Ihes-gela, ‘Hostopostoak’ eta bisita gidatuak Euskararen Etxeko Gabonetako eskaintzan

Euskararen Etxeak zirraraz eta jolasez beteriko eskaintza berezia prestatu du Gabon hauetarako. Batetik, misteriozko istorioak atsegin dituztenek ‘Euskal Alien Nazioa’ ihes-gela izango dute zain; bestetik, ‘Hostopostoak’ programak euskaraz jolasteko aukera eskainiko die umeei eta familiei; azkenik, Euskararen Interpretazio Zentroa ezagutzeko bisita gidatuak eskainiko dira.

‘Euskal Alien Nazioa’ ihes-gela:

Ihes-gelan barneratzen direnek euskarari lotutako zientzia fikziozko misterioa askatu beharko dute aretotik atera ahal izateko. Erronkari heltzeko prest? Doako ihes-gela da, 15 urtetik gorakoentzako aproposa. Jokalarien gutxieneko kopurua pertsona bikoa da; gehienezko kopurua, seikoa.

  • Egunak: abenduaren 21a, 23a, 27a, 29a eta urtarrilaren 3a.
  • Ordua: 17:30
  • Erreserbatarako lotura, hemen.

‘Hostopostoak’ jolasa:

Euskararen Interpretazio Zentrora 4 eta 10 urte bitarteko umeekin etortzeko proposamen dibertigarri bezain hezigarria da ‘Hostopostoak’. Egitasmoaren helburua euskaraz eta familian jolastea da. Horretarako, mahai-jolas erraldoi batez baliatuko gara. Gauza berriak ikasi, jende berria ezagutu eta euskarara gehiago gerturatzeko aukera bikaina da honako hau.

  • Egunak: abenduaren 26a, 28a, 30a eta urtarrilaren 2a eta 4a.
  • Ordua: 17:30
  • Erreserbak egiteko telefonoa: 944 028 081

Bisita gidatuak EIZera:

Badakizu Euskararen Interpretazio Zentroak sari bat jaso berri duela? Bada, bai! Europako Kontseiluko Kultura Batzordeak gure museoa saritu du, bertako edukiak eta esperientzia murgilgarria goraipatuta! Zatoz euskararen historiari eta ezaugarriei buruzko ikuspegirik osatuena bost zentzumenekin gozatzera. Gure museoko ateak zabal-zabalik daude euskarazko eta gaztelaniazko bisitariak hartzeko!

  • Euskarazko bisitak: abenduaren 21ean, 23an, 27an, 29an eta urtarrilaren 3an. 16:30ean.
  • Gaztelaniazko bisitak: abenduaren 26an, 28an, 30an eta urtarrilaren 2an eta 4an. 16:30ean.
  • Erreserbatarako: 94 402 80 81 / info@euskararenetxea.eus

‘Gida Bira, gure museoak bertsotan’ egitasmoa martxan, Euskararen Eguna ospatzeko

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskararen Etxeak egitasmo berezi bat antolatu dute: ‘Gida Bira’. Programazioak bertsolaritza eta ondarea batuko ditu: azaroaren 29tik abenduaren 3ra bitartean, hainbat bertsolari egongo da Bizkaiko Foru Aldundiaren babespekoak diren museoetan,  museo-gidarien azalpenak osagarritzen, bisitarien gozamenerako. Euskararen Interpretazio Zentroari dagokion saioa azaroaren 30ean egingo da, 12:00etan. Maite Sarasolak eta Xabat Galletebeitiak bertsotan aletuko dituzte EIZeri buruzkoak.

‘Gida Bira’ Leixuri Arrizabalagak, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, eta Iurdana Acasusok, Euskararen Etxeko Zuzendariak, aurkeztu dute, gaur, Bizkaiko foru museoko eta aretoko zuzendariekin batera. Lexuri Arrizabalagak azaldu duenez, “bertsolariak gidari lanetan arituko dira museo eta aretoetako bisitetan, gure ondareari haien ekarpen oparoa eransteko eta bisitariei gure ondarearen bestelako ikuspegi bat erakusteko asmoz”. Gaineratu duenez, “euskara, gure ondarea eta gure kulturaren adierazpide garrantzitsuenetariko bat batuko ditugu, bisitariei jarduera kultural berezia eskaintzeko, betiere, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko xedearekin”.

Arestian aipatu bezala, egitasmoa azaroan 29an eta 30ean, eta abenduaren 1ean eta 3an egingo da Aldundiko hamar espazio ezberdinetan; 18 bertsolarik parte hartuko dute.

Egitaraua

Azaroaren 29an hasiko da Gida Bira Bermeoko Arrantzale Museoan, Ander Elortegi eta Enare Muniategi bertsolarien eskutik, 18:00etatik aurrera. Iñaki Marcaidaren argazkiekin edertutako Bermeo Portu Zaharra 1877-2024 erakusketan murgilduko dira bertsolariak.

Azaroaren 30ean, berriz, bi izango dira hitzorduak: Arkeologia Museoan, Bilbon, Iruri Altzerreka eta Gorka Pagonabarraga bertsolariak izango dira, 17:00etan, eta Neandertalak erakusketa izango dute abiapuntu. Gainera, Bilbon kokatutako Euskararen Etxean, Maite Sarasola eta Xabat Galletebeitia egongo dira, 12:00etan, Euskararen Interpretazio Zentro berrituko edukiei buruz aritzeko asmoz.

Abenduaren 1ean, bost saio izango dira: Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoan Koldo Gezuraga eta Izaro Bilbao arituko dira bertsotan, 12:00etan; museo horretan Pieza bat, istorio bat: Oihal ebakitzailea aldi baterako erakusketa dago ikusgai. Muskizen El Pobaleko Burdinolan, Iruri Altzerreka ibiliko da bertsotan 11:30etik aurrera, Olentzero eta Mari Domingi ere museoan izango dira egun horretan. Euskal Herria Museoan, Gernikan, Iker Uriarte eta Janire Arrizabalaga bertsolariak arituko dira bisita berezi hau gidatzen, 12:30ean. Santimamiñen, Kortezubin, Aissa Intxausti eta Aitor Etxebarriazarraga izango dira, 12:00etan, eta, azkenik, Txakolin Museoa-Txakolingunean, Bakion, Jone Larrinaga eta Asier Galarza bertsolariak ibiliko dira bisitariak gidatzen, 12:00etan.

Abenduaren 3an, bi saio izango dira, biak ala biak Bilbon: goizez, 11:30ean, Xabat Galletebeitia eta Ane Labaka bertsolariak Bizkaiko Foru Jauregian arituko dira bertsotan, eta arratsaldez, 18:00etan, Maite Sarasola eta Eneko Abasolo Abarkas bertsolariek Ondare Aretoko bisita gidatuko dute; hain zuzen ere, Kameratik Orratzera Eulalia Abaituaren argazkietatik abiatutako Bizkaiko XIX. eta XX. mendeko emakumeen jantzien erakusketa izango dute hizpide.

Bisita gidatuetan parte hartzeko izena eman beharko da ezinbestez. Horretarako, beharrezkoa da museoekin eta aretoekin hartu emanetan ipintzea:

Museoen eta aretoen kontaktuak:

Euskararen Interpretazio Zentroa, EMYA Europako museoen sariketako finalisten artean

Euskararen Etxea eta bere Euskararen Interpretazio Zentroa European Museum 2025 saria jasotzeko hautagaien artean daude (EMYA European Museum of the Year Award). Saria European Museum Forum erakundeak ematen du urtero-urtero; 2025eko edizioa maiatzean jokatuko da. Europako 18 estatutako 42 museo lehiatuko dira bertan.

Europako Museoen Urteko Saria (EMYA) 1977an sortu zen, Europako Kontseiluaren babespean, kontinenteko museo-komunitateari bikaintasuna aitortzeko helburuz. Sariaren ardatza kalitate publikoa azpimarratzea da, eta berrikuntza babestea, sustatzea eta saritzea ditu oinarri. Bestela esanda, museoek gizartea eraldatzeko duten gaitasuna saritzen dute.

Euskararen Etxearentzat bada nahikoa sari 42 museoen artean sailkatuta egotea, hori egindako lanaren aintzatespena baita. Sariaren onuraduna datorren urteko maiatzean jakinaraziko dute, Polonian egingo den EMYA2025 Annual Conference bileran.

Euskararen Interpretazio Zentroak zentzumenetan oinarritutako bisita ludiko eta zehatza eskaintzen die bisitariei.