Liburuaren Egunaren harira, Foru Liburutegiak bisita gidatu berezia eskainiko du “Liburuaren Arbola” erakusketara

2023-04-17

Erakusketaren apailatzaileak, Gorka Arresek, bisita gidatua eskainiko du apirilaren 21ean, 12:00etan. Nahi duena joan daiteke; hala ere, plaza-kopurua mugatua denez, gomendatzen da bisita gidatu honetarako plaza erreserbatzea; horretarako, aurretiazko izen-ematea egin beharko da Euskararen Etxean, bai telefonoz (944028081), bai mezu elektronikoz (info@euskararenetxea.eus).  

Bizkaiko Foru Aldundiko Foru Liburutegian eskainiko da Euskararen Etxeak antolatutako erakusketa, apirilaren 29ra arte. 

Liburuaren Nazioarteko egunaren harira, Bizkaiko Foru Liburutegiak bisita gidatu berezia eskainiko du “Liburuaren Arbola” erakusketara. Gorka Arrese da erakusketaren komisarioa, eta hark egingo du bisita gidatua, apirilaren 21ean, 12:00etan. 

Euskararen Etxeak antolatu du erakusketa, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta, horren bidez, azaldu nahi da zertan datzan liburua, bai eta haren garrantzia nabarmendu ere. Liburuaren zati nagusiak erakutsiko dira erakusketan: letraren anatomia, testuaren  fisiologia eta liburuaren biologia. Hala, “Liburuaren arbola” erakusketan liburuan esku hartzen duten eragileak aztertuko dira: idazlea, argitaratzailea, irakurlea, eta inprimategia; horrez gain, aldi berean, lagungarria izango da herritarrak euskal literaturara eta argitaletxeen ekoizpenera hurbiltzeko, bereziki Bizkaikora. 

Erakusketa Bizkaiko zazpi udalerritan egon da. Portugaleten hasi zen; ondoren, Ondarroan, Getxon, Amorebieta-Etxanon, Zallan eta Gernikan eskaini zen, eta azkenik Foru Liburutegira helduko da, non apirilaren 29ra arte bisitatu ahalko baita.

 Bisita gidatu honetarako erreserbak egiteko, deitu 94 402 80 81 telefono-zenbakira (astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 20:00etara) edo bidali mezu bat info@euskararenetxea.eus helbidera.


Liburuaren Arbola

Gizakiak sortu duen gauza unibertsaletako bat da liburua. Beste batzuk dira, adibidez: gurpila, aulkia, artaziak, anestesia, elektrika. Historiako lehen hedabide masiboa da liburua: aurreneko objektu industriala. Liburua inprimategian saldoka egiteari esker mundua bizkor aldatzen hasi zen XV. mendetik aurrera. Liburuetan esperientziak eta jakintzak elkarrekin trukatuz eta itzuliz, era askotako aurrerapenak egin ziren denbora laburrean.

Liburuaren arbola erakusketak liburuaren izaera azalduko du: hizkia, idazketa, diseinua, inprimaketa. Bisitariak ezagutuko du hizkiek nolako anatomia daukaten, testuek nolako formak hartzen dituzten, liburuak zein parte dauzkan eta nola izendatzen ditugun euskaraz. Zuhaitz baten modukoa da liburua. Arnasa ematen du: babesa eta itzala, edertasunaren plazera eta argiaren sintesia. Liburuak zure jakin mina, pentsamenduak eta hizkuntza oxigenatzen ditu. Liburua zabaldutakoan, besarkatu egiten zaitu: zure irudimena eta inteligentzia kilikatzen ditu. Abentura bat da irakurtzea, desiraren eta askatasunaren lurralde zirraragarrietan barrena.

Gorka Arrese

Gorka Arrese (1965, Zarautz) kazetaria eta argitaratzailea da. Argia, Egin, Euskaldunon Egunkaria eta Berria agerkarietan lan egin zuen. Hogeita hamar urtez Susa literatura argitaletxeko editorea izan zen, 1988tik 2018ra arte. Euskal idazle askoren lehenbiziko liburuak argitaratu ditu, hala nola Harkaitz Cano, Eider Rodriguez, Kirmen Uribe, Jon Alonso, Miren Agur Meabe, Lutxo Egia, Igor Estankona, Jon Benito, Leire Bilbao, Iñigo Astiz, Jule Goikoetxea, Beñat Sarasola eta abar. Literaturaren historiari buruzko perspektiba osoago bat izaten lagundu dio Armiarma.eus ataria osatzen jarduketak.