Susa argitaletxeak Ganbila antzerki bildumako hiru lan berri aurkeztuko ditu bihar, azaroak 17, Donostiako Udal Liburutegian, 11:00etatik aurrera. Hauexek dira argia ikusiko duten hiru liburuak: Panpina (Erika Olaizola eta Kamikaz Kolektiboa), Zartatua / 4.48 Psikosia (Sarah Kane) eta Bidaideak (Agurtzane Intxaurraga, Arantxa Iturbe eta Hika Teatroa).
Aurkezpen ekitaldian Erika Olaizola, Agurtzane Intxaurraga, Arantzazu Fernandez eta Oier Guillan izango dira. Aurkezpena, halaber, streaming bidez jarraitu ahalko da: https://meet.jit.si/susa
Liburuei dagokienez, Panpina Erika Olaizoaren antzerki lana da, adierazteko beharretik
sortutakoa. Hala, liburuan antzezlanaren testua ez ezik, obrak berak eragindako bestelako gogoetak ere
biltzen dira. “2019ko udazkenean estreinatu zenetik, Panpina antzezlana emanalditik emanaldira hazten joan da. Publikoarekin
berehalakoa izan da konexioa, eta gerora, Erikak emanaldiz emanaldi
antzezlanaren energiaz jabetu ahala, gero eta ozenago egin du eztanda haren
oholtza gaineko indarrak”.
Zartatua / 4.48
Psikosia liburuak bestalde,
Sarha Kane dramaturgo britainiarraren bi lan biltzen ditu, Arantzazu Fernandezek
itzuliak. “Euskal literatura dramatikoen idazleen lanak publikoaren eskura
ipintzearekin batera, nazioarteko azken dramaturgiaren berri zabaltzen saiatuko
gara Ganbila bildumatik”. Kaneren lanak ez dira “batere samurrak”,
besteak beste, bortizkeria, abusuak edo heriotza ironia eta umorearekin
uztartzen baitira. “Sintaxia askotan bortxaturik azaltzen da”.
Azkenik, Bidaideak
Agurtzane Intxaurragak eta Arantxa Iturbek Hika Teatroa konpainian garatutako
lankidetza “eredugarriaren” emaitza da. “Zuzendariaren
eta idazlearen arteko elkarlan eta dialogoaren isla da: nola baten imajinarioak
elikatu dezakeen bestearena, nola bien artean sortzen den hirugarren espazio
zabal bat”. Liburuan hiru testu biltzen dira: Ai ama! (2002), Ixa
(2003) eta Aitarekin bidaian (2010).