Tanttaka konpainiak “Semea pixka bat motelago dabil soilik” estreinatuko du

Tanttka Teatroak antzezlan berria familia kontuen inguruan ardazten da: Miaren seme Brankok 25 urte bete ditu, eta senitartekoak Miaren etxean bilduko dira Brankoren urtebetetzea ospatzeko. Hortik abiatuko da Semea pixka bat motelago dabil soilik, zeina urtarrilaren 14n estreinatuko duten Bilboko Arriaga Antzokian, 19:30etik aurrera.

Ivor Martinić egile kroaziarraren obra originalaren euskarazko bertsioa da, eta hauexek arituko dira oholtzan: Miren Arrieta, Klara Badiola, Mireia Gabilondo, Asier Hernandez, Ander Iruretagoiena, Xabi Lopez Jabato, Maria Redondo, Martxelo Rubio, Jose Ramon Soroiz eta Dorleta Urretabizkaiak.

Antzerki konpainaren webgunean jasotzen denez, hauxe kontatzen du sinopsiak: “Mia ezinbesteko emakume bat da, beste asko bezala; ezinbestekoa bere etxeko eguneroko bizitzan. Bere deabruen aurka borrokatzen du, ama, aita, alaba eta senar “disidente” bat zaintzen dituen bitartean, baina norbaitengan jartzen badu bere indarra, bere seme Brankorengan da, pixkanaka mugikortasuna galarazten ari zaion izen gabeko gaixotasun bat baitu. Gaur, Brankok 25 urte bete ditu, eta bere familia “akastunak” (gaur “disfuntzional” deituko genioke) festa bat prestatu dio. Hori izango da abiapuntua inoiz garrantzitsua izan zenaz eta gure arreta guztia merezi duenaz hitz egiteko, umorez, xalotasunez eta zintzotasun basatiz: oroimena, familia, denboraren joana, desberdina dena onartzea, gaztetasuna, maitasuna, beldurra, bakardadea, edertasuna, abandonua, eromena, gaixotasuna… Bizitza”.

Obrak bira handia osatuko du hurrengo hileetan: urtarrilaren 22an, Lasarte; 27an, Santurtziko Serantez Aretoa; 29an, Berriz; 30ean, Oñati; otsailaren 4an, Ordiziako Herri Antzokia; 5ean, Amorebieta; 6an, Durango; 11an, Elorrio; 12an, Getxo; 18an, Ermua; martxoaren 5ean, Azkoitiko Baztartxo Aretoa; 23n, Gasteiz; apirilaren 3an, Arrasateko Amaia Antzokia; eta, azkenik, 22n, Elgoibar.

Zahartzaroaz arituko dira Eider Rodriguez, Miren Agur Meabe eta Mari Luz Esteban, Hitzaren Eskolan

Azpeitiko Hitzaren Eskolak ekitaldi irekia ondu du urtarrilaren 29an, Zahartzaroa irakurgai: Eider Rodriguez, Miren Agur Meabe eta Mari Luz Estebanek beren testuak irakurriko dituzte.

Halaber, Ainhoa Alberdik eta Iraia Eliasek beste idazle batzuen testuak irakurriko dituzte; hain justu, Uxue Alberdi, Karmele Jaio, Ana Malagon, Miren Amuriza eta Maria Merce Marçalen testuak. Azkenik, Anarik emanaldi a eskainiko du.

Gonbidapenak eskuratzeko, hemen.

Informazio gehiago: dinamoa.eus

Euskal literaturari buruzko Hitzen Uberan atariaren jarduna eten da

Argian irakurri dugunez, Hitzen Uberan atari ez dute gehiago gaurkotuko. Halere, bere horretan geldituko da sarean artxibo gisa, eta euskal idazleen sustapena Euskal Idazleen Elkartearen webgunean txertatuko da.

Peru Iparragirre @peruiparragirre kazetariaren arabera, “2010. urtean Hitzen Uberan ataria sortu zuen Euskal Idazleen Elkarteak, literatur eta kultur munduko jendeen arteko zubi lanak egiteko. Uxue Alberdi eta Oier Guillan idazleak hasi ziren bertan kazetari lanetan, Testuketan irratsaiotik webgunera igaroz. Hamaika urtez literaturaren inguruko zernahi topatu ahal izan du zaleak bertan: albisteak, irakurle taldeen mapa, elkarrizketak, liburuen aurkezpenetako bideoak, kritikak, iruzkinak, Irakurrieran irratsaioa, komunitate atala… hamaika urtez askotariko edukiak zabaldu ditu sarean Hitzen Uberanek”.

Hala, ataria sarean izango da artxibo gisa, eta atariak berak egiten zuen euskal idazleen sustapenaz Euskal Idazleen Elkarteak arduratuko da, bai eta bere webgunean azaldu ere.

Informazio gehiago, hemen.

Baztango (H)ilbeltza “noir“ astea ohiko formatura itzuliko da

(H)ilbeltza Euskal Nobela Beltzaren Astea betiko formatuan egingo da aurten, alegia,  astebeteko iraupena izango du, urtarrilaren 24tik 30era; VIII. edizioa izango da 2022koa.

Baztanen garatuko den egitarauaren harira, urtarrilaren 24an, Massimo Carlottoren Agur, maitea, ikusi arte itzuli duen Koldo Biguri Arizkurengo liburutegian izango da, 19:30etik aurrera. Biguri azken (H)ilbeltza bekaren irabazlea izan da.

Urtarrilak 26an, Euskal Gaizkileak podcastari buruzko solasaldia izango da Anizko elkartean, 19:00etan. Beñat Hach Embarekek gidatuko du ekitaldia.

Urtarrilaren 28an, Ainize Madariagak : Marga Andurain abenturaren gurpilean  izenburuko hitzaldia emango du, Elizondoko Arizkunenean, 19:00etan.

Urtarrilaren 29an, larunbata, egitaraua zabalagoa izango da: goizean, Hondar ahoak telesaila izango dute hizpide Marian Fernandez ekoizleak eta Koldo Almandoz zuzendariak, Erratzuko elkartean: Arratsaldean, berriz, Itxaro Bordak Euri zitalari esker liburua aurkeztuko du, Ane Gartziaren laguntzaz. Gau partean, azkenik, Susmagarrien gaua egingo dute, Erratzun.

Aste beltza maitzeko,  igande goizean Lubakietako oroiminak ibilaldia egingo dute Iruritan. Arratsaldean, halaber, Pettik eta Ana Galarragak literatura eta musika uztartuko dituzte Frankenstein agurgarria. Gutun musikatua Victor Frankensteini emanaldian.

Informazio gehiago, hemen.

Tartean Teatroak “Alderray” antzezlana estreinatuko du

Pertsonaien ehiztari bilakatutako Alderray izeneko istorio kontalariaren inguruko istorioa estreinatuko du Tartean Teatroak Bilboko Arriaga Antzokian martxoaren 9an eta 10ean, 19:30etik aurrera.

Honela dio obraren sinopsiak: “(Alderray) eskale erraria dela uste baduzu ez zara oso oker ibiliko ere. Bere ofizioa maite du eta bere arauak errespetatzen ditu. Alderrayk ez du pertsonaiarik asmatzen, kontatzen duen guztia benetan gertatu da, hiri honetan eta gaur egun. Ez da fikziozalea. Milaka pertsonaia ehizatu ditu, baina bat falta zaiola sentitzen du. Azkena, behin betirakoa. Harrapatu arte ez du atsedenik izango”.

Patxo Telleriak idatzi du obra, eta Jokin Oregi eta Patxo Telleria bera dira zuzendariak. Oholtzan, halaber, Mikel Martinez eta Sandra Fernandez Aguirre aktoreak izango dira.

Bilboko estreinaldiaren ondotik, hainbat antzokitan aurkeztuko dute Alderray: Kultur Leioa (martxoak 18), Serantes Kultur Aretoa (apirilak 7), Iruñeko Escuela Navarra de Teatro (apirilak 27), Astigarragako Erribera Kulturgunea (apirilak 30), Basauri Social Antzokia (maiatzak 13), Gernikako Lizeo Antzokia (maiatzak 20)…

Informazio gehiago, hemen.

Topaldia kulturgintzaren inguruan ardaztuko da eta Bilbon egingo da

Kulturgintzan euskaltzale. Zein da euskaltzaleon rola kulturgintzan? izenburupean egingo da 2022ko Topaldia Bilboko Bilborock aretoan, urtarrilaren 27an. Topaldiaren 20. edizioa izango da.

“Izenburuak planteatzen duen galderari erantzuteko lehen urratsak ematen hastea da lortu nahi dena. Horretarako, Topaldiak kulturgintzaren sistema osatzen duten eragile ezberdinei gogoeta egiteko gune aproposa eskaini nahi die, kulturgintzan aritzeko, kulturgintza ulertzeko zein ohiko egiteko moduei buruz elkarrekin hausnarketa egin ahal izateko”.

Kulturgintzako eragileentzat baliagarriak izan daitezkeen hainbat baliabide aurkeztuko dira jardunaldian.

  • Alde batetik, euskalgintza eta kulturgintza elkarlotzen dituzten bi esperientzia interesgarri aurkeztuko dira: Elgoibarko esperientzia (Imanol Larrañaga, Elgoibarko Izarra eta Gorka Arrese, Digitalidadea) eta Iruñerriko esperientzia (Iñaki Sagardoi, Laba proiektuko kidea eta Ion Celestino, Iruinkoko-ko kidea)
  • Bestetik, kulturgintzan oinarrizkoak diren baliabideen berri  emango da: Bitartekaritza arloan, Artaziak kooperatiba eta komunikazioa esparruan, Burutü komunikazio agentzia.

Azkenik, Euskaldunon Topaguneko kultura arduradun Johana Olabarriak Euskaldunon Topaguneak, zer du eskaintzeko kulturgintzari euskaltzaletasunetik izenburuko hitzaldia emango du.

Informazioa gehiago, hemen.

“Bidaide” antzezlana estreinatuko du Metrokoadrokak Atarrabian eta Uharten

Metrokoadroka sormen laborategiak Bidaide obra berria taularatuko du estreinakoz Uharten eta Atarrabian. Hala, hilaren 14an, Atarrabiako Antzokian ikusi ahalko da, eta 16an, Uharte Arte Garaikide Zentroan.

Estreinaldia Udalbiltzak ondutako Geuretik sortuak egitasmoaren baitan egingo da, izan ere, hiru asteko sormen egonaldiaren emaitza da Bidaide. Udalbiltzaren arabera, “37 herrik, 16 idazlek, 5 zinemagilek eta 5 antzerki konpainiak bat egin dute euskaratik eta euskarazko obra artistikoak sortzeko. Proiektuan parte hartzen duen herri edo herri multzo bakoitzari artista bat esleitu zitzaion, Uharten eta Atarrabiaren kasuan Metrokoadroka antzerki-laborategia izan da”.

Bidaide obrari dagokionez, hau da obraren sinopsia: “Nor ote dago erraldoien gonen azpian? Nola ikusten da mundua erraldoien barrutik? Herrietako erraldoien iruditeriatik modu poetikoan abiatuta, handia eta txikia izatearen arteko aldeaz, herrietako kulturgileen ikusezintasun hautazkoaz edo ez hautazkoaz, kultura bizitzeko moduez mintzo da Bidaide antzezlana. Bidaide antzezlana modu bisual, poetiko eta umoretsuan aldiro modu ezberdinean gauzatuko den teatro-ekintza bat da. Herrietako kulturgileen jarduna gogoan, agian ekintza bera delako, orain eta hemen egin-egiteko behar hori, etorkizunak amesteko aukera ematen digun bultzadarik garrantzitsuena”.

“Urtea mintza pozez hasteko 11 modu!”

Euskaltzaleen Topaguneak mintzalagun izateko kanpaina hasi du urte berriarekin batera: “Hasi zaitez Mintzapraktikan, ematen duzuna baino askoz gehiago jasoko duzu! Aurten Mintza Poza praktikatu!”.

Mintzapraktika egitasmoan parte hartzeko bi baldintza bete behar dira:

  • Euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila edukitzea.
  • Astean behin ordubetez mintzalagun talde batean parte hartzeko konpromisoa izatea.

“Euskaraz lasai eta lotsarik gabe hitz egin ahal izango duzu; Zure herrian bertan euskaraz aritzeko lagunartea aurkituko duzu; Herria euskaldunago bihurtuko duzu; Besteei euskaraz bizitzen lagunduko diezu; Gustatzen zaizkizun gauzak egingo dituzu”.

Parte hartu nahi izanez gero, herriko edo inguruko Euskara Elkartera edo euskaltegira jo behar da, edo bestela, ondoko galdetegia bete.

“Laburbira” zirkuituak filmak aurkezteko epea zabaldu du

Laburbiraren XIX. edizioaren lanak aurkezteko epea urtarrilaren 20ra arte egongo da zabalik.

Ekimena antolatzen duen Euskaltzaleen Topagunearen webgunean jasotzen denez, “XIX. edizioa beteko du 2022ean Laburbirak. Helburu garbia du: euskaraz ekoizten jarraitu dezazuen, zuen, sortzaile zaretenon lanak ezagutaraztea.  Horretarako urtarrilaren 27tik otsailaren 11ra bitartean aukeratutako film laburrak herriz-herri zeharkatuko dute Euskal Herriko eta kanpoko hainbat herri eta hiriburu”.

Filmek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

  • 2021 urtean ekoiztutako fikziozko lanak izan behar dira.
  • Gehienez ere 20 minutu irauten dituzten lanak aurkeztu ahal izango dira.
  • Izen-ematea urtarrilaren 20an amaituko da.
  • Lanen aukeraketa urtarrilaren 20tik 27ra bitartean egingo da eta sortzaileei modu pertsonalean jakinaraziko zaie erabakia.
  • Aukeraketa egiterakoan zenbait irizpide izango dira kontuan:
    • Publiko guztientzako lanak izan daitezela.
    • Sortzaile berrien eta izen handikoen arteko oreka mantenduko da.
    • Sortzaileen lurraldetasun eta generoa
    • Genero ikuspegia
    • Filmen bestelako ezaugarriak: euskalki aniztasuna, umorea, animazioa, lan esperimentalak, sentsibilizazioa lantzen dutenak…

2022ko otsailaren 25etik martxoaren 27ra egingo da XIX. edizioa, eta ohi denez, herriz herri erakutsiko dituzte aukeratutako filmak.

Informazio gehiago, hemen.