Aurtengo Hi(ZKI)bridoak kultur egitaraua Piszifaktoria Ideien Laborategiak estreinatuko duen Hau gerra bat da ikuskizunarekin amaituko da, azaroaren 29an, asteazkena, Euskararen Etxean, 19:30etik aurrera.
Piszifaktoria Ideien Laborategiaren arabera, “Hau gerra bat da gerra bat biziaraziko digun murgiltze-esperientzia bat da, lau lengoaia artistikoren bidez: hitza, musika, dantza eta antzerki fisikoa”.
Lau lengoaia artistiko ditu puzzle honek: hitza, musika, dantza eta mugimendua edo antzerki fisikoa. Rapsoda bat, antzezle bat, dantzari bat eta musikari bat arduratuko dira guztiak josteaz. Polifonia erritmiko bat izango da, beraz.
Ikuskizun honek 2022ko Euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak laguntza jaso du.
Harkaitz Cano idazleak Ulu egiteko bolondres bila izeneko olerki liburua aurkeztuko du azaroaren 27an, Donostiako Konstituzio plazako Mandasko Dukearen aretoan, 11:30etik aurrera.
Susa argitaletxeak zabaldu duen sinopsiaren arabera, “Zerk bereizten du ulu bat otoitz batetik? Eta otoitz bat poema batetik? Izan al daiteke zerrenda bat poema? Izatez, ba ote da poema ez den zerrendarik? Lapurtutako testuei forma aldatzea aski da testu baten jabetza geureganatzeko? Ekar ote liteke poema liburu batera Oteizaren Klarion laborategia proiektua? Galdera horiei jarraiki osatu dira poemario honetako atal ezberdinak, diziplinari berari buruz hausnartuz eta poemaren muga formalak ikertuz, librearen librez, neurri eta errima guztietatik aske, noiz jostari eta noiz mamitsu, beti arakatzaile”.
Abenduren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Bizkaiko Foru Aldundiak ‘Gida Bira’ ekimena jarri du martxan, zeina Euskararen Etxeak ondu duen, Bizkaiko foru museo eta aretoen parte hartzearekin.
Ekimenak Bizkaiko Foru Jauregia, museo eta aretoetako ondarea eta bertsogintza bilduko ditu, bisitariei esperientzia kultural berezi eta erakargarri bat luzatzeko helburuarekin; hain zuzen, abenduaren 1ean, 2an, 3an eta 4an, museo eta aretoetan, bisita gidatuak bertsolarien parte hartzearekin egingo dira. Hala, bertsolariek haien ekarpen oparoa egingo diote gidarien diskurtsoari, bisitarien gozamenerako.
Bada, abenduaren 2an, Oihana Bartra eta Miren Amuriza bertsolariak Euskararen Etxean kokatutako Euskararen Interpretazio Zentroan izango dira, 12:00etatik aurrera.
Euskarak munduari begiratzeko aparteko modu bat eskaintzen du, eta oraingoan, begirada hori bertsolarien bidez islatuko da Bizkaiko Foru Jauregian eta foru museo eta aretoetan, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko asmoz.
‘Gida Bira’ Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako ekimenaren edizio berria aurkeztu dute Isaac Amezaga Euskara Zuzendari Nagusiak eta Iurdana Acasusok Euskararen Etxeko Zuzendariak Bizkaiko foru museo eta aretoko zuzendariekin batera.
Isaac Amezagak azaldu duenez “bertsolariak gidari lanetan arituko dira museo eta aretoetako bisitetan, gure ondareari haien ekarpen oparoa eransteko eta bisitariei gure ondarearen bestelako ikuspegi bat erakusteko asmoz”. Amezagak gaineratu duenez, “euskara, gure ondarea eta gure kulturaren adierazpide garrantzitsuenetariko bat batuko ditugu, bisitariei jarduera kultural berezia eskaintzeko, betiere, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko xedearekin”.
Ekimena abenduaren 1ean, 2an, 3an eta 4an ospatuko da Aldundiko hamaika ezpazio ezberdinetan eta 13 bertsolarik hartuko dute parte. Ibon Ajuriagojeaskoa bertsolariak Bilboko Rekalde Aretoan kokatutako Eduardo Sourrouille artistari buruzko erakusketan parte hartuko du. Asier Galarza Bilboko Arkeologi Museoan izango da. Iker Uriarte eta Janire Arrizabalaga bertsolari-bikoteak Gernikako Euskal Herria Museo bisitatuko du. Oihana Bartra eta Miren Amuriza Bilboko Euskararen Etxeko Euskararen Interpretazio Zentroko erakusketa berrituan murgilduko dira. Koldo Gezuragak Bilboko Ondare Aretoan dagoen Zinemarako Arkitekturak Bilbon erakusketari buruzko bertsoak botako ditu. Eneko AbasoloAbarkas bertsolaria Bermeoko Arrantzaleen Museoan izango da. Ander Elortegik Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoa bisitatuko du. Iruri Altzerrekak Muskizko El Pobaleko Burdinola Museoan egingo duten Basotik burdinolara ekimenean parte hartuko du. Aitor Etxebarriazarraga Kortezubiko Santimamiñen izango da. Aissa Intxaustik Bakioko Txakolin Museoa-Txakolingunea bisitatuko du, eta, azkenik, Garazi Navarro Bizkaiko Foru Jauregian barrena ibiliko bertsotan.
Egitaraua
Abenduaren 1ean hasiko da Gida Bira ekimena Bilboko Rekalde Aretoan, 19:00etan, Ibon Ajuriagojeaskoa bertsolariaren eskutik.
Abenduaren 2an, berriz, 12:00etan, Euskararen Etxean, Oihana Bartra eta Miren Amuriza arituko dira bertso-bisita egiten. Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan, 12:30ean , Iker Uriarte eta Janire Arrizabalaga arituko dira Gida Biran. Egun horretan Bilboko Arkeologi Museoan, 18:00etan, Asier Galarza izango da bertsotan. Eta Bilboko Ondare Aretoan, 19:00etan, Koldo Gezuraga arituko da bisitan.
Abenduaren 3an Balmasedako La Encartada fabrika-museoan, Ander Elortegi arituko da bertsotan, 12:00etan. Egun horretan bertan, Muskizeko Pobaleko Burdinolan ere izango da Gida Bira, 11:30ean, Iruri Altzerrekaren eskutik, eta abenduaren 3an, Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Eneko Abasolo Abarkas izango da bertsotan, 12:00etan. Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen den honetan, Txakolin Museoa-Txakolingunean, Aissa Itxausti bertsolaria izango da, 13:00etan. Azkenik, Aitor Etxebarriazarraga Santimamiñen izango da, 12:30ean.
Azkenik, abenduaren 4an Bizkaiko Foru Jauregiak Garazi Navarro bertsolariak eskainiko du Gida Birako bisita 12:45ean.
Bisita gidatuetan parte hartzeko izena eman beharko da ezinbestez. Horretarako, jarri harremanetan museo eta aretoekin:
Miren Amuriza etaAne Labakabertsotan arituko dira Ainara Azpiazu Axpi Ilustratzailearen gidaritzapean. Axpik, gainera, zuzenean marraztuko du.
Axpik hainbat liburu ilustratu ditu, besteak beste, Nire Gorputzean bizi naiz (2020), Basoan barna (2021) eta Utzi azalari (2022). Azken horrek Maialen Lujanbioren hiru bertso ditu oinarrian. 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian, Irunen, trans ez-bitar baten rolean sartuta kantatutakoak.
Zenbait sari ere jaso ditu ilustratzaile hernaniarrak: 2017. urtean, Etxepare saria irabazi zuen Paula Estévez marrazkilariarekin elkarlanean egindako Arraroa lanari eske, eta 2018. urtean, Hernaniko Udalaren Kale Arte Beka irabazi zuen Tilosetan mural bat egiteko.
Ekitaldia azaroaren 23an izango da, Euskararen Etxean, 19:30etik aurrera, sarrera doakoa da, eta Hi(ZKI)bridoak egitarauaren baitan egingo da.
Euskarazko komikigintzari buruzko azoka ondu dute Hernaniko Atsegindegi plazan, azaroaren 17an eta 18an. Bertaratuek euskarazko komiki berriak ezagutzeko parada izango dute, baita egileak entzuteko eta ezagutzeko parada ere.
Azokatik, besteak beste, Uxue Alberdi eta Susanna Martin (Surfalaria) eta Mikel Begoña eta Iñaket (Hiru etxe Santa Monikan) igaroko dira.
Honatx Hernanikomik-en aurkeztuko diren komiki berriak:
Ostirala
17:30: Surflaria, Uxue Alberdi, Susanna Martin
18:00: Hiru etxe Santa Monikan, Mikel Begoña, Iñaket
Deialdi honetan bi eskari desberdin egiteko aukera egongo da; batetik, lantoki kooperatiboan lanerako espazio bat eskuratzeko aukera egongo da; eta bestetik, lantoki kooperatiboko bilera gelak modu jarraitu eta sistematikoan erabiltzeko eskaria egin ahal izango da.
Euskararen Etxeak desberdinen arteko elkarlana sustatu gura du lantoki kooperatiboaren bidez; era berean, baita euskarazko jardunari babesa eman ere.
Euskararen Etxeak euskararen sustapen eta hedapenean eragitea du helburu. Hori dela eta, lantoki kooperatiboan lan egiteko aukera izango dute euskara helburu edo misio duten entitate, elkarte edota norbanakoek.
Lantoki kooperatiboaren erabilera DOAKOA da.
Nork izan dezake lantegi kooperatiboan lan egiteko aukera?
– Euskararen alde eta euskaraz lanean ari den edozein entitate, elkarte edo norbanakok.
– Euskara bere jardunaren helburu edo misio nagusi duen edozein entitate, elkarte edo norbanakok.
Dom Campistron ilustratzailearen Bekatorosak lana abiapuntu izanik, bertsotan egingo dute Miren Amurizak eta Ane Labakak. Ilustratzaileak berak egingo ditu gai-jartzaile lanak.
Ekitaldia azaroaren 23an izango da, Euskararen Etxean, 19:30etik aurrera, sarrera doakoa da, eta Hi(ZKI)bridoak egitarauaren baitan egingo da.
Elkar argitaletxeak plazaratu zuen Bekatorosak komikia 2021ean: “Dom Campistron, liburu grafiko honen sortzailea, Alduden bizi da (Nafarroa Beherea) eta 26 urte ditu. 2019ko udan Nafarroa Behereko hainbat herri txikitako zazpi lagun elkarrizketatu zituen, zazpi bekatorosa. Eta ondoren, paperera ekarri ditu haien borrokak, bakartasunaren mina eta bizi izan dituzten eraso homofoboak, baita beren maitasun istorioak, elkartasun eta itxaropenak ere. Egileak zazpi lekukoen hitzak berresan ditu jatorrizko testigantzen bat-batekotasunari eta originaltasunari eutsiz”.
URRIAK 26:Elkarrizketa bat pianoarekin: Zahartzaroa emakumeen euskarazko poesian. Ainhoa Urien Telletxe eta Nerea Iglesias Lili.
Zahartzaroa izendatu, balidatu eta hausnartzeko aitzakia bat da ekimen hau. Jolas egiteko ere bai, olgeta ez delako umezaroko kontua bakarrik. Euskal emakume idazleek sortutako hamaika poemen bidez hurreratuko gara zahartzarora, eta pianoa izango dugu bidelagun. Elkarrizketan jarri ditugu poemok eta teklatu baten aireak. Atmosfera horrek ahalbidetuko digu, parte hartzaileoi zein publikoari, poesiak zahartzaroari eman dizkion erantzun batzuk bilatzen, galdera berriak sortzen eta gorputzetik sortutako pentsamendu propioak eraikitzen.