Berria-k ondutako Sortzaileak garai pandemikoan online mintegian parte hartuko
dute Leire Iribarne Diabolo Kiwi
musika taldeko kideak, Ander Lipus
aktoreak eta Nerea Ibarzabal Txakur
Gorria sormen taldeko kideak. Ane Eslava
kazetaria bestealde, moderatzaile arituko da.
Mintegia etzi, martxoak 10, egingo da,
19:00etatik aurrera, online, Zoom bidez.
“COVID-19aren pandemiak gogor jo du kultura,
eta kalterik handienak pairatu dituzten sektoreetako batzuk dira arte
eszenikoak, bertsolaritza eta musika. Horietan aritzen diren hiru
sortzailerekin aztertuko dugu zeintzuk izan diren eragin nagusiak, beren
esperientzia pertsonaletan oinarrituta”.
Bilbon dagoen Euskararen Etxeko Euskararen Interpretazio Zentroan abiatu da Euskal Alien Nazioa ihes-gela otsailaren hasieran. Aste Santuari begira, ihes-gela arratsaldero bisitatu ahalko da, martxoaren 29tik apirilaren 10era, jaiegunetan izan ezik: lehenengo txanda, 16:15 – 17:15 eta bigarren txanda, 17:45 – 18:45
Parte-hartzaileek
euskarari lotutako zientzia fikziozko
misterioa askatu beharko dute aretotik atera ahal izateko: “2155.
urtean gaude. Estralurtarrak Euskal Herrira iritsi berri dira euskararekiko
mirespenak itsututa. Beraien espazio-ontzia Euskal Herriko txoko guztietatik
ikus daiteke. Beraien helburua argia da: euskara hartu eta beraien bizilekura
eraman…”.
Iraupena: ordubete.
Tokia: Euskararen Interpretazio Zentroa (Euskararen Etxea).
Jokalari kopurua: 6 gehienez.
Adina: 13 urtetik aurrera. Taldean, gutxienez, adin nagusiko batek egon beharko du.
Prezioa: doan
Egunak:martxoaren 29tik apirilaren 10era, arratsaldero (jaiegunetan izan ezik)
Itxaro Borda, Maialen Lujanbio eta Xabier Erkiziak zuzendutako Hizketaldi Handia: Non dago Lekeitio? mahai-inguru zikloa hasiko da bihar, Tabakaleran.
2021eko udaberrian, Tabakaleran egingo den Komunikazio-Inkomunikazio erakusketa-proiektuaren baitan egingo da berbaldia. Komunikazio-Inkomunikazio egitasmoak askotariko jarduerak bilduko ditu : hitzaldi, mintegi, erakusketa eta musika.
Tabakaleraren arabera, “egitasmo honek, Mikel Laboaren Lekeitioak izeneko obra esperimentalak ditu abiapuntu, eta bereziki du aztergai Lekeitioetan gauzatzen den materia desberdin eta askotariko jatorrien arteko lotura: musika eta herri kultura, abangoardia literario eta artistikoetatik eratorritako piezak eta ahozkotasuna, hizkuntza(k) eta hizkeren arteko gurutzatzeak eta borrokak, edo muntaiaren eta itzulpenaren erabilpena”.
Martxoaren 9tik 29ra bitarte egingo da Bilboko
Loraldiaren zazpigarren edizioa. Jaialdia 13 gunetara zabalduko da Sormenari zor lelopean. Ohikoa denez, diziplina ugari uztartuko ditu
Loraldiak.
“Sormenari zor da aurtengo festibalerako
aukeratu den lema eta Loraldian gertatuko denaren erakusle da. Diziplina anitz,
askotariko formatuak eta mota ezberdinetako ekintzak burutuko dira. Aurtengo
edizioan teatroa, dantza, musika, literatura, zinema, artea eta bertsolaritza
presente izango dira”.
Edizio honetan euskal kulturako zenbait
erreferente omenduko ditu jaialdiak, besteak beste, Xabier Lete, Joseba Sarrionandia eta Agustin Xaho.
Horrekin
batera, emakume gazte askok parte
hartuko dute. “Aurtengo edizioak ahotsa emango die sortzaile gazte askori,
baita hainbat emakumeri ere: Idoia
Azurmendi, Olatz Salvador, Ainhoa Urgoitia, Garazi Etxaburu… Hori dena
gutxi balitz, Gaztea sarietan arrakasta izugarria izan duen Zetak musika taldea datorkigu gurera,
eta diziplina ugari uztartuko ditu Loraldiak: dantza eta bertsoa, txalaparta eta
klakea…”.
Zetak
taldearena izango da, hain zuzen, egitarauko ekitaldi garrantzitsuena gazteen
artean lortu duen arrakastaren ondorioz. Emanaldia martxoaren 12an izango da: “Zetak
taldeak Zeinen ederra izango den diskoaren
ikuskizuna plazaratuko du Arriagako eszenatokian. Pello Reparaz musikariak
sortu du proiektu ikusgarri hau musika elektronikoa euskaraz egiteko xedearekin”.
Aurtengo edizioak,
gainera, berritasun batzuk ditu:
kabareta, rol jokoak, autogida…
Deustuko Berbaizu elkarteak Euskararen Etxean egingo du Irakurleen Txokoaren hurrengo hitzordua, etzi, martxoak 3, 18:00etatik aurrera. Saio horretan Amets Arzallus bertsolari eta idazleak parte hartuko du eta Miñan (Susa) liburua izango du hizpide.
Arzallusen lanak
Ibrahima Balde ginearraren bizipenei ematen dio ahotsa. Izan ere, Irungo
harrera sarean ezagutu zuten elkar, Amets Arzallus asiloa eskatzen dutenei
tramitazioa egiteko laguntzen zebilela. Solasaldi horretan hezurmamitutako
harremanaren emaitza da beraz Arzallusen nobela. Anaia desagertuaren bila hartu
zuen Ibrahima Baldek Europarako bidea, sorterria, familia eta bere bizitza
atzean utzita. Bidaiaren kronika da Miñan,
Balderen ahotsaz eta Amets Arzallusen hitzez sortutakoa.
Idazlearen hitzetan, “Mediterraneoa zeharkatzen dutenek
deshumanizatzea ezinbestekoa dute, beraien heriotzen, kanporatzeen
edota ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza
horietako bakoitza bakarra da, eta, beraz, unibertsala”.
2021eko lehenengo bi hilabeteetan 320 lagun izan dira Euskararen Etxeko aretoetan. Guztira, 9 erakundek ondutako 41 jarduera burutu dira espazio horietan.
Hauexek izan dira Euskararen Etxean haien jarduerak ondu dituzten eragileak: AEK, Ttap aldizkaria, Game Erauntsia, Bizkaiko Bertsozale Elkartea, Bizkaiko Ikastolen Elkartea, Gabriel Aresti Euskaltegia, Euskal Herriko Ikastolak, Euskaltzaleen Topagunea eta Leizaola Fundazioa.
Euskararen Etxeko espazioak erabilgarri daude euskara helburu
edo misio duten entitate eta elkarteentzat. Espazio horiek aurkezpen,
prestakuntza edota bileretarako balia daitezke.
Espazio
guztien erabilera doakoa da eta erreserba egitea ezinbestekoa da.
Imanol Ubedak 2018an abiatu zuen Don Inorrez
egitasmoa, aspalditik lagun duen Karlos Arancegui bateria jotzaile apartaren
laguntzaz, besteak beste, Bide Ertzean taldearen itzalpetik ateratzeko. Hala, Mugiro bila izenburuko diskoa grabatu
zuen Cadizen, Paco Loco ekoizle eta gitarra-jotzailearen parte-hartzearekin.
Grabazio hartan gitarra kiriotsuek bultzatutako eta hitz domestiko zein
literatur zaleekin jantzitako hamar kantu sendo plazaratu zituen, batzuetan
sakontasunez besteetan ironiaz.
Bada, bigarren honetan, Ubeda Esku Hutsik datorrela dirudien arren, beste hamar kantu are trinkoagoekin azaleratu da, inguruan ohiko susmagarriak dituela: Arancegui, Loco eta Jacob Reguilon, baxuan. Doinuok borobilagoak dira aurreko laneko bertuteetan gehiago murgildu delako tolosarra, baliabide tekniko zein humanoei zuku gehiago ateratzeko asmoz. Hori guztia, gainera, lotsagabe egin du, gehienbat taldearen eskarmentua baliatuta eta kantuei ausardia handiagoarekin eutsiz, eta tarteka, klasikotasunera gerturatuz, berritasun gisa.
Jarraian, Barre ala Negar kantua entzun dezakezue:
COVID 19ak eragindako osasun egoera larria dela eta, Euskararen Etxeko Interpretazio Zentroko bisita online abiatu genuen ikastetxeentzat 2020ko azaroaren 16an. Harrezkeroztik, ia hiru hilabete igaro direnean, 18 ikastetxetako 1.748 ikasle konektatu dira bisitara.
Ikastetxe horietatik 7 Gipuzkoak dira eta 11 Bizkaikoak. Guztira 72 taldek parte hartu dute ikastetxeei zuzendutako online bisitan: 23 Gipuzkoakoak eta 49 Bizkaikoak.
Zerbitzu hau eskaintzen jarraitzen dugu, ikastetxeen
artean izan duen harrera onaren ondorioz.
Erreserba egiteko edota bestelako xehetasunakhemen
Otsailaren 21ean Ama Hizkuntzaren
Nazioarteko Eguna ospatuko da. Bere helburu nagusia da ama hizkuntza eta
kulturarekiko kontzientzia munduan zehar sustatzea. 1999. urtean iragarri zuen estreinakoz
UNESCOk Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna.
Harrezkeroztik, urtero ospatzen da.
Nazioarteko egun horren jatorria 1952ko
otsailaren 21eko gertaera batean dago: Bangladeshko hiriburuan, Dhakan, ikasle
gazte batzuk hil zituzten manifestazio batean bengalera eta urdu hizkuntzen
arteko eztabaida amaigabearen ondorioz. Hortaz, hizkuntzen arteko lehiak
eragiten duen mina ez ahazteko ere baliagarria da Ama Hizkuntzaren Nazioarteko
Eguna.
Horiek horrela, ba al zenekiten Bangladeshen jaieguna dela otsailak 21?
Gure aldetik, otsailaren 21ean, igandean, parte hartzerako proposamen sinple eta
erakargarria abiatuko dugu Euskararen Etxeko sare sozialetan, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko
Eguna eta hizkuntz aniztasuna ospatzeko helburuarekin.
Beraz, igandean, adi egon zaitezte Euskararen Etxeko sare sozialei!