“Pozik” eta “gustura” aritu ziren lehenengo lau familiak “Hostopostoak” jolasean

2021-05-31

Iragan larunbatean abiatu genuen Euskararen Etxeko Hostopostoak familia programa. Mahai-jolas erraldoi baten itxura du jolasak, eta bertan aritu ziren lehenengo familiak “oso gustura” eta “oso pozik” jolastu ziren, batez ere, haurrak. Guztira, lau familia, 12 lagun, aritu ziren jolasean.

Hostopostoak hileko azken larunbatean eskaintzen dugun familia programa da, eta Euskararen Interpretazio Zentroan egiten da.

Ekimenaren helburua euskaraz eta familian jolastea da, pandemiak eragindako krisialditik indartuta atera nahi gaitezen, euskara indarberrituz, familia-loturak sendotuz eta jolas kooperatiboa sustatuz.

Hostopostoak 4 eta 10 urte bitarteko umeak dituzten familia zein taldeentzako ekimena da, eta hileko azken larunbatean egingo da, goizez (hiru txanda izango dira). Erreserba egiteko: Tel.: 94 402 80 81.

Halaber, gogoratu Euskal Alien Nazioa ihes-gela ere eskaintzen jarraitzen dugula, ostegunetik larunbatera.