatik aurrera.

Susaren arabera, “euskarak eman duen poema liburu ederrenen artean eder, Lizardiren Bihotz-begietan da eragin handiena izan duen obra euskal poesian: ia mende osoa pasatu da argitaratu zenetik eta ordutik honako euskal poesia ezin da ulertu Lizardi gabe”.

Hala, jatorrizko testua egungo ortografia estandarrera ekarri du argitaletxeak. Horrekin batera, Anjel Lertxundiren hitzaurrearekin eta Zuhar Iruretagoiena artistaren lanarekin osatu dute liburua. Azkenik, jatorrizko edizioa ere gehitu dute, eranskin gisa.

Liburuaren sinopsiak honela dio: “Euskarak eman duen poema liburu ederrenen artean eder, Lizardiren Bihotz-begietan da eragin handiena izan duen obra euskal poesian: ia mende osoa pasatu da argitaratu zenetik eta ordutik honako euskal poesia ezin da ulertu Lizardi gabe. Poeta jaio zeneko 125. urtemugan, jatorrizko testua egungo ortografia estandarrera ekarri dugu, Anjel Lertxundiren hitzaurrearekin, Zuhar Iruretagoiena artistaren esku hartzearekin eta, eranskin gisa, jatorrizko edizioa gehituta; guztia, Lizardiren poetikari irakurleak batzeko gogoz”.

“Nafarroan euskararen aldeko jarrerak indartzeko aukerak” jardunaldia ondu du Topaguneak

Urriaren 14an antolatu du Nafarroan euskararen aldeko jarrerak indartzeko aukerak jardunaldia Topaguneak, Iruñeko Kondestable Jauregian: “ardunaldian hausnartuko dugu Nafarroan gero eta herritar gehiago euskararen indarberritze prozesuarekiko enpatiko izateko diskurtsoaz, praktikaz eta bestelako baliabideez”.

Jardunaldiaren egitaraua:

08:30 – 09:00 Materiala jaso

09:00 – 09:30 Irekiera ekitaldia

Ana Ollo (Nafarroako Gobernua-Gobierno de Navarra) eta Oskar Zapata (Euskaltzaleen Topagunea)

09:30 – 10:30 Gaztelaniaz bizi diren nafarren motibo subjektiboak euskararen sustapenean txertatzea: ikerketa esploratzaile bat.

Xabier Erize ( Soziolinguista. Filologian doktorea)

10:30 – 11:15 Nafar herritarrak eta euskararen kudeaketa

Amaia Nausia ( Eusko Ikaskuntza)

11:15 – 11:45 Atsedena

11:45 – 12:45 Tertulia

Hedabideetako zuzendariak

Iñaki Soto (Gara), Joseba Santamaria ( D. Noticias) Javier Lorente (Ser irratia), Juan Kruz Lakasta ( Euskalerria irratia)

Tertuliaren gidaria: Itziar Luri (Labrit)

12:45 – 13:45 “Komunikazioa-inkomunikazioa”: gakoak

Pilar Kaltzada ( Linking ideas)

14:00 – 15:30 Bazkaria

15:30 – 16:15 Euskara eta feminismoa: esperientziak eta erronkak

Amaia Zufia eta Irati Majuelo ( Mugimendu feministako kideak)

16:15 – 17:00 Tertulia

Gazte mugimendutik

Lur Albizu, Cristina Oses, Juan Gutierrez, Lohizune Amatria

17:00 – 17:15 Itxiera ekitaldia

Izena emateko epea zabalik da urriaren 8ra arte edo edukiera bete arte.

“Hi(ZKI)bridoak 2021” streaming bidez ere ikusi ahalko da

Pandemia tarteko, iazko Hi(ZKI)bridoak egitarauko saioak streaming bidez igorri genituen. Emanaldion harrera nahikoa ona izan zen; beraz, aurten ere, streaming-aren aldeko hautua egin dugu.

Streaming saio horiek Euskararen Etxeko Youtube kanalaren bidez zabalduko dira, eta laupabost egunez egongo dira ikusgai; gero, gure kanaletik kenduko ditugu.

Hala, ostegunean, Ibon RG eta Enrike Hurtado musikariek eskainiko duten oMOrruMU baMAt ikuskizuna emango dugu streaming bidez.

Hemen duzue esteka: https://youtu.be/u5JaBvFc7ps

oMOrruMU baMAt Joxan Artzeren ondaretik abiatzen den egitasmoa da, omenaldiaren kontzeptu tradizionala zeharkatzen duena. Aritz Galarragaren arabera, “a capella organikoenetik, instrumental elektronikoraino, protagonismo berezia hartzen duela txalapartak -joxan eta jexux artze anaiek arterako erreskatatu zuten instrumentuak-, antzinako moldean emana -egurrezko ohol bakarrarekin-, enrikek sorturik softwareetatik pasata -soinua txikituz eta berrosatuz-, are txalapartaren gisan joz pianoa -chick corea defuntuaren ahaire batekin-“.

“Irati”, komikitik filmera

Xabiroi argitalpenaren orrialdeetan Joxean Muñozek eta Juan Luis Landak sortutako Irati pertsonaiaren abenturak zinean ikusi ahalko dira laster. Paul Urkijo (Errementari) zinegile gasteiztarrak filmatuko du, hain justu, Irati filma. Zinemaldian aurkeztu berri dute zine-egitasmoa. Urkijorekin batera, Eneko Sagardoi, Edurne Azkarate eta Itziar Ituño aktoreak izan ziren aurkezpen-ekitaldian.

Euskal mitologiari buruzko film epikoa izango da Irati, VIII. mendean girotua: Eneko noble gaztea Pirinioetako basoetan sartuko da aitaren gorpuaren bila. Bidean, Irati izeneko neska bat aurkituko dugu eta harekin biziko ditu hamaika abentura.

Epika, superstizioa eta errealismo magikoa erlijio kristau eta musulman hegemonikoekin batera bizi dira. Erlijio horiek elkarrekin borrokatzen dira, azken sinesmen paganoak desagertzen diren  bitartean. “Beti egin nahi izan dut euskal mitologiari buruzko film epiko bat”, azaldu zuen Urkijok.

Sasoiko euskara erabiliko dute aktoreek filmean. “Historikoki ezin gara iritsi errealitatera, baina soinu batzuk berreskuratuko ditugu, testura batzuk. H hasperena ere sartuko ditugu elkarrizketetan”. Gorka Lazkano arduratuko da filmean erabiliko duten euskaraz; Errementari filmean ere ardura bera izan zuen.

Filma Euskal Herrian eta Huescan filmatuko dute, eta azarorako amaituta izatea espero dute. Informazio gehiago, Berria egunkarian.

Maite Larburuk “Krak” argitaratuko du irailaren amaieran

Maite Larburuk Krak izenburuko bakarkako bigarren lana plazaratuko du irailaren 28an. Hilaren 30ean, halaber,  zuzenean aurkeztu du Krak Donostiako Egia auzoan kokatutako Gazteszena kultur etxean, 19:00etatik aurrera.

Gazteszenaren arabera, “Krak Maite Larbururen bigarren bakarkako diskoa izango da. Helburu anitzekin sorturiko doinuak eta Axut! antzerki kolektiboaren Amua antzezlanerako idatziriko musika biltzen ditu”.

Hala, bere azken proiektuen artean dago  Amua antzezlana; Axut! antzerki konpainiarekin elkarlanean sortua. Antzezlan honetarako musika sortu eta interpretatzeaz gain, Larburu oholtza gainean dabil aktoresa lanetan, Ximun eta Manex Fuchs-en alboan.

Bada, antzezlan horren musika diskoan entzuteko aukera izango dugu irailaren 28tik aurrera. Dagoeneko, kantu bat entzun daiteke Badok Euskal Musikaren Atarian.

Bizkaiko hizkuntzen aniztasunari buruzko mahai-ingurua, Euskararen Etxean

Urrian egingo diren Ondarearen Europako Jardunaldien (OEJ) baitan, Bizkaiko museoek eta bestelako kultur azpiegiturek askotariko jarduerak antolatu dituzte, tartean, erakusketak, hitzaldiak, kontzertuak, bisitak eta ibilbide gidatuak.

Hala, Euskararen Etxeak ere bere ekarpena egingo du; hain zuzen, Bizkaiko hizkuntza aniztasuna eta euskararen balio integratzailea izenburuko mahai-ingurua ondu du urriaren 21ean, 19:00etatik aurrera.

Azken ikerketen adierazten dutenez, Bizkaian 120 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira eta badira 1.400 hiztun baino gehiago dituzten 10 hizkuntza. Bizkaian ditugun hizkuntza guztiak aberasten dute lurraldea, eta euskara Bizkaian dauden hizkuntza guztientzat aterpe eta zubi izan daiteke. Euskaratik eta euskaraz hizkuntza guztien balioa aitortu dezakegu.

Hala, ondareabizkaia.eus webgunean jasotzen denez, “jardunaldi hauek urrian zehar ospatzen dira. Bisita gidatuek eta ibilbideek, erakusketek eta hitzaldiek, kontzertuek eta mota guztietako kultura-adierazpenek ematen diote forma herritarren eskura dagoen egitarau erakargarri eta era askotakoari”. Bizkaiak 2001. urtetik urte darama egitasmo honetan parte hartzen. Guztira, 20 edizio egin dira.

PEN International-en eta Euskal PENen historiaz

1921ean jaio zen PEN International; beraz, 100 urteko ibilbidea egin du aurten. Mendeurrena tarteko, nazioarteko erakundeak 500 irudirekin osatutako eta 320 orriko liburu grafikoa plazaratu du, ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz.

Euskal PEN klubak ere euskaraz argitaratuko du liburua, beste hainbat taldek ere egin duten legez. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Etxepare Euskal Institutuak lagundu dute itzulpena, eta urriaren 5etik aurrera hasiko dute euskarazko bertsioaren banaketa, gainerako hizkuntzetako liburuekin egingo duten legez.

Liburuan Nazioarteko PENen 100 urteko historia ez ezik, euskarazko bertsioaren azken atalean Euskal PENen historia ere gehitu da. Atal horren aparteko separatak ere aurkeztu zituzten atzo Euskararen Etxean, Euskal PEN hiru jauzitan.

Lorea Bilbao Ibarra Euskara Kultura eta Kirol Saileko diputatuak eta Urtzi Urrutikoetxeak eta Laura Mintegik Euskal PENeko zuzendaritzako kideek parte hartu zuten aurkezpen-ekitaldian.