Portugaleten izan ondoren, Euskararen Etxeak ondutako Liburuaren Arbola erakusketa ibiltaria Ondarroan izango da ikusgai urriaren 20tik azaroaren 10era bitarte. Erakusketa Ondarroako Udalak antolatutako Literatur Amuak egitarauaren baitan dago.
“Liburuaren arbola erakusketak liburuaren izaera azaltzen du: hizkia, idazketa, diseinua, inprimaketa. Bisitariak ezagutuko du hizkiek nolako anatomia daukaten, testuek nolako formak hartzen dituzten, liburuak zein parte dauzkan eta nola izendatzen ditugun euskaraz”.
Erakusketa Gorka Arrese editoreak apailatu du, eta Ondarroan ere erakusketa osatuko duen hitzaldia emango du.
Literatur Amuak egitarauari dagokionez, askotariko ekitaldiak bilduko ditu, besteak beste, Leire Bilbaok Etxeko Urak poema liburuan oinarritutako saioa egingo du; Eider Rodriguezek Eraikuntzako materiala eleberria izango du hizpide eta Maite Sarasolak eta Enare Muniategik Bertso Saio Feminista egingo dute.
Hemen txertatutako irudian egitarauaren xehetasun guztiak jasotzen dira.