Euskararen Etxean kokatutako Euskararen Interpretazio Zentrotik 1.097 lagun igaro dira urtarriletik martxora bitarte.
Bisitariok ikastetxeetatik, taldetan eta banaka etorri dira. Horrekin batera, interpretazio zentroan egiten diren jardueretan parte hartzera ere gerturatu dira bisitari batzuk: Euskal Alien Nazioa ihes-gelan eta Hostopostoak familia programan.
Euskararen Interpretazio Zentroari dagokionez, 922 ikaslek, taldeetan etorri diren 73 lagunek eta bakarka etorri diren 17 pertsonek bisitatu dute erakusketa.
Jarduera berezien harira, Euskal Alien Nazioa ihes-gelan 78 lagun izan dira, eta Hostopostoak familia-programan 7. Azken hori, hileko azken larunbatean egiten da, goizez; hain justu, zapatu honetan, apirilak 30, Hostopostoak familia-programan parte hartzeko aukera izango da.