Bizkaia Irratia Euskararen Etxetik ariko da zuzenean

Asteartean, hilak 28, irratiko lantaldeak ‘Goizeko Izarretan’ saioa eskainiko du zuzen-zuzenean Euskararen Etxetik, 07:00etatik 09:00etara. Besteak beste, Euskararen Interpretazio Zentroaz, AEKren Deustuko Matxintxu euskaltegiaz, euskalgintzaren garapenaz eta Euskal Herriko Unibertsitateko aktualitateaz ariko dira hizketan. Era berean, Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko arduraduna eta Euskararen Etxeko kidea, eta Lexuri Arrizabalaga, Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua elkarrizketatuko dituzte.

Ondarroako arrantzaleen kofradiatik batzuetan, eta Loiuko aireportutik besteetan; berdin Gernikako Urriko Azken Asteleheneko azokatik zein Zornotzatik, Frantziako Tourreko etapa hastear zela. Bizkaia Irratiko kideak ohituta daude estudio mugikorra kalera atera eta zuzeneko saioak nonahitik egitera. Bada, oraingo honetan, lehenengo aldiz, Euskararen Etxetik egingo dute zuzeneko emanaldia: irratiko lantaldea goizeko lehenengo ordutik egongo da, bihar, urtarrilak 28, Goizeko Izarretan saioa zuzen-zuzenean bertatik eskaintzen, 07:00etatik 09:00etara. “Kalera irtetea kanpoko protagonistekin aurrez aurre egoteko modu bat da. Horrek freskotasuna eskaintzen dio zuzenekoari, eta euskara gure marka denez, Euskararen Etxea leku ezin aproposagoa da hori guztia lantzeko”, adierazi du Bizkaia Irratiko kide Alfre Elgezabalek. “Izan ere, hau guztia harrerarekin lotu gura dugu, harrera hori euskal kulturatik eta euskaratik egin beharko litzateke-eta. Hona datorrenari Guggenheim zer den azaltzea ederra da, baina horrekin batera, euskara zer den ere azaldu behar diogulakoan gaude, lehenengo berba euskaraz egitearekin batera”, gaineratu du.

“Erakusleihoa”

Biharkoan, horiek guztiak eta gehiago izango dituzte berbagai, baita Deustuko AEKren Matxintxu euskaltegiaren 40. urteurrena eta EHUko aktualitatea ere. Era berean, Lexuri Arrizabalagak, Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak elkarrizketa eskainiko du. 08:30ean izango da. Azkue Fundazioko arduradun eta Euskararen Etxeko kide Iurdana Acasusok ere emankizunean parte hartuko du. Azken horrek pozarren hartu du Bizkaia Irratiko kideen bisita: “Euskararen Etxea euskararen bizi-indarraren erakusleiho da. Hori dela eta, Bizkaia Irratiak ezin aukera ederragoa eskaini digu erakusleiho hori handitzeko eta gure lanaren berri zabaltzeko”, adierazi du Acasusok.