Tanttaka konpainiak “Semea pixka bat motelago dabil soilik” estreinatuko du

2022-01-14

Tanttka Teatroak antzezlan berria familia kontuen inguruan ardazten da: Miaren seme Brankok 25 urte bete ditu, eta senitartekoak Miaren etxean bilduko dira Brankoren urtebetetzea ospatzeko. Hortik abiatuko da Semea pixka bat motelago dabil soilik, zeina urtarrilaren 14n estreinatuko duten Bilboko Arriaga Antzokian, 19:30etik aurrera.

Ivor Martinić egile kroaziarraren obra originalaren euskarazko bertsioa da, eta hauexek arituko dira oholtzan: Miren Arrieta, Klara Badiola, Mireia Gabilondo, Asier Hernandez, Ander Iruretagoiena, Xabi Lopez Jabato, Maria Redondo, Martxelo Rubio, Jose Ramon Soroiz eta Dorleta Urretabizkaiak.

Antzerki konpainaren webgunean jasotzen denez, hauxe kontatzen du sinopsiak: “Mia ezinbesteko emakume bat da, beste asko bezala; ezinbestekoa bere etxeko eguneroko bizitzan. Bere deabruen aurka borrokatzen du, ama, aita, alaba eta senar “disidente” bat zaintzen dituen bitartean, baina norbaitengan jartzen badu bere indarra, bere seme Brankorengan da, pixkanaka mugikortasuna galarazten ari zaion izen gabeko gaixotasun bat baitu. Gaur, Brankok 25 urte bete ditu, eta bere familia “akastunak” (gaur “disfuntzional” deituko genioke) festa bat prestatu dio. Hori izango da abiapuntua inoiz garrantzitsua izan zenaz eta gure arreta guztia merezi duenaz hitz egiteko, umorez, xalotasunez eta zintzotasun basatiz: oroimena, familia, denboraren joana, desberdina dena onartzea, gaztetasuna, maitasuna, beldurra, bakardadea, edertasuna, abandonua, eromena, gaixotasuna… Bizitza”.

Obrak bira handia osatuko du hurrengo hileetan: urtarrilaren 22an, Lasarte; 27an, Santurtziko Serantez Aretoa; 29an, Berriz; 30ean, Oñati; otsailaren 4an, Ordiziako Herri Antzokia; 5ean, Amorebieta; 6an, Durango; 11an, Elorrio; 12an, Getxo; 18an, Ermua; martxoaren 5ean, Azkoitiko Baztartxo Aretoa; 23n, Gasteiz; apirilaren 3an, Arrasateko Amaia Antzokia; eta, azkenik, 22n, Elgoibar.