Ikastetxeek Euskararen Interpretazio Zentroko bisita online egiteko aukera izango dute ikasturte berrian

2021-08-31

Iaz, abiatu genuen Euskararen Interpretazio Zentroko online bisita ikastetxeentzat, eta egitasmoak oso harrera ona izan du. Hori dela eta, 2021/2022 ikasturte berrian ere online zerbitzu hori eskaintzen jarraituko dugu. Egin erreserba!

Ikastetxeek online plataforma baten bidez egin dezakete Euskararen Etxeko bisita, ikastetxeetatik konektatuz; Euskararen Interpretazio Zentroko edukiak modu dinamiko eta parte-hartzailean jasoko dituzte ikasleek, gidari espezializatu baten eskutik.

LH 3. mailatik Batxilergora arteko ikasleek parte har dezakete, baita Lanbide Heziketako ikasleek ere. 45 minutuko bisitak dira, eta euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez egin daiteke, baina euskarri eta material guztiak euskaraz izango dira.

Euskararen ibilbidea eta egoera ezagutzeaz gain, ikasleen esperientziak partekatzeko eta taldean hausnartzeko parada ere eskaintzen du.