Señora Sariketaren bigarren edizioa maiatzean eta ekainean egingo da

2022-03-16

Emakume bertsolarien, antolatzaile feministen eta emakume bertsozaleen arteko sarea indartzeko asmoarekin eratuta Señora Sariketaren @senorasariketa bi kanporaketak maiatzaren 14an eta 21ean egingo dira, eta finala, berriz, ekainaren 4an.

Iaz burutu zen lehenengo edizioa, eta Amaia Agirrek jantzi zuen “pamela”; beraz, aurtengoa bigarren edizioa izango da.

Maider Arregi bertsolari oñatiarra da sariketaren antolatzaileetako bat, eta hauxe azaldu zuen iaz Bertsoa.eus webgunean lehenengo edizioaren harira: “txantxa moduan sortu zen (Señora izena). (…) espontaneoki bururatu zitzaigun, beste sariketa batzuen testuinguruan. Gero, ordea, ikusi genuen aldarrikatu daitekeen kontzeptua dela. Definitzeko zaila da: zer da señora bat? baina, aldi berean, denok ulertzen dugu zer den eta zerikusia dauka emakume indartsua eta ahaldundua izatearekin. Hori aldarrikatu nahi dugu”.