“Hitzen Uberan”, 10 urte euskal literaturaren inguruan

2020-11-26

Euskal literaturari buruzko Hitzen Uberan webguneak 10 urte bete ditu, eta urteurren horren harira,  mahai-ingurua ondu du Hau ez da poeta bat (edo bai) izenburupean. Ekitaldia gaur egingo da, Donostia, Victoria Eugenia Club aretoan, 18:00etik aurrera. Gonbidapenak eskatzeko: eie@idazleak.eus

Goiatz Labandibar, Ixiar Rozas eta Mikel Soto izango dira mahai-inguruan. Halaber, Hitzen Uberaneko kide Danele Sarriugarte eta Oier Guillanek solasaldia dinamizatuko dute.

Goiatz Labandibarrek askotariko lanak idatzi ditu, bestek beste, narrazioak, antzezlanak eta poesia. “Gainera, Uberanen parte hartu izan du kolaboratzaile moduan. Idazlea ez ezik, kazetaria ere bada”.

Ixiar Rozas ibilbide luzeko autorea da, baina azken urteetan ahotsaren inguruan ardaztutako esperimentazioan aritu da. Beltzuria (2014) saiakera eta Unisonoa (2020) poema-liburua dira Rozasen azken lanak.

Azkenik, Mikel Soto Txalaparta argitaletxeko editorea izan da urteetan. Aurten, Suak pizten direnean izenburuko poema-liburua plazaratu du.

Garbiñe Ubeda Euskal Idazlee Elkarteko lehendakariak Hitzen Uberanek argitaratutako elkarrizketan adierazi duenez, “Uberan garrantsitsua da, geure zigilupetik eta bestelako filtrorik gabe, ikusgarritasuna ematen dielako euskal literaturari eta idazleei. Era berean, urte osoko produkzioa hobekien edo bederen sakonen batzen duen medioa da. Egunerokoari jarraitzen dio eta era berean sakontasuna eskaintzen du”

“2010eko azaroan abiatu zen Hitzen Uberan, euskal literaturaren espezializaturiko ataria, Euskal Idazleen Elkartearen eskutik. Hainbat langile izan gara bertan (Uxue Alberdi, Oier Guillan, Danele Sarriugarte eta Imanol Ubeda), eta kolaboratzaile-sare zabal bat izan dugu hasiera-hasieratik. Eskerrik asko denoi. Urteurrena ospatzeko, zuzeneko ekitaldi bat antolatu dugu”.