Ikastetxeek Euskararen Interpretazio Zentroko bisita online egiteko aukera dute

Orain, ikastetxeek online plataforma baten bidez egin dezakete Euskararen Etxeko bisita, ikastetxeetatik konektatuz; Euskararen Interpretazio Zentroko edukiak modu dinamiko eta parte-hartzailean jasoko dituzte ikasleek, gidari espezializatu baten eskutik.

COVIDak eragindako egoerari erantzunez, aurrerantzean, ikastetxeek Euskararen Interpretazio Zentroko bisita online egiteko aukera dute. Dagoeneko hainbat ikastetxe konektatu dira; Interneterako konexioa baino ez da behar.

LH 3. mailatik Batxilergora arteko ikasleek parte har dezakete, baita Lanbide Heziketako ikasleek ere. 45 minutuko bisitak dira, eta euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez egin daiteke, baina euskarri eta material guztiak euskaraz izango dira.

Euskararen ibilbidea eta egoera ezagutzeaz gain, ikasleen esperientziak partekatzeko eta taldean hausnartzeko parada ere eskaintzen du.

Erreserbak: 944 028 081 (Erreserbak gutxienez bisita eguna baino hiru egun lehenago egin beharko dira).

Informazio gehiago

Durangoko Azokak hainbat kontzertu antolatu ditu Euskal Herrian barrena

Zea Mays, Gatibu, Inoren Ero Ni, Liher, Sara Zozaya edo Raitx taldeak dira, besteak beste, Duragoko Azokak ondutako egitarauaren baitan joko duten taldeak. Emanaldietako batzuk, ohi denez, Durangoko Plateruenan egingo dira, baina aurten bizi dugun osasun-egoera kezkagarria tartetko, Durangoko Azokak hainbat kontzertu ondu ditu Euskal Herriko hainbat udalerritan, Zu non, han DA egitarau bereziaren baitan. Emanaldiotarako sarrera online eskuratu beharko dira.

Abenduak 4

Kai Nakaik estreinako diskoa aurkeztuko du, Durangoko Plateruenan, 19:30ean.

Abenduak 5

Gatibuk Musikak Salbatuko Gaitu lana haizatuko du du Azpeitian, Soreasu antzokian, 16:30ean. Horrekin baetra, Liher eta Sorkari Atarrabiako Totem aretoan arituko dira, 16:30etik aurrera. Silicies Grizzlies eta Kyxo taldeak azkenik, Donostian izango dira, Dabadaban, 18:00etan.

Abenduak 6

Kontzertu guztiak 18:00etan hasiko dira:

Izate Faltsua eta Rodeo, Amurrioko Burubion.
Kaleko Urdangak eta Perlata, Atarrabiako Totemen.
Gatom eta J Martina, Bermeoko Kafe Antzokian.
Dena eta Habi, Donostiako Dabadaban.
Brigade Loco eta Barne Guda, Gasteizko Jimmy Jazzen.
Dupla eta Nikotina, Ondarroako Beikozinin

Abenduak 7

Joseba Irazoki eta Inoren Ero Ni, Bermeoko Kafe Antzokian 18:00etan.
Raitx (Maketa Lehiaketako azken irabazlea) eta Burrundariak, Donostiako Doka, 18:00etan.
Sara Zozaya Amurrioko Burubion, 19:00etan.
Zea Mays, Bilboko Euskalduna jauregian, 19:00etan.

Abenduak 8

Patxuko Nice, Ondarroako Beikozinin, 17:00etan.
Mihise eta Kaskezur, Donostiako Dokan, 18:00etan.
Amorante eta Moxal, Gasteizko Jimmy Jazzen, 18:00etan.
Sua, Azpeitiako Sanagustin kultur aretoan, 19:00etan.
Nøgen, Bilboko Euskaldunan, 19:00etan.
Ezpalak, Ondarroako Beikozinin, 19:00etan.

Jokoteknia Euskarazko Bideo-jokoen III. Jardunaldia Euskararen Etxean egingo da

Bihar, azaroak 28, Jokoteknia Euskarazko Bideo-jokoen III. Jardunaldia egingo da Euskararen Etxean, 9:45etik 14:00ak aldera. Ekitaldia streaming bidez baino ezin izango da ikusi, egun bizi dugun osasun zentroa tarteko.

Lau hitzaldi eta mahai-inguru bat izango dira ekitaldian, hainbat gai jorratzeko helburuarekin: animazioa bideo-jokoetan, bideo-jokoen lokalizazioa, katalana eta bideo-jokoak eta eJokoak familian.

Hala, euskal bideo-jokogintzaren industriako aditu, ikasle eta jokalariak batera jarriko dira egungo proiektu interesgarriak ezagutzeko, industriaren azterketa egiteko eta aurrera begirako ildoak zeintzuk diren argitzen saiatzeko.

Aurten, Jokoteknia internet bidez baino ez da ikusiko. Bi bide izango dira horretarako: Azkue Fundazioaren YouTube Kanala kanala eta Game Erauntsiaren Twitch kanala.

Jokoteknia Euskarazko Bideo-jokoen III. Jardunaldia egingo da Euskararen Etxean“Hala, antolatzaileok , Game Erauntsia eta Azkeu Fundazioa., Bilbon bilduko gara hizlariekin eta bitartekari lana egingo dugu publikoarekin. Ikus-entzunleek Internet bidez bidalitako galderak adituei helaraziko dizkiegu zuzenean erantzun dezaten. Horretarako, YouTubeko eta Twicheko txatak erabili daitezke, baina Twitterren ere adi izango gara Game Erauntsia eta Azkue Fundazioa”.

Gabriel Aresti euskaltegiak ondutako ekitaldi batean parte hartu du Rafa Rueda musikariak

Gabriel Aresti euskaltegiak hitzaldi musikatua antolatu zuen atzo Euskararen Etxean. Hala, Rafa Ruedak bi saio eskaini zituen euskaltegiko bi talderentzat, arratsaldez.

Bidenabar, Rafa Ruedak Rueda izeburuko diskoa argitaratu berri du. Diskoak zortzi kantu biltzen ditu, Jon  Agirrezabalagak (WAS) ekoitziak, Bilboko El Tigre estudioan. Arrizabalaga, halaber, grabazioaren elektronikaz arduratu da.

“Gitarra, ahotsa, elektronika  eta literatura uztartu ditu zortzi kantuz osatutako bere bakarkako  seigarren lan luzean. Lan berri honetan eta Inge Muller, Joseba  Sarrionandia, Iñigo Astiz, Audre Lorde, Mari Luz Esteban, Josu  Goikoetxea eta Elena Olaberen testuak musikatu ditu”.

Bideoan, Foto Zaharrak izenburuko kantu entzun eta ikus dezakezue; abestiaren hitzak Iñigo Astiz idazleak egin ditu.

Aretoak erabilgarri

Euskararen Etxeko aretoen harira, espazio guztien erabilera doakoa da eta erreserba egitea ezinbestekoa da. Hartara, espazioa kudeatzea hain kontu garrantzitsua den garai honetan, gogoratu lau areto ditugula erabilgarri, besteak beste, bilerak, jardunaldiak, trebakuntza-saioak, lan-saioak eta aurkezpen-ekitaldiak egiteko.

Osasun neurriak bermatzeko aretoaren edukiera murriztu egin dugu. Denon osasuna zaindu ahal izateko, aretoen erabilera eguna eta ordua aurrez erreserbatzea ezinbestekoa da. Egin erreserbak! 

Berbaizu elkarteak Irakurleen Txokoa ondu du Amaia Telleriarekin, Euskararen Etxean

Deustuko Berbaizu elkarteak Euskararen Etxean egingo du Irakurleen Txokoaren hurrengo hitzordua, abenduaren 16an, 18:00etatik aurrera. Saio horretan Amaia Telleriarekin idazlea izango da, eta Haize-Lekuak (Alberdania) liburua izango du hizpide.

Liburuaren Sinopsia: “Mikelak supituki utzi beharko du atzean baserriko haurtzaroa, ama alargunak Altsasun entregatzen duen unean. Han, gerra zibilaren itzal eta ilinti bizi-bizien artean, neskame arituko da hamahiru urte apenas dituen neskatoa. Hala egin dute bere aurretik ahizpa zaharrek, hala egingo du berak ere, txandan-txandan etxeko mahaia arintzea tokatzen zaionean, eta, bide batez, akaso gerora baliagarria izango zaion ofizioan trebatzea helburu”.

Hala, eleberriak protagonista nagusiaren heziketa sentimentalaren berri ematen du, baina hamahiru urteko neskato baserritarrak ez du bakarrik bizimodu berri bat ikusiko eta ikasiko, aro berri baten hastapenetan lekuko izatea ere egokituko zaio Gerra Zibilean. Haatik, ez da Gerra Zibilari buruzko nobela bat, baizik eta egoera zail horretan aurrera egin behar duen familiaren ingurukoa  eta, bereziki, neskato bati buruzkoa.

Telleriak Errenteria Hiria saria irabazia dauka, eta orain, lehen aldiz, eleberrirako jauzia egin du.

“Hitzen Uberan”, 10 urte euskal literaturaren inguruan

Euskal literaturari buruzko Hitzen Uberan webguneak 10 urte bete ditu, eta urteurren horren harira,  mahai-ingurua ondu du Hau ez da poeta bat (edo bai) izenburupean. Ekitaldia gaur egingo da, Donostia, Victoria Eugenia Club aretoan, 18:00etik aurrera. Gonbidapenak eskatzeko: eie@idazleak.eus

Goiatz Labandibar, Ixiar Rozas eta Mikel Soto izango dira mahai-inguruan. Halaber, Hitzen Uberaneko kide Danele Sarriugarte eta Oier Guillanek solasaldia dinamizatuko dute.

Goiatz Labandibarrek askotariko lanak idatzi ditu, bestek beste, narrazioak, antzezlanak eta poesia. “Gainera, Uberanen parte hartu izan du kolaboratzaile moduan. Idazlea ez ezik, kazetaria ere bada”.

Ixiar Rozas ibilbide luzeko autorea da, baina azken urteetan ahotsaren inguruan ardaztutako esperimentazioan aritu da. Beltzuria (2014) saiakera eta Unisonoa (2020) poema-liburua dira Rozasen azken lanak.

Azkenik, Mikel Soto Txalaparta argitaletxeko editorea izan da urteetan. Aurten, Suak pizten direnean izenburuko poema-liburua plazaratu du.

Garbiñe Ubeda Euskal Idazlee Elkarteko lehendakariak Hitzen Uberanek argitaratutako elkarrizketan adierazi duenez, “Uberan garrantsitsua da, geure zigilupetik eta bestelako filtrorik gabe, ikusgarritasuna ematen dielako euskal literaturari eta idazleei. Era berean, urte osoko produkzioa hobekien edo bederen sakonen batzen duen medioa da. Egunerokoari jarraitzen dio eta era berean sakontasuna eskaintzen du”

“2010eko azaroan abiatu zen Hitzen Uberan, euskal literaturaren espezializaturiko ataria, Euskal Idazleen Elkartearen eskutik. Hainbat langile izan gara bertan (Uxue Alberdi, Oier Guillan, Danele Sarriugarte eta Imanol Ubeda), eta kolaboratzaile-sare zabal bat izan dugu hasiera-hasieratik. Eskerrik asko denoi. Urteurrena ospatzeko, zuzeneko ekitaldi bat antolatu dugu”.

Kattalin Minerrek “Turista klasea” aurkeztuko du ostiralean

Kattalin Miner idazlearen Turista klasea izenburuko bigarren nobela aurkeztuko du ostiralean Susa argitaletxeak, Donostiako Udal Liburutegian, 11:00etatik aurrera. Ekitaldia streaming bidez ikusi ahalko da: https://meet.jit.si/susa 

“Batzuek esku artean duzue jada (Turista klasea) eta zer poza! Hala ere, guk serio demonio aurkeztuko dugu ostiralean, gonbidatuta zaudete, streaming bidez bada ere”, esandu autoreak Twiterren.

Susak jakinarazi duenez, adiskidetasuna, elkartasuna, norberarengandik erauzi ezin ditugun beldurrak nagusitzen dira kontakizunean.

Honatx sinopsia: “Esnatu, gosaldu, jantzi, motxila, paketea eta nortasun agiria hartu, Hendaiara joan, Pariserako trenari itxaron. Baliteke gaurkoa izatea azken bisita. Eta oraindik ez zaizkio natural ateratzen talegoa bezalako hitzak. Batzuetan fribolo samarrak iruditzen zaizkio haien arteko elkarrizketak, ez dutelako politikaz hitz egiten, baizik eta pelikulez, liburuez, ametsez. Barre egiten dute, elkar babesten dute.

Uzkiari buruzko tailer batean ezagututako lagun txiletar batzuen etxean geratu zen lehenengo bisitan. Geroztik, ardo botilak hustu zituzten, “ahizpa” esan zioten elkarri, bizi zituzten biolentziak konpartitu. Baina haiei ez zien kontatu muga gurutzatuta trena hartzean sentitzen zuen izua, Charlie Hebdo-ren kontrako atentatua gertatu zenetik”.

“Hi(ZKI)bridoak” Bertso Saio Literariorako gonbidapenak asteazkenetik eskuragarri

Mari Luz Esteban idazleak eta Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza bertsolariek parte hartuko dute Bertso Saio Literarioan, abenduaren 10ean, Euskararen Etxean, 19:00etatik aurrera. Hi(ZKI)bridoak egitarauaren lehen denboraldiaren azken hitzordua izango da Bertso Saio Literarioa.

Gonbidapenak doakoak izango dira, eta telefonoz erreserbatu beharko dira, gehienez bi, asteazkenetik (azaroak 25) aurrera, ondoko telefonoan eta ordutegian: 944 028 081, astelehenetik larunbatera, 10:00 – 14:00 eta 16:00 – 19:00.

Saioa streaming bidez ere ikusi ahalko da Euskararen Etxeko Youtube kanalean.

Hala, Mari Luz Estebanek kantuan jarriko ditu Miren Amuriza eta Maialen Lujanbio. Idazleak pasarte literarioak irakurri ondoren, pasarte horiei loturiko gaiak proposatuko dizkie. Hiru ahots elkarlanean. Erregistro guztiak lantzeko ahalbidea ematen du. Bertso-saio baten ohiko moldeak hautsi gabe, literaturaz gozatzeko aukera eskainiko da. Ahots mutazioak.

(H)ilbeltza bekak sormenezko lanak sarituko ditu 2021ean

Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak, elkarlanean,  2021eko (H)ilbeltza bekaren deialdia egin dute. Euskal literatura beltza hedatzea eta munduko literatura beltza euskaratzea du helburu.

“Urtero plazaratzen da (beka), baina txandakatu egiten dira, urtez urte, itzulpen eta sorkuntza lanak. 2021ean sormenezko lanak sarituko dira. Lanak aurkezteko epea 2020ko abenduaren 4an akituko da”.

Deialdiari 6.000 euro esleituko zaizkio. Parte-hartzaileek narratibako lanak (eleberri edo ipuin-bildumak) egiteko proiektuak aurkeztu beharko dituzte, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak.

Horretarako propio osatutako epaimahaiak baloratuko ditu aurkeztutako lanak. Ondokoek osatuko dute epaimahaia: Baztango Udalaren ordezkaria (Joseba Otondo), Txalaparta argitaletxearen ordezkaria (Garazi Arrula) eta (H)ilbeltza elkarteak izendatutakoa (Miren Gorrotxategi).