Oier Araolazak genero-identitatea aztertu du euskal dantzan

2020-11-02

Oier Araolaza Arrietak Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan (UEU) ikerlana argitaratu du. Euskal dantzan genero-bereizketa auzitan jartzea du xede liburuak.

Araolazak euskal dantzan indarrean izan diren genero-identitateak eta rol estereotipatuak noiz eta nola eraiki ziren ikertu du, euskal dantzan mugarria izan daitekeen lana osatzeko.

UEUren arabera, “Euskal dantzan genero-bereizketa auzitan jarri nahi du liburu honek. Ehun urtez euskal dantzak genero ardatzaren arabera sailkatuta erakutsi dira: nesken dantzak batetik eta gizonen dantzak bestetik. Baina emakumeen eta gizonen dantzak, janzkerak eta dantzakerak bereizten dituen marra hori ez da dantzaren historiaren aro guztietan berdina izan.

UPV/EHUren Mikel Laboa katedraren beka jaso zuen Araolazak ikerlana garatzeko, eta Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Saileko Gizarte Komunikazioa doktorego programaren baitan jardun du. Leire Ituarte eta Nerea Aresti izan ditu zuzendari eta epaimahaia honakoek osatu dute: Melania Moscoso (CCHS), Xabier Itzaina (Sciences Po Bordeaux) eta Miren Llona (UPV/EHU).