- Aurkezpen-ekitaldian idazleak eta ilustratzaileak parte hartu dute, bai eta San Ignazio auzoan kokatutako Intxixu Ikastolako LH1 mailako ikasleek ere.
- Hostopostoak izenburupean, Bilbon dagoen Euskararen Etxean egiten diren Familia-programa eta LH1, LH2 eta LH3 ikasleei zuzendutako Eskola Programa biltzen dira.
- Hartara, Hostopostoak eta ilargi-jaia ipuin-liburua Euskararen Etxeko haurrei zuzendutako eskaintza osatzera dator.
Liburua:
Hau da liburuaren sinopsia: Hostopostoak basoan esnatu dira, baina bat falta da. non ote dabil? tximeleta urduri dago, gaur ilargi-jaia delako eta oraindik ez dutelako afaria prestatu…
Miren Agur Meabek azaldu duenez, hiru helburu ditu ipuinak: “irakurketa jostagarria sustatzea, fantasia elikatzea eta hiriko umeen harreman afektiboa sendotzea euskararen ahozkotasunarekiko”.
Egiturari dagokionez, “egoera harrigarri” batetik abiatzen da kontakizuna, gero, gatazka bat gertatzen da, eta amaiera irudimentsu batekin amaitzen da.
Horretarako, hizkuntzaren “esperientzia poetikoa” baliatu du, “hizketa xume eta baliabide poetikoen” bidez”. Sinonimia ere agertzen da. “Esaterako, `hosto pila´ pertsonaien ohea da, baina, nagusiok dakigunez, `hostopila´ hojaldrea re bada. Hala, pertsonaiek hostopila egin beharko dute hostoekin eta errezeta eta osagaiak bilatu”.
Zenbait curriculum-item ere biltzen dira ipuinean: “ingurumenarekiko errespetua, liderren gaitasuna eta sormenaren garrantzia egunerokotasunean”.
Gastón ilustratzaileak bestalde, Miren Agur Meabek aurretik sortutako izakientzat irudikatu duen unibertsoa azpimarratu du. “Oso erakargarria da unibertso hori, eta orain arte ilustratu dudan ipuinik politena izan da; irakurtzean hunkitu egiten nintzen”.
Egileak:
Miren Agur Meabe irakaslea lanbidez, ibilbide luzea egin du literatura-sorkuntzan, itzulpengintzan eta idazkuntzari lotutako hainbat jardueretan. Poesian, helduentzako narratiban eta haur eta gazte literaturan aritzen da batez ere.
2021ean, Espainiako Poesia Saria jaso zuen Nola gorde errautsak kolkoan lanagatik; euskarazko liburu batek sari hori jasotzen zuen lehen aldia izan zen.
Asier Iturralde Gastón diseinatzaile grafikoa ez ezik, ilustratzaile eta komikigilea ere bada. Bere lan esanguratsuenen artean hauexek daude: Aintzane Usandizaga Lopez idazlearekin 2019an egindako haurrentzako Etxe honetan ipuina, zeinak Album ilustratuen XIII. Etxepare Saria jaso zuen urte horretan. Umeentzako beste lan bat ere ilustratu du, iaz, Itsas haizea dabil Junkal Lertxundi idazlearekin batera.
Beti Berdin taberna. Koronabirusaren garaian helduentzako komikia sortu eta argitaratu du.
Nola lortu liburua?
Familia-programan eta LH1, LH2 eta LH3 ikasleentzako eskola-programan parte hartzen duten taldeek doan jasoko dute Hostopostoak eta ilargi-jaia .
Halaber, Euskararen Etxean bertan ere eskuratu ahalko da 5 euroren truke.