Topaguneak ikuskizunak eta tailerrak sustatzeko webgunea abiatu du

2020-02-04

Euskaltzaleen Topaguneak euskarazko formatu txikiko ikuskizunak eta tailerrak sustatzeko webgunea abiatu du.

Topaguneak jakinarazi duenez, online bidezko katalogoaren helburuak hauexek dira:

“Sortzaileon lanaren erakusleiho zabala sortu eta plazak zein aukerak lortzeko erraztasunak eskaintzea, dohainik; sortzaile zein ikuskizunen inguruko berriztapenak, aldaketak, informazioa… txertatzea erraztuko duen formatu dinamikoa sortzea; zuen bezero izango diren Elkarteen beharrei modu zuzenago eta argiago batean erantzutea; eta, azkenik, Euskal Herriko txoko guztietara modu arinean helduko den sortzaile plataforma sortzea”.

Hartara, sortzaileek izena eman dezakete webgunean, haien “lan aukerak zabaltzeko” asmoz. “Denon artean katalogo aberats eta oparoa osatuko dugu, Euskal Herriko plaza eta eszenatoki ezberdinetan lan egiteko aukera emango dizuen plataforma zabala sortuz”.