Euskararen Interpretazio Zentroak Europako Kontseiluko Museoen Saria irabazi du!

Euskararen Nazioarteko Eguna borobil-borobila izan da Euskararen Etxearentzat: Europako Kontseiluko Kultura Batzordeak Euskararen Interpretazio Zentroari eman dio 2025eko museoen saria. Pozez zoratzen gaude!

Epaimahaiak gure museoko “esperientzia murgilgarria” goraipatu du, eta azpimarra berezia egin die Interpretazio Zentroko edukiei. Museoak “euskal kulturari lotutako emozio, erronka eta erresistentzia sakonak” islatzeko gaitasuna duela adierazi dute, eta “euskarak komunitatea sustatzeko duen garrantzia eta bilakaera aztertzeko aukera” eskaintzen duela nabarmendu.

Aipaturiko guztiez gainera, epaimahaiak Euskararen Interpretazio Zentroko irisgarritasuna eta aniztasuna txalotu ditu. Edukiak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez eskaintzen direnez, “museoak askotariko ikusleen parte hartzea” bermatzen duela iritzi dio: “Zentroak Europako hizkuntzen eta kulturen arteko lotura egiten du. Hizkuntzen arteko antzekotasunak eta elkarren arteko eraginak aztertzeko aukera ematen du, era horretan, Europako hizkuntza aniztasuna sakonago ulertzeko”, esan dute.

Lan handi bati egindako aitortza

Azkue Fundazioko zuzendari eta Euskararen Etxeko kide Iurdana Acasusok “pozarren, ezin sinetsita” jaso du albistea. “Sariak aitortza egiten dio denbora honetan guztian egindako lan eskergari. Era berean, sari berezia da guretzat, Europako baloreekin bat dator-eta. Euskara, demokrazia, bizikidetza, aniztasuna… Europakoak diren balio horiek guztiak lantzen ditugu Interpretazio Zentroan”, azaldu du Acasusok.

Europako Kontseiluak 1977an ekin zion Museoen Saria banatzeari, Europako kultur ondarea ulertzeko, Giza Eskubiden eta demokraziaren errespetua sustatzeko eta kulturen arteko zubiak eraikitzeko helburuz.


	

Euskararen Interpretazio Zentroa, EMYA Europako museoen sariketako finalisten artean

Euskararen Etxea eta bere Euskararen Interpretazio Zentroa European Museum 2025 saria jasotzeko hautagaien artean daude (EMYA European Museum of the Year Award). Saria European Museum Forum erakundeak ematen du urtero-urtero; 2025eko edizioa maiatzean jokatuko da. Europako 18 estatutako 42 museo lehiatuko dira bertan.

Europako Museoen Urteko Saria (EMYA) 1977an sortu zen, Europako Kontseiluaren babespean, kontinenteko museo-komunitateari bikaintasuna aitortzeko helburuz. Sariaren ardatza kalitate publikoa azpimarratzea da, eta berrikuntza babestea, sustatzea eta saritzea ditu oinarri. Bestela esanda, museoek gizartea eraldatzeko duten gaitasuna saritzen dute.

Euskararen Etxearentzat bada nahikoa sari 42 museoen artean sailkatuta egotea, hori egindako lanaren aintzatespena baita. Sariaren onuraduna datorren urteko maiatzean jakinaraziko dute, Polonian egingo den EMYA2025 Annual Conference bileran.

Euskararen Interpretazio Zentroak zentzumenetan oinarritutako bisita ludiko eta zehatza eskaintzen die bisitariei.