Eusko Jaurlaritzaren 13/2021 DEKRETUA, martxoaren 6koaren arabera, museo, erakusketa-areto, monumentu eta bestelako kultura-ekipamenduetan, talde-bisitak 6 pertsonakoak izango dira, monitorea edo gida kontuan hartu gabe, betiere, ezinbesteko osasun-neurriak ezarrita. Azkenik, eskola-talde egonkorrak gidari bakarrarekin joan ahal izango dira museoetara.
Bada, Euskararen Etxeko kasuan:
- Euskararen Interpretazio Zentroko talde-bisitak sei pertsonakoak izan ahalko dira, gidaria aintzat hartu gabe.
- Horrekin batera, Euskal Alien Nazioa ihes-gelan 6 laguneko taldeak onartuko dira (orain arte 4ko taldeak ziren).
- Azkenik, ikastetxeak “eskola-talde egonkorrekin” etorri ahalko dira Euskararen Etxeko Euskararen Interpretazio Zentrora.
Ikastetxeentzako eskola programa
Gogoratu ikastetxeek Euskararen Interpretazio Zentroko bisitaz gainera, Eskola programa egiteko aukera dutela, hau da, lantegi batean parte hartzeko aukera eskaintzen dieguela ikasleei.
Hartara, Interpretazio Zentrora egindako bisitan euskararen historia, jatorria edota egoerari buruzko informazio baliagarria jasoko dute ikasleek. Era berean, euskararen erabilera eta sustapenarekin lotutako lantegi batean parte hartzeko aukera ere izango dute.
Jarraian, Eskola-programaren berri ematen duen bideoa ikus dezakezue: