“Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz” jardunaldia egingo dute Donostian

2020-12-15

UEUren arabera, iazko jardunaldian, laugarrenean, arnasguneen prebentzioaren ikuspegia gainditu eta lurgune euskaldunen eta arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak proposatu zituzten.

Bada, oinarri horiek garatu eta zehaztuko dituzte Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz jardunaldian, zeina 2021eko urtarrilaren 23an egingo den, Donostiako San Telmon, 9:00etatik 14:30era.

Antolatzaileen arabera, “Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldien aurreko edizioek zerbait agerian jarri badute, hori izan da, hizkuntza-politika egin egiten dela politika publiko guztietan, eta politika publiko guztiek badutela eraginik euskararen normalizazio prozesuan; kasu askotan, eragin kaltegarriak, gainera. Eragin hori bereziki nabaria da arnasgune euskaldunetan (euskararen lurgune geografikoak), euskaraz normaltasunez eta naturaltasunez bizi diren herriak eta auzoak izanik, politika publikoak ezartzen baitira horietan, kontuan izan gabe euskararen erabileran duten inpaktua eta, oro har, ezta hizkuntza kudeaketa ere”.

Informazio gehiago: https://labur.eus/etygR