Euskararen Nazioarteko Eguna borobil-borobila izan da Euskararen Etxearentzat: Europako Kontseiluko Kultura Batzordeak Euskararen Interpretazio Zentroari eman dio 2025eko museoen saria. Pozez zoratzen gaude!
Epaimahaiak gure museoko “esperientzia murgilgarria” goraipatu du, eta azpimarra berezia egin die Interpretazio Zentroko edukiei. Museoak “euskal kulturari lotutako emozio, erronka eta erresistentzia sakonak” islatzeko gaitasuna duela adierazi dute, eta “euskarak komunitatea sustatzeko duen garrantzia eta bilakaera aztertzeko aukera” eskaintzen duela nabarmendu.
Aipaturiko guztiez gainera, epaimahaiak Euskararen Interpretazio Zentroko irisgarritasuna eta aniztasuna txalotu ditu. Edukiak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez eskaintzen direnez, “museoak askotariko ikusleen parte hartzea” bermatzen duela iritzi dio: “Zentroak Europako hizkuntzen eta kulturen arteko lotura egiten du. Hizkuntzen arteko antzekotasunak eta elkarren arteko eraginak aztertzeko aukera ematen du, era horretan, Europako hizkuntza aniztasuna sakonago ulertzeko”, esan dute.
Lan handi bati egindako aitortza
Azkue Fundazioko zuzendari eta Euskararen Etxeko kide Iurdana Acasusok “pozarren, ezin sinetsita” jaso du albistea. “Sariak aitortza egiten dio denbora honetan guztian egindako lan eskergari. Era berean, sari berezia da guretzat, Europako baloreekin bat dator-eta. Euskara, demokrazia, bizikidetza, aniztasuna… Europakoak diren balio horiek guztiak lantzen ditugu Interpretazio Zentroan”, azaldu du Acasusok.
Europako Kontseiluak 1977an ekin zion Museoen Saria banatzeari, Europako kultur ondarea ulertzeko, Giza Eskubiden eta demokraziaren errespetua sustatzeko eta kulturen arteko zubiak eraikitzeko helburuz.