‘Gida Bira, gure museoak bertsotan’ egitasmoa martxan, Euskararen Eguna ospatzeko

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskararen Etxeak egitasmo berezi bat antolatu dute: ‘Gida Bira’. Programazioak bertsolaritza eta ondarea batuko ditu: azaroaren 29tik abenduaren 3ra bitartean, hainbat bertsolari egongo da Bizkaiko Foru Aldundiaren babespekoak diren museoetan,  museo-gidarien azalpenak osagarritzen, bisitarien gozamenerako. Euskararen Interpretazio Zentroari dagokion saioa azaroaren 30ean egingo da, 12:00etan. Maite Sarasolak eta Xabat Galletebeitiak bertsotan aletuko dituzte EIZeri buruzkoak.

‘Gida Bira’ Leixuri Arrizabalagak, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, eta Iurdana Acasusok, Euskararen Etxeko Zuzendariak, aurkeztu dute, gaur, Bizkaiko foru museoko eta aretoko zuzendariekin batera. Lexuri Arrizabalagak azaldu duenez, “bertsolariak gidari lanetan arituko dira museo eta aretoetako bisitetan, gure ondareari haien ekarpen oparoa eransteko eta bisitariei gure ondarearen bestelako ikuspegi bat erakusteko asmoz”. Gaineratu duenez, “euskara, gure ondarea eta gure kulturaren adierazpide garrantzitsuenetariko bat batuko ditugu, bisitariei jarduera kultural berezia eskaintzeko, betiere, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko xedearekin”.

Arestian aipatu bezala, egitasmoa azaroan 29an eta 30ean, eta abenduaren 1ean eta 3an egingo da Aldundiko hamar espazio ezberdinetan; 18 bertsolarik parte hartuko dute.

Egitaraua

Azaroaren 29an hasiko da Gida Bira Bermeoko Arrantzale Museoan, Ander Elortegi eta Enare Muniategi bertsolarien eskutik, 18:00etatik aurrera. Iñaki Marcaidaren argazkiekin edertutako Bermeo Portu Zaharra 1877-2024 erakusketan murgilduko dira bertsolariak.

Azaroaren 30ean, berriz, bi izango dira hitzorduak: Arkeologia Museoan, Bilbon, Iruri Altzerreka eta Gorka Pagonabarraga bertsolariak izango dira, 17:00etan, eta Neandertalak erakusketa izango dute abiapuntu. Gainera, Bilbon kokatutako Euskararen Etxean, Maite Sarasola eta Xabat Galletebeitia egongo dira, 12:00etan, Euskararen Interpretazio Zentro berrituko edukiei buruz aritzeko asmoz.

Abenduaren 1ean, bost saio izango dira: Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoan Koldo Gezuraga eta Izaro Bilbao arituko dira bertsotan, 12:00etan; museo horretan Pieza bat, istorio bat: Oihal ebakitzailea aldi baterako erakusketa dago ikusgai. Muskizen El Pobaleko Burdinolan, Iruri Altzerreka ibiliko da bertsotan 11:30etik aurrera, Olentzero eta Mari Domingi ere museoan izango dira egun horretan. Euskal Herria Museoan, Gernikan, Iker Uriarte eta Janire Arrizabalaga bertsolariak arituko dira bisita berezi hau gidatzen, 12:30ean. Santimamiñen, Kortezubin, Aissa Intxausti eta Aitor Etxebarriazarraga izango dira, 12:00etan, eta, azkenik, Txakolin Museoa-Txakolingunean, Bakion, Jone Larrinaga eta Asier Galarza bertsolariak ibiliko dira bisitariak gidatzen, 12:00etan.

Abenduaren 3an, bi saio izango dira, biak ala biak Bilbon: goizez, 11:30ean, Xabat Galletebeitia eta Ane Labaka bertsolariak Bizkaiko Foru Jauregian arituko dira bertsotan, eta arratsaldez, 18:00etan, Maite Sarasola eta Eneko Abasolo Abarkas bertsolariek Ondare Aretoko bisita gidatuko dute; hain zuzen ere, Kameratik Orratzera Eulalia Abaituaren argazkietatik abiatutako Bizkaiko XIX. eta XX. mendeko emakumeen jantzien erakusketa izango dute hizpide.

Bisita gidatuetan parte hartzeko izena eman beharko da ezinbestez. Horretarako, beharrezkoa da museoekin eta aretoekin hartu emanetan ipintzea:

Museoen eta aretoen kontaktuak:

Euskararen Interpretazio Zentroa, EMYA Europako museoen sariketako finalisten artean

Euskararen Etxea eta bere Euskararen Interpretazio Zentroa European Museum 2025 saria jasotzeko hautagaien artean daude (EMYA European Museum of the Year Award). Saria European Museum Forum erakundeak ematen du urtero-urtero; 2025eko edizioa maiatzean jokatuko da. Europako 18 estatutako 42 museo lehiatuko dira bertan.

Europako Museoen Urteko Saria (EMYA) 1977an sortu zen, Europako Kontseiluaren babespean, kontinenteko museo-komunitateari bikaintasuna aitortzeko helburuz. Sariaren ardatza kalitate publikoa azpimarratzea da, eta berrikuntza babestea, sustatzea eta saritzea ditu oinarri. Bestela esanda, museoek gizartea eraldatzeko duten gaitasuna saritzen dute.

Euskararen Etxearentzat bada nahikoa sari 42 museoen artean sailkatuta egotea, hori egindako lanaren aintzatespena baita. Sariaren onuraduna datorren urteko maiatzean jakinaraziko dute, Polonian egingo den EMYA2025 Annual Conference bileran.

Euskararen Interpretazio Zentroak zentzumenetan oinarritutako bisita ludiko eta zehatza eskaintzen die bisitariei.

“Basque Writing” argitalpenari buruzko erakusketa paratu du Euskal PENek Euskararen Etxean

Basque Writing “magazina” Euskal PENek egiten duen argitalpena da, eta euskaraz eta ingelesez argitaratzen da. Euskal PEN erakundearen 20. urteurrenaren harira ondu da erakusketa, eta bertan orain arte argitaratutako ale guztiak ikusgai daude, azaroaren 23ra bitarte.

Euskal PEN 1950ean sortu zen, baina “bizialdi labur” horren ondoren, 1987an berpiztu zen; 2004an, hain justu, abiatu zuen bere hirugarren ibilbidea.

Basque Writing argitalpenari dagokionez, 2008an sortu zen Kataluniako PENek egiten zuen Catalá Writing argitalpena oinarritzat hartuta, euskal kultura modu erakargarri eta bisualean ezagutarazteko asmoz.

Euskal PENen arabera, “helburua da nazioartean ezagutaraztea euskal hizkuntza eta kultura sustatzeko egiten diren ekimenak, betiere ikuspuntu baikorretik, bere txikitasunean, euskarak eta euskal kulturak zer erakutsia badutela sinistuta”.

Euskarazko alea etxean jasotzen dute erakundeko kideek, baina PEN International-eko bileretara ere eramaten dira, zentro guztietan banatzeko helburuarekin. Euskal PENen webgunean ere eskuragarri daude: www.euskalpen.eus

“Euskara Batuaren Zuzentasuna Ipar Euskal Herrian” jardunaldia egingo dute Baionan

UEUk Euskara Batuaren Zuzentasuna Ipar Euskal Herrian izenburuko saioa ondu du Baionako Unibertsitatea IUTn, azaroaren 13an, 14:00etatik 18:00etara.

“Euskararen zuzentasunean eta euskara batuaren erabileraren inguruko dudazko praktiken inguruko eztabaida ireki zen Ipar Euskal Herriko AEKn 2022/23 ikasturtean. Ikusirik fenomeno hori irakaskuntza eta euskalduntze arloa eta AEK bera ere gainditzen dituela, erakunde horrek UEUri galdegin zion gogoeta lanketa bat bideratzea.

(…) Honela, jardunaldi honen bidez, hurrengo urratsa eman nahi da: mintegian egindako diagnostikoa eta aterabiderako proposamenak Ipar Euskal Herriko euskararen munduko profesional, ikerlari, aditu eta arituekin partekatu nahi dira. Helburua horixe baita, diagnostikoa partekatu eta osatu, arlo ezberdinetako profesionalen ekarpenak bildu eta aterabideak zirriborratzen hasi, etorkizunerako balizko lan ildoak eta bideak irudikatuz”.

Gaian interesa daukan edonori zuzenduta dago jardunaldia, eta matrikulatzeko epemuga azaroaren 12a da.

Egitaraua:

Harrera eta dokumentazio banaketa.

14:15 – 14:30

Ongietorria eta jardunaldiaren aurkezpena.

  • Ane Sarasua, UEUko Idazkari Nagusia.
  • Maitena Carment, jardunaldiaren antolatzailea.

14:30 – 15:15

1.saioa: Euskararen zuzentasunaren transmisioa: irakaskuntza eta hezkuntza.

  • Paulo Arzelus (AEK)
  • Egoitz Urrutikoetxea (Seaska)
  • Aines Dufau (Ikas)

15:15 – 16:00

2.saioa: Euskararen zuzentasunaren erabilera soziala.

  • Ekhi Erremundegi (Berria)
  • Jose Luis Aizpuru (Euskal Irratiak)
  • Battittu Coyos (Euskaltzaindia)

16:15 – 16:30

Atsedenaldia.

16:45 – 17:30

Mahai ingurua:

  • Eneko Bidegain (MU)
  • Naroa Gorostiaga (EEP)
  • Antton Harinordoki (Itzultzailea)
  • Argia Olçomendi (IKER zentroa)

17:30 – 17:45

Partaideen arteko solasaldia.

Gidari-dinamizatzailea: Oihana Galé (Eusko Ikaskuntza)

17:45 – 18:00

Euskara Batuaren xedea eta ibilbidea.

  • Sagrario Aleman (Euskaltzaindia)

18:00 – 18:15

Amaiera eta agurra.

  • Antolatzaileak.

Egitarau osoa, hemen.

“Ez lekurantz: basamortu emankor baterantz” jardunaldia egingo du BizkaiaGarak Euskararen Etxean

BizkaiaGara-ren helburua da gizarte-eremu guztietatik (ingurumena, kultura, gizartea, kirola…) eta eragile guztietatik (erakundeak, taldeak, enpresak, erakundeak, pertsonak, ikastetxeak eta unibertsitateak) bultzatutako proiektuak aktibatzea, laguntzea eta konektatzea, gure lurraldea herritarren parte-hartze aktiboaren bidez hobetzen lagundu nahi duten proiektuak, hain zuzen ere.

Bada, BizkaiaGarak 2024an duen erronketako bat izan da Euskararekin lotutako guztia estrategikotzat hartzea, Bizkaian lan hori egiten duten erakunde eta antolakundeen eskutik aktibazioa behar duten ekintza guztietan laguntzeko eta balioa emateko.

Hala, “hilabete batzuk elkarte desberdinei entzuten eta ezagutzen ari gara, orain uste dugu saio batean elkartzea eta norantz era kolektibo batean joatea momentua dela eta BizkaiaGaratik honen ardura hartu nahi dugu”.

Horiek horrela Ez lekurantz: basamortu emankor baterantz jardunaldia azaroaren 14an egingo dute, Euskararen Etxean, 11:00etatik 13:30era.

Parte hartu nahi izanez gero, eman izena.

norantz: “Ez lekurantz: basamortu emankor baterantz”

  • Lehen urrats gisa, amets bat marraztuko dugu.
  • Sortzeko eta sortzaileak izateko bi ordu eta erdiko saio batera gonbidatzen zaituztegu.
  • Gaur egungo errealitatetik Euskara arloan egiten ari diren ekintzei eta proposamenei gure bultzada eta indarra eman nahi diegu kolektiboki, horretarako saio hau egin nahi dugu.
  • Ez dakigu norantz eramango gaituen, baina badakigu zuekin batera joan nahi dugula.

zer egingo dugu:

  • “Pandora” kutxa irekiko dugu.
  • Dinamika desberdineen bidez kolektiboki bidea sortzea.
  • Zuen eta gure kezkak, susmoak, ametsak eta aukerak hartu nahi ditugu, danon tresnak ikusarazi eta partekatu.
  • 2025. urtean pentsatu, landu eta partekatu dugunarekin lanean jarraitzea, zuen eskutik joanda, noski.

Lan mundua eta aisialdia hizpide, Jagon jardunaldian

Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan egingo da azaroaren 28an XXIX. Jagon jardunaldia, eta bertan, euskarak lan munduan eta aisialdian dituen erronkak aztertuko dituzte. Jon Sarasua, Josune Zabala eta Iñaki Arruti izango dira hizlariak.

Euskaltzaindiak ondutako jardunaldian, etorkizun-ikuspegiaren gaineko bi ponentzia jorratuko dituzte: “Bata, aisialdi antolatuaren ponentzia (Euskararen Gogoetagunea egitasmoaren barruan landutakoa eta Iñaki Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Estrategiako Zerbitzuko buruak azalduko duena); bestea, lan-eremuari dagokiona (Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeak landu du eta Josune Zabala Eusko Jaurlaritzako Ikerketa eta Koordinazio zuzendariak azalduko du)”.

Izena emateko epemuga azaroaren 26 izango da: 944158155 / info@euskaltzaindia.eus

Egitarau osoa, hemen.

Euskarazko kulturgintzaren transmisioa eta hedabideak izango dituzte hizpide Azpeitian

Sormenean hezi kulturan bizi jardunaldien hirugarren edizioa ondu du UEUk, eta aurten euskarazko kulturgintzaren transmisioaren eta hedabideen inguruan arituko dira urriaren 26an, Azpeitia-Sanagustin kulturgunean, 9:00etatik 16:00etara.

UEUren arabera, “Euskarazko kulturgintzaren transmisioa ataka larrian dago, hori ukaezina da, eta hedabideekiko ezagutza eta ondoriozko elkarlana ataka estu horretatik onik ateratzeko ezinbestean jorratu beharreko lan-ildoa dela uste dugu. Zer esanik ez, erabat digitalizatuta dagoen komunikazio aro berri honetan. (…) Hezkuntza arautuan zein ez-arautuan euskarazko kulturgintzaren transmisioak dituen gabeziak ezagutu ostean, hedabideetakoak aztertu gura ditugu 2024 honetan. Horretarako antolatuko dugu. Sormenean hezi, kulturan bizi. III jardunaldia. Hedabideak”.

Horretarako, Euskarazko kulturgintzaren presentzia hedabideetan azterketaren emaitzetatik abiatuko da jardunaldia.

Honatx egitarau osoa:

08:45 – 09:15

Harrrera

09:15 – 09:30

Ongi etorria

09:30 – 10:30

Euskarazko kulturgintzaren presentzia hedabideetan. Azterketaren emaitzak.

  • Libe Mimenza, Behategia (NOR ikerketa taldea- UPV/EHU):

10:30 – 11:00

Kafea

11:00 – 13:00

Mahai-ingurua: Zertan da euskarazko kulturgintzaren komunikazio-jarduna?

  • Iñaki Etxeleku: Aktorea, kultur-eragilea, kazetaria
  • Ane Zuazubiskar: bertsolaria, kazetaria
  • Josune Velez de Mendizabal: aktorea, ipuin-kontalaria, kazetari izandakoa

Dinamizatzailea

  • Inma Errea

13:00 – 14:00

Bazkaria

14:00 – 16:00

Kultur kuotak hedabideetan: nazioarteko ereduak

  • Kultur kuoten bilakaera nazioartean eta egungo panorama (Amagoia Gurrutxaga Uranga,LANARTEA Euskararen Langile Profesionalen Elkarteko koordinatzailea).
  • Kataluniako kultur kuota sistema eta Espainiako Ikus-entzunezko Lege berria (Pol Cruz- Corominas, Plataforma per la Llenguako Kultura Batzordeko aholkularia eta materia audiobisualean kontsultorea)

Izena emateko, hemen.

“Euskararen Etxea, plazara” erakusketa ibiltariak bere ibilbidea hasi du Leioako Campusean

Euskararen Etxea, plazara erakusketa ibiltariak bere bidea abiatuko du Leioan kokatutako UPV/EHUren Bizkaiko Campusean. Euskararen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak antolatu dute erakusketa, EHU Kulturaren laguntzarekin, eta irailaren 26tik, Hizkuntzen Europako Egunetik, abenduaren 4ra bitarte izango da ikusgai.

Erakusketa bisitatu dute gaur, irailak 27, Leixuri Arrizabalaga Kultura, Kirol eta Euskara foru diputatuak, Iurdana Acacuso Euskararen Etxeko zuzendariak, Eva Ferreira UPV-EHUko errektoreak eta Junkal Gutierrez UPV-EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzeko errektoreordeak.

Erakusketa Bilboko Euskararen Etxean kokatutako Euskararen Interpretazio Zentro berriaren lagin bat da, zentroko edukietatik abiatuta ondu baita.

Zentro berria 2023ko otsailean inauguratu zen, eta Kirmen Uribe idazleak, 2009ko Literatura Sari Nazionala jaso zuenak, eta Patxi Baztarrika soziolinguistak osatutako talde zientifikoaren lanaren emaitza da, baita hirurogei erakunde eta partikular baino gehiagoren parte-hartzearen emaitza ere, elkarlaneko proiektua baita Euskararen Interpretazio Zentro berritua.

“EUSKARAREN ETXEA, PLAZARA” ERAKUSKETA

Euskararen Etxea, plazara erakusketaren bidez, Euskararen Etxeak bere hormak gainditu eta Interpretazio Zentro berriaren edukien lagin txiki bat aurkeztu nahi du, eta herritarrak bere egoitzara hurbiltzera gonbidatu nahi ditu, bisita esperientzial eta ludiko batetik abiatuta, bisitariak euskararen izaera poliedrikoan murgildu daitezen.

Euskararen Etxea, plazara erakusketaren helburua da euskara, antzinako hizkuntza izateaz gain, gaztea, zirraragarria eta eraikitzen ari den hizkuntza dela ezagutaraztea, eta baita munduko hizkuntza-aniztasunaren parte dela ere nabarmentzea.

Horretarako, erakusketak askotariko edukiak biltzen ditu, besteak beste, euskararen egunez eguneko egoeraz ohartarazten duten datuak, euskararen historia josi duten pertsonaia eta gertaerak, euskararen etorkizunerako erronkak edo euskal kulturaren aberastasuna eta kalitatea islatzen duten edukiak.

Horrekin batera, erakusketak egingo duen bidean tokian tokiko ezaugarri eta datuak ere erakutsiko ditu, udalerri edo erakundeekin lankidetzak gauzatuko baitira, beren ezaugarri eta ñabardunak erakusteko asmoz. Hala, EHU/UPVk emandako euskarari buruzko hainbat datu jaso ditu erakusketak, eta Leioako Campusean dagoen tartean, hezkuntza-komunitateak euskara nola bizi duen erakutsiko du.

Horretaz gainera, bisitariek haien testigantzak ere utzi ahalko dituzte bisitariek euskararekin duten harremana aztertzea xede duen harien jolas baten bitartez, bai eta galdera irekien bidez.

Azkenik, erakusketak lekua egin dio Gaitu adimen artifizialari euskara irakasteko proiektuari. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak bultzatutako egitasmoa da,  2023an sortua, Common Voice proiektuaren parte gisa.

Euskararen Etxeak Bilboko Open House ekimen arkitektonikoan parte hartuko du

Open House-n barruan bisitatu ahalko den eraikinetako bat izango da Euskararen Etxea; Open House urriaren 1etik 6ra egingo da, eta guztira, 24 jarduera antolatuko ditu herritarrek hiri-diseinu eta -garapeneko eraikin enblematikoak eta jardunbide egokiak ezagutu ditzaten.

Orotara, 72 eraikin bisitatu ahalko dira; aurten, hain justu, zortzi eraikin berri gehitu dira zerrenda horretara, tartean, Euskararen Etxea. Hauexek dira beste eraikin berriak: Euskaldunako dike lehorrak, BilbaoArte, Artxandako funikularra, Tomas Camacho zentroa, Bilboko Eskola Alemana, APNABI eguneko zentroa eta Oslo Cowork.

Euskararen Etxeko eraikinari dagokionez, Euskararen Etxea 2004an inauguratu zen, euskal gizartean hizkuntza sustatzeko eta zaintzeko erreferente izateko helburuarekin. Eraikina 50eko hamarkadan eraiki zen, frankismo garaian. Besteak beste, bertan Euskararen Interpretazio Zentroa kokatzen da, zeina oraintsu berritu den eta euskararen bizi-indarra eta aniztasuna transmititu nahi dituen. Halaber, inplikazio pertsonala aldarrikatzen du, norberak egin baitio ekarpena euskarari. Azken batean, euskararen askotariko izaerak batu egiten gaitu, gehitu egiten du.

Open House proiektuari buruzko informazio gehiago, hemen.