Errigorak udazkeneko kanpaina abiatu du

Errigorak udazkeneko kanpaina jarri du martxan: Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka. Oraingoan, saskiko bost euro gehiago eskatuko dute, pandemiaren krisia tarteko, ez baita ikastolen jairik egin, eta Korrikarik ere ez delako egingo datorren urtean.

“Nafarroa hegoaldeko produktuz osatutako saskiak milaka etxetara eramaten ditugu kanpaina honetan. Kasu honetan, auzolanari esker, bertako euskalgintzari ekarpen-ekonomiko garrantzitsua egiten diogu (saski bakoitzaren balioaren %25). 2013an kanpaina lehenengoz egin zenetik eskaintzan hainbat aldaketa egin dugu. Egun hiru saski ematen dira aukeran”.

Kanpaina iragan larunbatean hasi zen eta azaroaren 12ra arte iraungo du. Tarte horretan, herritarrek parada izango dute saskiak eskuratzeko, eta bidenabar, euskarari laguntzeko.

“Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bideaemanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz”.

Berbaizuk Irakurleen Txokoa ondu du Euskararen Etxean Maddi Ane Txoperenarekin

Deustuko Berbaizu elkarteak Euskararen Etxean egingo du Irakurleen Txokoaren hurrengo hitzordua, azaroaren 4an, 18:00etatik aurrera. Zita horretan Maddi Ane Txoperena idazlea izango da, eta Ene baitan bizi da (Elkar) liburua izango du hizpide. Eleberriak X. Gazteluma saria jaso zuen.

Hainbat istorio harilkatzen dira Maddi Ane Txoperena Iribarrenen lehen nobelan: “1950.eko hamarkadan Ipar Euskal Herrian eta Frantzian neskato ibilitako emakumeen errealitateak, lehengo eta oraingo maitasun eta desamodio istorioak, laneko sufrimenduak, gatazka politiko baten ondorengo testuinguru baten ezinak, amatxi-biloba eta alaba-guraso harreman korapilatsuak… Guzia etorkizunaren eta orainaren arteko zubi jolas batean.”

Lan berri honetan Marie, Donibane Lohizuneko gazte bat da protagonista, eta aitari zerbait entzunik, amatxiren bizipenak deskubritu nahi ditu, Parisko ikasketak bururatzeko egin behar duen azken memoria lanerako. Baina egin beharreko lana ez zaio erraza suertatuko, ordea, amatxik ez baitio nahi duena emanen, eta Mariek berak ere ez baitaki zeren bila dabilen, xuxen… Makina bat oroimen agertuko zaizkie, kutxa batean gotorturiko oroitzapen zatiak,  tartean, gazte garaiko amets, pentsamendu eta bizi-minak.

Kike Amonarrizek euskaraz blaituko du gaur Deustu

Bilboko Euskaraldiak abiatutako Bilbon euskaraz blaitu! kanpainaren baitan, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak hitzaldia emango du Deustuko Hizkuntza Eskolan gaur, 19:00etatik aurrera.

Bilboko txoko guztietara heltzeko helburuarekinabiatu da Bilbon euskaraz blaitu! kanpaina. Uriola.eus hedabidearen arabera, Bilboko Euskaraldia batzordeaz gain, auzoetan kolaboratzaileen sareak osatu dira. Hala, bestelako kultur ekitaldiak eta hitzaldiak antolatu dituzte.

Bilbon euskaraz blaitu lelopean, hiru hitzordu ondu dira: urriaren 31n Bilbon Euskaraz blaitu ekitaldia antolatu dute; urriaren 15ean berriz, Deustuko Hizkuntza Eskolako aretoan Kike Amonarrizek hitzaldia eskainiko du; eta azkenik, azaroaren 5ean Pello Jauregik Arrupe etxean eskainitako hitzaldia ere egongo da.

Uxue Alberdik Euskadi saria jaso du

Uxue Alberdik Euskadi saria irabazi du Kontrako eztarritik saiakerarengatik. Idoia Santamariak ostera, itzulpengintza saria jaso du, Ingeborg Bachmannen Aldibereko lana euskaratzeagatik.

Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak Kontrako eztarritik  saiakeran  emakume bertsolarien testigantzak bildu ditu. Horretarako hamabost bertsolari elkarrizketatu baititu, tartean, Amaia Agirre, Maialen Akizu, Oihana Bartra, Miren Amuriza, Maider Arregi, Alaia Martin, Eli Pagola, edota Jone Uria.

Liburuaren hitzaurrean Jule Goikoetxea adituak dioenez, “lanaren helburua, ez da bertsogintzaren teknika finduez, koplen kalitateaz edo zortzikoen flow-az mintzatzea, ezpada horiek guztiak nortzuek, nondik eta norentzat sortuak diren aztertzea; bertsolaritza praktika sozial bat baita eta praktika sozial oro baita gure garaiko botere harremanen dispositibo”.

Bestalde, Idoia Santamariak itzulpengintza saria jaso du, Ingeborg Bachmannen Aldibereko lanagatik. Ipuin sorta bat biltzen du liburuak. Narrazioak independenteak dira, baina egitura “zikliko” bat osatzen dute. Itzultzailearen arabera, “Paper-ertz batean egindako bozeto moduko batzuk dira ipuinok Bachmannentzat, eta, emakume batzuen erretratua egiteaz gainera, garai jakin bateko ohiturak ere erakutsi nahi izan zituen”.

“Anfetamiña”, musikaz eta irudiz jantzita

Anfetamiña Xabier Montoiaren lehen liburuan oinarritutako eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak argitaratutako egitasmoa da Muga. Proiektu horretan musika eta irudiak uztartzen dira. Bada, urriaren 22an, Euskararen Etxean izango da ikuskizun hori, Bilbon, 19:30etik aurrera.

Ekitaldia Hi(ZKI)bridoak zikloaren udazkeneko bigarren hitzordua izango da, bai eta Loraldia jaialdiarekin azken hitzordua ere; ekitaldia, hain zuzen, Loraldiarekin ondu da elkarlanean.

Dagoeneko ekitaldia “sold out” dago, baina streaming bidez ikusi ahalko da, Euskararen Etxeko Youtube kanalaren bidez: https://youtu.be/SBKjtRB4dSY

Xabier Montoiaren Anfetamiña liburutik abiatzen da Muga. Poesia, rock musika eta ikus-entzunezkoak batzen ditu. Xabier Montoiaren lehen poema liburua izan zen Anfentamiña, eta Alberto Gonzalez musikariak (Aterkings edo 6nemen9) kantu bihurtu du, Iñigo Romera (Cancer Moon, El Inquilino Comunista), Iñigo Eguillor (Gringo, Trampas) eta Itziar Beristain musikarien laguntzaz.  J.A. Goñi Areta Juxe argazkilariaren irudiekin jantziko dute saioa.

Proiekturen sustatzaile Alberto Gonzalezekin hitz egin dugu, egitasmoaren berri izateko.

Honela dio Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen promozio-orriak: “Badira idazle edo liburu ba eskainitako disko monografikoak ere. Azken multzo horietako bat duzu hau”. Zein esanahi du liburu horrek zure bizitzan eta zergatik egin duzu liburu horren aldeko hautua?

Unibertsitateko garaian ezagutu nuen liburua. Erakarri ninduen atmosferak, eta baita musika giroak ere, besteak beste, David Bowie, Lou Reed edo The Doors taldeak aipatzen baitira. Gero punk kutsua sumatzen da, jarrera hori da protagonista, maitasuna, adiskidetasuna edo bestelako gai unibertsalak bezala. Liburua Sex pistols-i eskainia dago, gainera!

Liburua musikatzeko, giro iluna aukeratu duzu. Zergatik? Inak , Maraca Diablo eta Munlet taldeetako musikariak, diskoaren harira egindako testuan, The Cure eta Joy Division aipatzen ditu, hertsiki post-punk disko bat izan ez arren.

Kantuak nahikoa dinamikoak dira, baina gehienetan saiatu gara erritmo lasaiak eta eleganteak izaten, batez ere errezitatutako kantuetan. Baliteke gitarren efektuengatik, batez ere flanger edo phaserrak erabilita, post-punkera jotzea. Ikuskizunetan egon den jendeak ahotsa Velvet Undergroundeko Nico gogorarazten duela esaten du.

Juxe argazkilariak egindako azaleko argazkitik nabaritzen da iluntasun hori. Zer ekarri dio proiektuari Juxeren lanak?

Juxerekin sarri joaten naiz kontzertutara, eta asko hitz egiten dugu musikaz. Berak argazki piloa erakusten dizkit. Hala, Muga proiektua musika talde batean soilik gera ez zedin, eta proiektua hobeto janzteko helburuarekin, komentatu genion kantuen interpretazio subjektiboa egin behar zuela: kantuok eta hitzak irudiekin jantzi, eta gero, zuzenean ere bota, kontzertu osoari irudiak jartzeko. Bestetik, Gotzon Arretxabaleta soinuaz arduratzen da, dena oso zainduta egon dadin.

Taldea bera nola osatu zenuten? Zein da zuen arteko lotura?

Hasieran Iñigo Romerari komentatu nion zertan nebilen, aspaldiko laguna da. Kantu batzuk eginda zeuden, eta bateria ere behar genuen. Hala, Arana  eta Tranpas taldeetako kide Iñigo Egillorri pasa genion materiala, eta baiezkoa eman zuen.  Kantuak behin amaituta, ahotsa jarri genion Itziar Beristainen laguntzaz. Entsegu piloa egin dugu, dena ondo koipeztatuta egon dadin. Giro musikal berdinekoak gara, eta taldekideak lagun izateak badu bere garrantzia, arteko harremana ona izanez gero, transmititu egiten baita.

Nola sortu zen Fermin Muguruzaren kolaborazioa? Montoiak Negu Gorriarekin duen loturagatik akaso? Dakizunez, Negu Gorriakek M-ak taldearen Ehun Ginen moldatu zuen.
Aspaldiko kontua da. Fermini komentatu nion zer egin nahi nuen Anfetamiña liburuarekin. Ferminek bere burua eskaini zidan, “zerbait behar baduzu esadazu”. Hortaz, berarekin identifika zitekeen poema bat bidali nion, eta gustura hartu zuen parte grabaketan. Liburuko poema potenteena utzi genion, gainera.

Orain arte kontzertuetan nola hartu du jendeak proiektua eta ikuskizuna? Horren harira, zer eskainiko diezue Euskararen Etxera gerturatuko diren ikus-entzuleei?

Ikus-entzuleen harrera oso ona izan da. Jendea gerturatzen zaizu, eta komentatzen dizu “liburu hau piloa maite nuen” edo musika, irudi eta hitzen arteko lotura eta giroa ondo kokatuta daudela kontzeptu berean esateko. Gure kantuez aparte, bertsioak egiten ditugu. Dena ez dugu esango, jendeak gerturatzea dauka!

Bizkaiko eskolarteko txapelketaren kanporaketa bat Euskararen Etxean egingo da

Asteon jokatuko dira Bizkaiko eskolarteko txapelketaren hiru kanporaketak: gaur, Gernika-Lumoko Astran jokatuko da saioa; bihar, Durangoko Kurutziaga Ikastolan; eta, azkenik, etzi, Euskararen Etxean. Finala, ostera, urriaren 17an finala egingo da, Arrigorriagako Lonbo aretoan.

Bat-bateko txapelketan, guztira, Bizkaiko 28 gaztek parte hartuko dute.

Bertsozale Elkartearen arabera, “martxan dago Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Udaberritik udazkenera atzeratu behar izan den arren, egitura antzekoarekin dator: alde batetik, bat-bateko txapelketa jokatuko da eta, bestetik, idatzizkoa”.

Informazio gehiago: https://labur.eus/bbSy8

Muga, udazkeneko “Hi(ZKI)bridoak” zikloaren bigarren hitzordua

Anfetamiña Xabier Montoiaren lehen liburuan oinarritutako eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak argitaratutako egitasmoa da Muga. Proiektu horretan musika eta irudiak uztartzen dira. Bada, urriaren 22an, Euskararen Etxean izango da ikuskizun hori, Bilbon, 19:30etik aurrera.

Ekitaldia Hi(ZKI)bridoak zikloaren udazkeneko bigarren hitzordua izango da, bai eta Loraldia jaialdiarekin azken zita ere; ekitaldia, hain zuzen, Loraldiarekin ondu da elkarlanean.

Gonbidapenak doakoak izango dira, eta telefonoz erreserbatu beharko dira, 944 028 081, bi sarrera gehienez. Erreserbak gaurtik egin ahalko dira, ordutegi honetan: astelehenetik larunbatera, 10:00 – 14:00 eta 16:00 – 19:00. Loraldiaren webgunean ere eskura daitezke.

Ekitadia streaming bidez ere emango da.

Xabier Montoiaren Anfetamiña liburutik abiatzen da Muga. Poesia, rock musika eta ikus-entzunezkoak batzen ditu. Xabier Montoiaren lehen poema liburua izan zen Anfentamiña, eta Alberto Gonzalez musikariak (Aterkings edo 6nemen9) kantu bihurtu du, Iñigo Romera (Cancer Moon, El Inquilino Comunista), Iñigo Eguillor (Gringo, Trampas) eta Itziar Beristain musikarien laguntzaz.  J.A. Goñi Areta Juxe argazkilariaren irudiekin jantziko dute saioa.

“Orainmenean” ikusteko plaza guztiak bete dira

Txakur Gorria Sormen Kolektiboak ostegunean estreinatuko duen Orainmenean ikuskizuna ikusteko leku guztiak bete dira. Ekitaldia Hi(ZKI)bridoak kultur egitarauaren baitan egingo da, Euskararen Etxean.

Halere, gonbidapena lortu ez dutenek streaming bidez jarraitu ahalko dute ikuskizuna, 19:30etik aurrera, Euskararen Etxearen Youtube kanaletik: https://youtu.be/6PPdwFvPr0c

Bertsolaritzaren genealogia feminista “posible” bat josi du Txakur Gorria Sormen Kolektiboak Orainmenean izenburuko ikuskizunean. “Bertsolaritzan beti kontatu izan da gizonezko bertsolarien historia. Hala ere, iritsi zaizkigun izen handi horien atzean arakatuz gero, hainbat eta hainbat plaza-andreren arrastoak agertzen dira. Horregatik, Txakur Gorria Sormen Kolektiboak ahalegina egin du bertsolaritzaren hastapenetatik gaur arteko historia hori zalantzan jartzeko eta bertsolaritzaren genealogia feminista posible bat berridazteko, ikusezin izandakoak ikusaraziz. Emakumez osatutako bertso-saio honetan, bertsolariek genealogia horren parte diren datuak eta gertaerak izango dituzte kanturako abiapuntu. Gainera, berridatzitako historiaren mugarri ezberdinetan oinarritutako irudiak egongo dira erakusgai”.

Amatasunetik sortutako ur-poemak

Etxeko urak izenburuko poema liburua argitaratu Leire Bilbaok. Askotariko formak dituzten 60 olerki inguru idatzi ditu Ondarruko idazleak “amatasunetik” abiatuta. Hala, liburua ez da amatasun idiliko baten ingurukoa, baina, era berean, ez du amatasuna ukatzen.

Lehen pertsonan idatzia, liburuaren izenburua ezinbestekoa da liburuaren egitura ulertzeko, urak blaitutako poemak baitira; hain justu, Ondarroako esaera bat aipatzen du izenburuak. Leirek azaldu duenez, “nire herrian, Ondarroan, ` horrek etxeko urak daukez´ esaten da, alegia, pertsona batek bere etxetik edan duela, hango egiteko eta esateko moduak dituela, badela berez iturburu bat, eten ez den jario bat, eta horrek aitzakia ona eman zidan nahi nuen gaia planteatzeko”. Ama izan den narratzaile bat agertzen da liburuan, eta hurrenkera kronologikoan kontatzen du bere esperientzia, “nola aldatu zaion begirada”.

Protagonistak biziko dituenak lau ataletan banatu ditu idazleak, laurak urarekin lotuak: Urak bota, “erditze bat dago, ama bat jaiotzen da”; Listua, “hizkuntza berri bat hitz egiten du”; Marea, “beste amei begira dago”; Harraska, “eguneroko objektuekin beste zaintza modu bat ikusten da”.

Susak plazaratu du poema-liburua; aurreko biak ere argitaletxe horrek argitaratu zituen, Scaner (2011) eta Aurrez Ezkatak (2006).